Baretasun neurtu batean

Maduro oposizioarekin elkartzeko prest agertu da, baina boterean jarraituko du, «estatu-kolpe saiakera garaitzeko». Guaidok uko egin die «elkarrizketa faltsuei»

Emakume bat, Caracasen. Asteazkeneko manifestazioen ostean baretu egin da giroa hiriburuan. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Caracasko kaleak lasai daude, baretasun neurtu batean, iragan asteazkeneko gertakariek eragin zuten zurrunbiloaren ostean gerta daitekeenaren zelatan. Venezuelako historian gogoratuko diren beste egun horietako bat izango da urtarrilaren 23a, baina ikusteko dago zein izango diren egun horren ondorio politikoak eta zenbateraino ekarriko duen etapa berri bat. Oraingoz, denak galderak dira. «Auzoa lasai dago. Caracasko eremu honetan istiluak daude egunero, baina gaua lasai joan da, ez da egon lapiko jotzerik egon. Hurrengo orduetan gertatuko denaren zain gaude». Mikel Morenoren hitzak dira. Pakito Arriaran fundazioko kidea da, eta hitz bitan azaltzen du asteazkenekoa: «Estatu-kolpe saiakera bat izan da; oposizioak hogei urte daramatza horretan, baina kontua da oraingoan nazioartearen aitorpena izan duela; probokazio hutsa da».

Ofizialismoak eta oposizioak, norbere aldetik eta norbere gotorlekuan, euren tesiak aletu zituzten. Nicolas Madurok, Miraflores jauregian emandako prentsaurrekoan, krisi politikotik ateratzeko bidea zabaldu zuen: «Elkarrizketarako prest nago, bakean sinesten dudalako. Hitzeko gizona naiz, eta bidea elkarrizketa da, hitza, diplomazia». Presidentea, beraz, oposizioarekin elkartzeko prest agertu zen, «mutikotxo horrekin», nahiz eta, haren hitzetan, «gringoen agente» bat den, eta «nazioarteko presioak adoretuta» eman duen urratsean «huts» egin duen, «oposizioaren kalterako». Juan Guaidoren maniobraz mintzatu zen ere: «Washingtonetik idatzitako gidoia da, eta erabat garaituko dugu estatu kolpea».

Guaido, ordu berean, hiriburuko ekialdeko plaza batean ari zen hizketan. Bere burua behin-behineko presidente izendatu duen oposizioko buruak handik erantzun zion Madurori: «Ez dut onartuko elkarrizketa faltsurik. Munduak eta erregimenak oso argi izan behar du errepresioak emaitzarik ez duenean elkarrizketa faltsua dela».

Bolivar plazan jarraitzaileen aurrean egindako agerraldian, oposizioaren ikur berriak asteazkeneko gertakizunak izan zituen gogoan: «Venezuela esnatu egin zen egun horretan, amesteko esnatu zen, bere ametsa betetzeko». Abian den borrokarekin ez duela amore emango ere adierazi zuen: «Mirafloresen uste dute mugimendu honek adorea galduko duela, baina ez da horrela izango». Guaidok bere burua definitu zuen: «Askatzaile bat ez, zerbitzari publikoa naiz».

Giza laguntza

AEBek iragarritako giza laguntzaz ere aritu zen, hari ongietorria emanez. Etxe Zuriak hogei milioi dolar bideratuko ditu; baina, ofizialismoaren arabera, esku hartze militarrerako zirrikitua izan daiteke. Madurok, alde horretatik, «presidente eskalea» izatea leporatu zion Guaidori: «Estatu Batuetatik ezin dugu ezer onik espero. Beraiek ez dute laguntzen, beraiek dira gure aberastasunak kentzen dizkigutenak». Bezperan esan zuen presidenteak kanpotik «gobernu paralelo bat» ezartzen saitzen ari zirela, «pailazoen» gobernu bat.

Washingtonen eta Caracasen arteko harreman diplomatikoak bero daude. Berez, gaur bukatzen da presidenteak ezarritako 72 orduko epea diplomazialari estatubatuarrak herrialdea uzteko. AEBek premiazkoa ez den pertsonala ebakuatu zuen atzo. Madurok, berriz, AEBetan dauden diplomazialari venezuelarrei herrialdea uzteko eskatu zien, eta enbaxadak eta kontsulatuak ixteko agindua eman.

Krisi politikoak, dena den, mugak zeharkatu ditu, eta, alde batera edo bestera lerratu diren herrialdeetatik haratago, azken orduetan, nazioarteko erakundeek elkarrizketaren bidea nabarmendu dute. Europako Batasuna bozak lehenbailehen egitearen alde agertu da. Madurok, epe jakin batean, hori egin ezean, oposizioko ordezkariari aitortuko liokete bozak deitzeko eskumena.

Maduro bezperatik azaldu zen elkarrizketarako prest, eta zehaztu gobernatzen jarraituko duela: «2025a arte egongo naiz agintean, urte honetako eta datozen urteetako egun guztietan, gehiengoaren alde gobernatuko dut». Militarren eta epaileen babes irmoa jaso ostean, herritarrak deitu zituen «bakearen defendatzaile aktibo» izatera.

Bestalde, prezioak merkatzeko deia egin du presidenteak: «Prezioek jaitsi egin behar dute, legea ezarri behar da, adostutako prezioak errespetatu behar dira, prezio orekatuak eta justuak ezarri behar ditugu. Hori lortu behar dugu gerra ekonomikoa garaitzeko».

Gerra ekonomikoa

AEBek 2003an ezarri zuten blokeoak azaltzen du neurri handi batean egungo krisi ekonomikoa. Venezuelan munduko petrolio erreserbarik handienak daude: 297.000 milioi upel. AEBek, garai batean, ekoizpenaren %20 inportatzen zuten, 500.000 upel egunean, baina gero findutako parte bat esportatzen zion Venezuelari. Texasera lauzpabost egunetan iristen da petrolioa Venezuelatik. Saudi Arabia, Qatar eta Emirerri Arabiar Batuetako petrolioa arina da, baina egun asko behar dira garraiatzeko. Venezuelakoak, berriz, fintze prozesu bat behar du, eta hango industriak ez du horretarako baliabiderik. Elkarren dependentzia horrek eragin du gaurko egoera. Azken urteetan ekoizpena murriztu egin da, eta prezioak ere merkatu dira; garai batean, 130 dolarrean zegoen upela; baina, gaur egun, 60 dolarrean dago, eta 30 dolarrean ere egon da.

Horrek mugatu egin du gobernua, eta chavismoaren ikur izan diren programa sozialei kalte egin die; osasunera, hezkuntzara, etxebizitza eta, oro har, gizarte ongizatera bideratutako dirua murriztu du. Aurrekontuaren %20 zen programa horietarako. Pobrezia murriztea eta analfabetismoa desagertzea ekarri zuen horrek; baina azken urteotan, monetaren debaluazioarekin eta inflazioarekin, bestelakoa da egoera. NDF Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, iaz %1.000.000 izan zen inflazioa. Oligarkiaren eskuetan dauden enpresen espekulazioak ere sustatu du gerra ekonomikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.