Prest dago, zaleek gozatzeko

Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak 2023ko lehen hiru etapen berri eman du Gasteizen. Hirugarren etaparen argibideak Iruneraino eman dituzte, amaiera non duen zehaztu gabe

Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak 2023ko lehen hiru etapek izango dituzten ezaugarriak azaldu zituen atzo, Gasteizko Europa Jauregian. RAUL BOGAJO / FOKU.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herrian dagoenean,«haurtzaroko txapeldunen tokian» sentitzen da Christian Prudhomme Frantziako Tourreko zuzendaria. Hala adierazi zuen atzo Grand Départ Pays Basque 2023 osatuko duten hiru etapen aurkezpen ekitaldian, Gasteizko Europa jauregian. Hala ere, hirugarren etapa Lapurdin sartuko dela zehaztu bazuen ere, soilik Hego Euskal Herriko zatiari buruzko argibideak eman zituen.

Euskal Herrian txirrindulariek errepide ertzetatik jasotzen duten berotasuna «inon jasotzen ez duten bezalakoa» dela gaineratu zuen. Horregatik,euskal zaleek goza dezaten 2023ko uztailaren 1etik 3ra bitarteko ibilbidea atondu du.

Xabier Usabiaga kazetariak gidatu zuen atzoko ekitaldia, eta Tourreko ikur bilakatu diren hiru euskal txirrindulariri eman zien hitza: Joane Somarriba, Joseba Beloki eta Txomin Perurena. Belokik nabarmendu zuen hainbat arlo jorratzen dituen lasterketa dela: «Urtero gertatzen den zerbait berezia da, eta jende guztiak jakingo du Tourra hemen izango dela datorren urtean. Euskal zaleek merezi dute».

«Etapa zailak izango dira»

Aurkezpenean, ibilbidearen ezaugarri ia guztiak zehaztu zituen Prudhommek, eta behin eta berriz errepikatu zuen etapetan «paisaia ederrez gozatzeko» aukera izango dutela ikusleek. Txirrindulariek, ordea, asko sufrituko dute: «Beren onena eman beharko dute etapa guztietan; ez dira etapa errazak izango».

Lehenengoa uztailaren 1ean Bilboko udaletxean hasi eta bukatuko den etapa zirkular bat izango da, eta guztira 185 kilometro izango ditu. Bidean, kostalde malkartsua eta Urdaibaiko erreserba (Bizkaia) zeharkatuko ditu; tartean, Gernika-Lumo (Bizkaia) bi aldiz igaroko dute. Mendiko etapetan trebeak diren txirrindulariak lehia daitezen prestatu dute etapa, Prudhommek aurreratu zuenez: «Oso etapa gogorra izango da, gorabeheratsua, zailtasun bat bestearen atzetik izango duena, eta azken kilometroetan Vivero eta Pike bidea igo beharko dituzte txirrindulariek».

Uztailaren 2ko etapak «engaina» dezakeela ohartarazi zuen Tourreko zuzendariak: Gasteiztik abiatuko da, eta Donostian amaitu. Guztira 210 kilometro egin behar ditu tropelak. Arabako goi lautadatik igaro, eta Donostiako bidea hartuko du. Ibilbide gorabeheratsua izango du etapak, eta azken kilometroetan Jaizkibel (Gipuzkoa) igo beharko dute, baina Donostiako Klasikoan egin ohi duten kontrako norabidean. Prudhommek azaldu zuen Donostiako Klasikoa «gogoan izan» dutela bigarren etapa honen amaiera prestatzeko orduan.

Hirugarren etapa, Zornotzan (Bizkaia) hasiko da. Azken egunetan zabaldu denez, etapa hori Baionan amaituko da. Baina aurkezpenean ez zuten horren berri eman, ezta etapak izango duen luzera zehaztu ere. Profila aurkeztu zuten, baita bideoa ere, baina Irunen (Gipuzkoa) moztu zuten. Eta oharrean ondorengoa diote: «Euskal kostaldea zeharkatuko du hirugarren etapak. 80 kilometro egingo dituzte txirrindulariek itsasertzeko errepideetan. Donostia bigarrenez zeharkatuko dute, Irundik Lapurdiko bideetara jo aurretik». Ondorioz, BERRIAk ezin izan du zehaztu txirrindulariek Euskal Herrian egingo dituzten kilometroak.

Horrelako kirol ekitaldiak ez dira batere merkeak izaten. Euskal instituzioek gutxienez 12 milioi euro gastatuko dituzte guztira. Iñigo Urkullu lehendakariak Tourra Euskal Herrira ekarri ahal izateko erakundeen artean egin duten «ahalegin kolektiboa» azpimarratu zuen ekitaldian.

Tourra Euskal Herritik aterako da 31 urte geroago, Donostiatik atera zenetik. Eta 2018ko uztailaren 28an jokatu zen azkenekoz etapa bat, Lapurdin, Senpere eta Ezpeleta artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.