Eskuin muturrak aliantza bat osatuko du Europako bozen ostean

Salvinik jakinarazi du Herrien eta Nazioen Europako Aliantza taldea sortzeko asmoa dutela Europako Parlamentuan. Helburutzat dute EB eta europarlamentua erreformatzea, «horiek suntsitu gabe»

Kotro, Meuthen, Salvini eta Vistisen, atzoko prentsaurrekoan. DANIEL DAL ZENNARO / EFE.
ander perez zala
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Europako eskuin muturraren aurpegi ezagun guztiak ez ziren elkartu, eta, horrek irudiari indarra kendu zion arren, mezua eta asmoa ofiziala da dagoeneko: eskuin muturreko alderdiek aliantza bat osatuko dute maiatzaren 23aren eta 26aren artean egitekoak diren Europako Parlamenturako hauteskundeen ostean. Matteo Salvini Italiako lehen ministrorde eta Lega alderdiko presidenteak eman zuen atzo asmo horren berri, Alemaniarentzako Alternatibaren (AFD) buruzagi Jorg Meuthen, Danimarkako Alderdi Popularraren eurodiputatu Anders Vistisen eta Benetako Finlandiarrak alderdiaren hautagai Olli Kotro alboan zituela. Eskuineko euroeszeptikoen helburua ez da izango Europako Batasuna desegitea, «barrutik aldatzea» baizik, eta horri begira elkartuko dira Herrien eta Nazioen Europako Aliantza (HNEA) talde berrian, Meuthenek jakinarazi zuenez —bozen ostean osatzen dira taldeak—: «Europako Batasuna eta Europako Parlamentua erreformatu nahi ditugu, horiek suntsitu gabe. Muturreko aldaketa bat nahi dugu».

Eskuin muturraren kanpaina hasteko ekitaldia Milanen (Italia) egin zuten atzo, Salvinik gonbidatuta, baina ez ziren egon ez Frantziako Marine Le Pen (BN Batasun Nazionala), ezta Poloniako Jaroslaw Kaczinski ere (PiS Legea eta Justizia). Halere, bi horien lankidetza segurtatua du Italiako lehen ministrordeak; «albistea da gure familia handitzen ari garela, amets europar berri baterako ari garela lanean. Helburua da lehenak izatea», azaldu zuen Salvinik, eta jakinarazi «ekitaldi handi bat» antolatu dutela hilaren 18rako.

Meuthenek gaineratu zuen «gonbidapen ireki bat» helarazi dietela Europako alderdi euroeszeptikoei; izan ere, egun, indar horiek hiru talde parlamentario euroeszeptikotan daude sakabanatuta: Europako Kontserbadore eta Erreformistetan (EKE, 76 diputatu), Askatasunaren eta Nazioen Europan (ANE, 41) eta Askatasunaren eta Demokrazia Zuzenaren Europan (ADZE, 37). Horregatik, horiek guztiak HNEA taldean elkartu nahi dituzte, fronte bateratu bat sortzeko, eta parlamentu nazionalei «botere gehiago emateko»; egun talde horietako alderdi guztiak aliantza berean elkartuko balira, 154 diputatu izango lituzkete, eta hirugarren indarra lirateke.

Datorren hilabeteko bozetan, alderdi bakoitzak bere zerrenda aurkeztuko du, eta soilik bere herrialdean aurkeztuko da; emaitzak jakin ostean sortuko dituzte talde parlamentarioak, eta, beraz, hor sor liteke eskuin muturraren aliantza. Poll of polls inkesten batezbestekoa egiteaz arduratzen den webgunearen arabera, datorren hilabetean 63 eurodiputatu eskuratuko lituzke EKEk (-13), 59 ANEk (+18), eta 32 ADZEk (-5). Hiru talde horiek elkartuta, 154 izango lituzkete, eta bigarren indar bilakatuko lirateke; halere, kontuan hartu behar da eskuin muturreko alderdiak ez diren indarrak ere daudela talde horietan; Italiako 5 Izar Mugimendua, esaterako, ADZEn.

Desberdintasunak, erronka

Asmoak asmo, ikusteko dago eskuin muturreko alderdiak euren arteko desberdintasunak kudeatzeko gai izango diren; hain justu, zailtasun hori iradoki zuen atzoko ekitaldian Le Pen eta Kaczinski ez egoteak. Salvini BNren presidentearekin batzartu zen iragan ostiralean —bien arteko harremana ona da—, eta gauza bera egin zuen PiSenarekin urtarrilean, baina azken horren kasuan ez du erabateko konpromisorik lortu, Errusiarekiko ikuspuntu desberdinak dituztelako.

Eskuin muturreko alderdiek kontuan hartuko duten beste aldagai bat izango da Hungariako Fidesz alderdia. Viktor Orban lehen ministroaren alderdia Europako Alderdi Popularraren (EAP) taldean dago, baina EAPk indar politiko hori zigortzea erabaki zuten martxoan, Hungarian sustatu dituen politikengatik. Horregatik, Orbanek bozen ostean erabakiko du EAPn jarraitu ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.