Realak zigilua jarri nahi du

Txuri-urdinek Moldavian jokatuko dute gaur Europa ligako hirugarren jardunaldian, Xeriffen aurka. Garaipena dute helburu, multzoko lidergoa indartzeko. Imanolek dio «lehia gogorra» izango dela

Brais Mendez Realeko jokalaria, Omoniako jokalariez inguratuta, Europa ligako aurreko partidan. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Realak beste herrialde bat ezagutuko du gaur. Klub txuri-urdinak estreinako partida ofiziala jokatuko du Moldavian, hango hiriburuan ariko baitira Xeriff Tiraspolen aurka, Chisinaun. Izatez, Transnistriako taldea da Xeriff, baina UEFAk debekatua dio bere lurraldean jokatzea, Ukrainako gerra dela eta —Transnistriaren mugakidea da—. Orduz geroztik, Chisinaun jokatzen ditu Europa ligako partidak.

Donostiarrek beste zigilu bat gehituko diete beren pasaporteei. Haatik, ez da zigilatu nahi duten gauza bakarra izango. Europa ligako hurrengo faserako sailkatu nahi dute, birtualki bada ere. Lehen bi partidak irabazi eta gero,eta Xeriff menderatuta, bederatzi puntu izango lituzkete sailkapenean; bigarren itzulian hondamendi bat jasan beharko lukete lehiaketatik kanpo geratzeko.

Xeriffi irabazi behar dio lidergoa indartzeko. Tiraspolgo taldea izugarri aldatu da iazko Txapeldunen Ligan Real Madrilen etxean irabazi zuenetik (1-2): ohiko hamaikakotik jokalari bakarrak segitzen du taldean. Juri Vernidub orduko entrenatzaileak ere utzi egin zuen kargua, Ukrainako gerrara joateko —herrialde hartakoa da sortzez—.

Stjepan Tomas kroaziarrak hartu zuen haren lekua, eta neurria hartu dio taldeari. Europa ligan mendean hartu zuen Omonia Nikosia, eta Moldaviako ligan lidergoan dago. Sei garaipen eta hiru berdinketa lortu ditu bederatzi jardunaldietan.

Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak Chisinaun egin zuen partida atariko prentsa agerraldia, eta, han azaldu zuenez, Reala «prest» dago neurketa jokatzeko. Dena den, teknikari oriotarrak uste du Xeriff «kontuan hartu beharrekotaldea» dela: «Partida bihurria eta zaila espero dut, baina, gure lana ondo egiten badugu, gertu izango dugu garaipena. Xeriffek jokalari ausartak ditu; lanak emango dizkigu». Jon Pachecok, berriz, esan zuen helburua «irabaztea» dela, eta «oso garrantzitsua» litzatekeela hirugarrenez jarraian irabaztea.

Zubimendi, deialdian

Imanolek 23 jokalariko deialdia osatu du. Martin Zubimendi jokatzeko moduan dago, eta teknikariak zerrendan sartu du. Jokalari donostiarrak eskuin belauneko arazoak izan ditu azken egunetan, eta litekeena da hasieratik ez aritzea.

Halaber, Pablo Marinek eta Aritz Aranbarrik ere bidaiatu dute Moldaviara. Erdilari espainiarrak eta atzelari azkoitiarrak ez dute talde nagusiarekin bidaiatzeko ohitutarik. Urko Gonzalez de Zarate eta Unai Marrero ere deialdian sartu ditu Imanolek.

Aldiz, Realak zortzi jokalari faltako ditu, lesioak tarteko. Andoni Gorosabel izan da erizaindegira batu den azken jokalaria. Atzelariak eskuineko orkatila bihurritu zuen joan zen igandean, Gironaren aurkako partidan, eta ez dago jokatzeko moduan.

Realak gisa horretara ekingo dio gaur iluntzeko partida- ri. Txuri-urdinek hamabi zaleren laguntza izango dute. Aspaldi- ko gutxien izango dira, baina pribilegiatuak: Realak lehen al- diz jokatuko du Moldavian, eta haiek horren lekuko izangodira.

XERIFF TIRASPOL- REALA
Xeriff Tiraspol. Koval; Kpozo, Radeljic, Ouattara, Diop; Badolo, Kiki, Kyabou, Zohouri; Akanbi eta Atiemwen.
Reala. Remiro; Sola, Aritz Elustondo, Pacheco, Diego Rico; Gebara, Merino, Illarramendi, Silva; Kubo eta Sorloth.
Epailea. Harald Lechner (Austria).
Lekua. Zimbru (10.500 ikusle).
Ordua. 18:45 (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.