Ezinbestean egokitua

Bilbon hasi eta Arraten amaituko da Euskal Herriko Itzulia. Apirilaren 5etik 10era jokatuko da, eta zaleei eskatu diete ez biltzeko probaren inguruetan

Ezinbestean egokitua.
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiak eragindako osasun egoerak bertan behera utzi zuen iaz Euskal Herriko Itzulia. Aurten, ondo bidean, jokatu egingo da, apirilaren 5etik 10era, baina ezinbestean egokitu behar izan dute egoerara.

Ikuslerik gabe jokatuko da aurrenekoz, edo ez, behintzat, betiko moduan, errepide bazterrak eta mendiak lepo beteta. «Tristea eta ezohikoa izango da. Ikuskizun ederra ikusi ahal izango da telebistaz, baina saltsa faltako da, zaleak faltako dira mendateetan. Baina mesedez eskatzen diegu ez biltzeko probaren inguruetan», esan zuen atzo Julian ErasoOCETA Euskal Txirrindularitza Antolakuntzako zuzendariak, ibilbidearen aurkezpenean.

Erasok azpimarratu zuen UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunarentzat «obsesioa» dela segurtasuna. Horregatik, protokolo «zorrotzak» ezarriko dituzte. Hala, hiru burbuila egingo dituzte: ziklistak eta euren taldeetako kideak egongo dira aurrenekoan; haiengandik gertu egon daitezkeenak, bigarrengoan; eta ordezkariak, hirugarrengoan.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan

Osasun egoerak ibilbideari eragin dio ere. Antolatzaileek iazkoari eutsi nahi zioten, baina Berak (Nafarroa) eta Errenteriak (Gipuzkoa) uko egin diote proba hartzeari, osasun egoeragatik. Hala, derrigorrez egin behar izan dituzte aldaketak: 797,6 kilometro izango ditu, iaz baino ehun gutxiago; 22 mendate igoko dituzte, iaz baino bi gehiago; eta proba ez da pasatuko Nafarroatik. «Saiatu gara, baina egoera dela eta, ez dugu eskaintzarik jaso», arrazoitu zuen Erasok. Ipar Euskal Herritik ere ez da igaroko. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jokatuko da bakarrik.

Ibilbideari buelta eman diotela da aldaketarik nabarmenena: iazkoa Eibarren (Gipuzkoa) hasi eta Bilbon bukatuko zen, eta aurtengoa, Bilbon hasi eta Arraten amaituko da. Aldatu ez dena da erlojupekoa jokatuko dela, Begoña santutegia eta Etxebarria parke artean. Baina zazpi kilometro pasatxo laburtu dute etaparen ibilbidea (21,1etik 13,9ra), eta %19ko aldapa pikoa sartu amaieran.

Berria da bigarren etapa, eta Bizkaian jokatuko da osorik: Zallan hasiko da, eta Sestaon amaitu (154,8 kilometro). Helmugatik hamabost kilometro eskasera dago Bigarren Mailako La Asturiana gainaren gailurra.

Iaz bigarren etapa izango zena hirugarrena izango da, eta Araban jokatuko da osorik: Amurrio-Ermualde (163 kilometro). Lehenbiziko aldiz igoko dute Laudioko udalerrian dagoen mendi hori. Lau kilometro baino ez ditu, baina %17ko eta %20ko zatiak ditu.

Gasteizen hasi eta Hondarribian (Gipuzkoa) amaituko da laugarren etapa (189,2 kilometro). Amaierak Donostiako Klasikoaren itxura izango du, Jaizkibel eta Erlaitz igoko baitituzte.

Bosgarren etapa ere berria da. Hondarribian hasiko da, eta Ondarroan amaitu (Bizkaia). 160,2 kilometroko etapa da, eta txirrindulariek Hirugarren Mailako hiru mendate igoko dituzte.

Azken etapa, berriz, Ondarroa eta Arrateko santutegiaren artean jokatuko da. Etapa laburra da, 111,9 kilometrokoa, baina oso gogorra, zazpi mendate igo beharko baitituzte: Lehen Mailako hiru (Azurki, Krabelin eta Usartza), Bigarren Mailako bat eta Hirugarren Mailako hiru.

Ion Izagirrek irabazi zuen azken Itzulia, baina aurkari oso indartsuak izango ditu aurten; guztien gainetik bi: Tadej Pogacar (UAE) eta Primoz Roglic (Jumbo).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.