Albistea entzun

Geroz eta estuago

Urte zaila izan dute tutugintzaren sektoreko euskal enpresek: Tubos Reunidosek galerak izan ditu laugarren urtez jarraian, eta beste 41 milioi zabaldu zaio zuloa
Amurrioko Tubos Reunidos enpresako langile bat, tutuak neurtzen.
Amurrioko Tubos Reunidos enpresako langile bat, tutuak neurtzen. TUBOS REUNIDOS Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2020ko otsailak 29

Estu dago tutugintzaren sektorea Euskal Herrian. Eta arnasa hartzeko egoera zailenean dago Amurrioko (Araba) Tubos Reunidos enpresa. Laugarren urtez jarraian, galerak izan ditu —beste %20 gutxiago, 41 milioi euro— eta urteetan pilatutako 350 milioiko zorrari buelta ezin emanda dabil. Baliteke Euskal Herriko industria handien artean okerren dagoena izatea, eta langileek era nabari dituzte ondorioak —iaztik ehunka behargin ari dira lanaldi murriztuekin—. Hobeto dago sektoreko beste lehiakidea: Tubacex, Bizkaikoa. Baina tentuz begiratzen dio egoerari. Zenbaki positiboekin amaitu du urtea, bigarrenez jarraian —11,1 milioi irabazi ditu—, baina 2018an baino %34,9 gutxiago dira.

Bi taldeek atzo jakinarazi zituzten iazko emaitzak. 2020ra begira, enpresok onartu dute merkatua «ziurgabetasun eta hegazkortasun» egoeran dagoela, ekonomiaren dezelerazioagatik eta AEBetako muga zergen politikengatik: han dituzte bezero nagusiak bi enpresok. Koronabirusak merkatuetan izan dezakeen eragina ere aipatu dute komunikabideetara bidalitako oharretan.

Oro har Europako altzairugintzaren sektoreak duen krisiaren beste protagonistetako bat dira tutugileak. Euskal Herrikoen kasuan, haien produkzioa bideratutako dago gas eta petrolio instalazioetara. Azken urteotako erregaien prezioen jaitsieraren ondorioak nabaritzen ari dira: putzu gutxiago zulatzen ari dira, eta hodi gutxiago behar dira; AEBetan petrolio eta gas zulaketa aktiboko plataformen kopurua %25 gutxitu da urtebetean.

Egoera zaila dela aitortu arren, itxaropentsu azaldu dira bi enpresetako agintariak. 2020rako negozio zorroak %30-45 artean handitu dituztela azpimarratu dute. «Sektorearen krisi okerrena atzean utzi dugula esan dezakegu, eta hazkunde aldi garrantzitsu baten atarian gaudela», adierazi du Jesus Esmorisek, Tubacexeko kontseilari ordezkariak. AEBetako merkatuari begira jarraituko du enpresa horrek. Eta «epe laburreko garapenean» eragina izango duten faktoreen artean jarri du herrialde horretan egindako inbertsio estrategikoak; bereziki, Oklahomako Durant hirian eraiki duen lantegi berria.

Tubos Reunidosek, berriz, azken bi urteetan % 14 murriztu du AEBetako merkatuarekiko mendekotasuna —egun hara esportatzen du bere produkzioaren %25—, eta, konpainiak azaldu duenez, beste herrialde batzuetan «hazten jarraitzeko» asmoa du, bereziki Ekialde Hurbileko eta Afrika iparraldeko merkatuetan. Nabarmendu du 2020ra begira herrialde horietan duen negozio zorroa handitu duela, eta epe laburrean «garrantzi handiko akordioak» ixteko aukerak izango dituela.

Dena den, Tubos Reunidosek geroz eta zailagoa izango du lepoan duen sokaren korapiloa askatzea. Laugarren urtez jarraian pilatu ditu galerak: 41, 1 milioi, eta aurreko urteetatik 350 milioi euroko zorra du ordaintzeke.

Iazko negozio zifraren zenbateko garbia 284,4 milioi euro izan zen —%17ko jaitsiera—. Adierazgarria da konpainiaren Ebitda —interes, zerga, balio galeren eta amortizazioen aurreko irabazia—: negatiboa izan zen, 11,4 milioi, 2018ko 18,6 milioi positiboen aldean; hau da, %161eko jaitsiera izan du. Taldearen arabera, gehien zigortu dituen bi faktoreak hauek izan dira: AEBetako zerga mugengatik ordaindutako 18 milioiak eta hango inbentarioen balorazio berriak eragindako 10 milioiko galera.

2020an, baina, arnasa hartzea espero du taldeak. Merkatua dibertsifikatzearekin batera, uste du horretan lagun diezaiokeela iazko udan bere zorra berriz finantzatu izanak —epean ordaintzeko arazoak zituen—. 112 milioi pagatu behar zituen 2018-2020 aldirako, baina bankuek 5,5 milioira murriztu diote kopuru hori. Horiek hala, taldeak bermatua izango du 92 milioiko lerro zirkulatzailea inbertsioak egiteko. Horrekin batera, enpresak gogoratu du auditoreak bere txostenetik ezabatu duela konpainiaren etorkizunari buruz egin zuen aipamen ezkorra.

Trantsizio urtea Tubacexen

Tubacexentzat, berriz, «trantsizio urtea» izan da 2019a. Irabaziekin amaitu du urtea: 11,1 milioi. Aurreko urtean baino %36 gutxiago, halere. Salmentek ere %1,4 egin dute behera, 613,5 milioi euroan geratu arte, baina 2019an eskaerak %30 handitu ziren 2018koekin alderatuta. 253,6 milioiko zorra du, baina, horri aurre egiteko, 150 milioi ditu kutxan, eta datozen lau-bost urteetako ordainketei aurre egitea ahalbidetuko dio horrek, taldeak azpimarratu duenez.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Bizkaiko ostalaritzakoa da berritu gabe dagoen itunetako bat. ©Oskar Matxin Edesa / Foku

Soldatak %4 ari dira igotzen batez beste aurten EAEn

Iker Aranburu

Urtea hasi denetik 283 hitzarmen berritu direnez, bikoiztu egin da itun berritua dutenen kopurua.

Eusko Jaurlaritzako langile publikoak Lakuako eraikinean sartzen. ©Raul Bogajo / Foku

Langile publikoen soldatak %0,5eraino igoko dira urrian

Iker Aranburu

Urte amaieran beste emendatze bat izan dezakete, baldin eta Espainiako BPGak %2,1eko hazkundea gainditzen badu.

Bruno Le Maire Frantziako Finantza ministroa eta Nadia Calviño Espainiako Ekonomia ministroa, eurotaldearen bilera baten hasieran, irailean, Santiagon (Galizia). ©XOAN REY / EFE

Kaxoitik atera dira guraizeak

Iker Aranburu

Frantziako eta Espainiako gobernuek kendu egingo dituzte inflazioari aurre egiteko indarrean jarritako laguntza gehienak, defizitaren aurkako borrokari berriro heltzeko

Gasolindegi bateko langile bat, erregaien prezioak aldatzen ©Sergio Orduñez( Efe)

Inflazioak gora egin du irailean, energiak garestitu izanaren ondorioz

Jokin Sagarzazu

Espainian bederatzi hamarren igo da, %3,5eraino. Hego Euskal Herriko datua hilaren erdialdean emango du INEk.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jokin Sagarzazu

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...