Partida distiratsu bat

Realak Manchester United hartuko du Europa ligako multzoko azken partidan. Dena alde du lehen postuan amaitzeko. Sarrera guztiak agortuta daude

Realeko jokalariak, atzo, Zubietan, Manchesterren aurkako partida prestatzeko azken entrenamenduan. JAVIER. ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Realak arlo guztietan egin duen jauziaren paradigma da gaur iluntzeko partida. Txuri-urdinek Manchester United ahaltsua hartuko dute Anoetan, Europa ligako multzoen fasea osatuko duen neurketan. Bada, Donostiako taldeak lidergoan abiatuko du jardunaldia, hurrengo faserako sailkatuta, eta orain arteko bost norgehiagokak irabazita.

Gol bakarrarengatik galtzeak ere balio dio lehen postuan amaitzeko, eta hori du xedea. Ez alferrik, lortuz gero final-hamaseirenak saihestuko baititu. Txapeldunen Ligatik kanpo geratu diren taldeen aurka jokatzen den kanporaketa da.

Realak Manchesterren gainetik ekingo dio azken lehiari, eta dena du aldeko zelaiko arloari dagokionez. Baita harmailetakoari erreparatuta ere. Sarrera guztiak agortu egin dira, eta zaleek bete egingo dituzte Anoetako 39.500 eserlekuak. Haietatik 2.000 eskas Ingalaterrakoak izango dira—beste 1.000 inguruk sarrerarik gabe bidaiatu dute—. Estadioa eraberritu zutenetik neurketarik distiratsuena izango da. Orain urte gutxi sinesgaitza zatekeen horrelako egoera batengan pentsatzea.

Klubaren garai onaren isla da partida, baina, halere, etxeko lanak egin arte bakerik ez da Zubietan. Aurkaria garai onean dago, ez baitu galdu azken zazpi partidetan. Halaber, taldea osatzen duen jokalari saldoak agerian uzten du kontrarioa zer talde den. Dena den, Realak ez du kikiltzeko asmorik, Imanol Alguacil entrenatzailearen arabera: «Izugarrizko ilusioa dugu. Partida handia da. Azken urteetan asko ari dira izaten, politak. Estadioa gainezka izango da, eta zaleek, jokalariek eta nik ilusio handia dugu. Errespetua ere bai, [Manchester] Txapeldunen Ligako taldea baita. Baina han irabazi bagenuen, zergatik ez hemen?».

Izan ere, Realak irabazi zuen Old Traffordeko joanekoa, baina ordutik asko aldatu dira deabru gorriak. Eskas antzean hasitako sasoiari neurria hartu diote jada. Realak, berriz, ohiko zazpi jokalari falta ditu, lesio asko izan baititu azkenaldian.

Brais Mendezek atzo adierazi zuenez, baina, «gailentzea» izango da txuri-urdinen egitekoa: «Nor baino nor gehiago aritu ginen haien estadioan, eta gauza bera egingo dugu gurean. Parean dugun edozeinen aurrean lehiatu gaitezke. Nahiz eta galtzeak ere balio dezakeen, irabaztera aterako gara».

Antzera mintzatu da teknikaria ere. Manchesterren joko proposamenak baldintzatuko du neurketa txuri-urdinen entrenatzailearen arabera: «Ikusiko dugu estutzera etorriko diren ala ez, zer erabakitzen duten. Nik argi dut: guk bi gol sartu beharko ditugu irabazteko, gaitasun handia dutelako. Akatsik txikiena, baloia galtzea, haien kontraerasoa izango da. Ausart jokatu behar dugu, baina huts bat garesti ordainduko dela jakinda».

Harrobiaren balioa, agerian

Azken zortzi urteetan, Realak eta Manchesterrek bost aldiz jokatu dute elkarren aurka, eta gaurkoa izango da seigarren aldia. Gainontzean, bi taldeek oso bestelako ibilbidea izan dute historian. Halere, biek ala biek balio handia eman diote harrobiari.

Realaren hemerotekan espezializatutako Atotxa.org web orriaren arabera, Realak 2.758 partida segidan jarri du gutxienez harrobiko jokalari bat hamaikakoan, 1957az geroztik etenik gabe. Manchesterrek, berriz, 85 urte daramatza harrobiko futbolariak deialdian jartzen.

Gaurkoan ere hala izango da; izan ere, Imanolek 23 laguneko zerrenda prestatu du, eta Zubietan ondutakoak dira jokalari horietatik hamasei. Hain justu, harrobikoa da deialdiko berritasun nagusia: Alex Sola osatu da, eta jokatzeko moduan dago. Realak jada egina du lanik garrantzitsuena, baina hori biribilduta amaitu nahi du.

REALA-MANCHESTER UNITED
Reala. Remiro; Gorosabel, Pacheco, Le Normand, Rico; Zubimendi, Gebara, Merino; Brais, Marin, eta Sorloth.
Manchester United. De Gea; Dalot, Martinez, Lindelof, Shaw;Casemiro, Eriksen, Bruno Fernandes; C. Ronaldo, Rashford eta Elanga.
Epailea. Georgi Kabakov (Bulgaria).
Lekua. Anoeta (39.500 ikusle).
Ordua. 18:45 (Movistar).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.