Arrauna

Faborito asko, bandera bakarra

Euskadiko Txapelketa jokatuko da gaur, Lekeition, eta gizonezkoetan hautagai asko dago. Emakumezkoetan, Orio eta Donostiarra dira faborito. Arraun Lagunak lehiara itzuliko da

Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Arraunzaleentzat zirraragarriak izaten ari dira uztaileko estropadak, eta gaur emango zaie akabera. Arraun denboraldiaren hasieratik gorriz markatua zuten hilaren 31 talde askok; guztiek ez bada, gehienek. Gaur jokatuko baita Euskadiko Txapelketa, Lekeition (12:00, ETB1). Jokatu diren ligetako estropadei eta herrialdeetako txapelketei buruz hitz egitean, berdintasun hitza behin eta berriz errepikatu da hainbat taldetako arraunlarien eta entrenatzaileen artean. Beraz, ziurra da aurretik ikusi dena gaur ere Lekeitioko uretan islatuko dela.

Gauza bera aurreikusi du Iñigo Sagarzazu (Hondarribia, Gipuzkoa, 1992) Hondarribia taldeko arraunlariak ere. «Talde oso indartsuak ikusten ditut». Ohorezko txandan izango dituzten traineruak alderatu ditu: «Zierbena badirudi gure maila berean dagoela, baina Bizkaiko Txapelketan, adibidez, ikusi zen Santurtzirekin lehia oso estua izan zuela. Buruz arraunlari oso gogorrak dira; Santurtzi, oraingoz, talderik erregularrenetariko bat da, eta faboritotzat hartzen dut, oraindik ligako estropada bakar bat ere irabazi ez duen arren; Donostiarraktalde laburra du, baina erakutsi du oilarren artean lehiatzeko gai dela. Itsasoan ere oso ondo dabil».

Lehen txandan, baina, beste bi oilar arituko dira nor baino nor gehiago: Urdaibai eta Orio. Aurreko lau ontzi horiek erne ibili beharko dute, beraz. «Ligako lider berria da Urdaibai, eta talde indartsua du. Orio beti Orio izango da». Sagarzazuren arabera, «xarma handia izango du txapelketak, eta xehetasunik txikienak erabakiko du dena».

Gogoz gainezka daude Hondarribia taldeko arraunlariak, eta aurreko igandean Lekeition bertan lortutako garaipena berretsi nahi dute. «Guretzat denboraldiko helburu nagusietako bat da Euskadiko Txapelketa irabaztea. Gure onena emanda garaipena lortzeko esperantza dugu, betiere aurkariak errespetatuz». Hondarribia sei alditan izan da garaile, eta horietatik hiruretan Sagarzazu joan da Ama Guadalupekoa ontziko hankako istriborrean. «Ea zazpigarrena etxeratzen dugun».

Ezustea emateko prest

Amaitu da amesgaiztoa Arraun Lagunak-entzat. Osakidetzaren protokoloa beteta, larunbatean egin zuten PCR analisia, eta igandean jaso zituzten emaitzak: negatibo eman zuten denek. Astelehenean uretaratu zuten Lugañene ontzia. Nagore Claramunt (Donostia, 1986) Arraun Lagunak-eko arraunlariak aitortu duenez, etxean bakartuta pasatu dituzten egun horiek «oso gogorrak» izan dira. «Asteleheneko itzulera guretzat hirugarren denboraldi bat hasiko bagenu bezala izan da».

Itzuleratik, arrauna «inoiz baino gogotsuago» hartu dute donostiarrek. «Geratzen zaizkigun estropadetan gozatu nahi dugu». Gaurko Euskadiko Txapelketa izango dute lehena. «Zorte pixka batekin eta indarrarekin, ea lan polita egiten dugun». Claramuntek argi esan du «irabaztera» aterako direla. «Geldialdi batetik gatoz, eta berriro martxan jartzen hasi gara. Irabazten ez badugu, domina lortu nahiko genuke».

Arraun Lagunak lehen txandan arituko da, eta alboan Tolosaldea, Isuntza eta Deustu izango ditu. Claramuntek ez ditu hirurak inolaz ere «gutxietsi». Bestalde, Orio eta Donostiarra ikusten ditu bandera irabazteko faborito. Lehen taldeari egin dio aipamena: «Pauso bat aurrerago dago». Arraunekoek, baina, ezusteko bat eman nahi dute: «Orain arte egin duguna baino gehiago eman dezakegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.