Azkenera arteko lehian

Azken lau jardunaldietan erabakiko da Lehen Mailako euskal taldeen etorkizuna. Alaves dago larrien; Realak eskura du Europa liga, eta Athleticek badu aukera

Athleticeko eta Realeko jokalariak, lehian, bi taldeek denboraldi honetan San Mamesen jokatutako derbian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Hamar bider denbora gehiago eduki dute beren etorkizuna bideratzeko, baina kalkulagailua eskuetan dutela ailegatu dira txapelketako azken 360 minutuetara. Horixe geratzen zaio Espainiako Lehen Mailari, lau partidatan banatuta. Realak, Athleticek, Osasunak eta Alavesek orain artekoa hobetu nahi dute sasoiaren akaberan. Arabarrek, bereziki: mailari eustea dute jokoan.

REALA
Abaguneari iheska


Reala da ondoen kokatuta dagoena, baina hobeto egon zitekeen. Txuri-urdinak Europara sailkatzeko lehia betean dira, eta bosgarren postua lotzea da haien lehendabiziko xedea. Horretarako aukerak bata bestearen atzetik egokitu zaizkie azken jardunaldietan, baina ez dituzte aprobetxatu. Betisek bi punturen aldea ateratzen dio, baina tartea jan ezinda dabil. Espainiarrek zer egin, huraxe egiten dute donostiarrek. Nola begiratu, hala ikusi, ordea. Batetik, Realak huts egin duenean desabantaila ez da handitu. Bestetik, Betisek huts egin duenean makal aritu da Reala.

Hamabi puntu falta dira jokatzeko, eta aise iraui dezake egoera. Ordea, kontrario zailak izango ditu. Levante (etxetik at) eta Cadiz (etxean) izango dira hurrengo biak; Levantekoek nahitaez irabazi behar dute mailari eusteko. Hain justu, Cadizek ezartzen du muga.

Azken bi jardunaldiek baldintzatuko dute amaierako sailkapena; 37.ean, Vila-realen jokatuko du Realak; oraintxe, txuri-urdinek lau puntu ateratzen dizkiote. Atletico Madrillaugarrena hartuta amaituko du liga. Gaur egun, bost puntuko tartea dago bi taldeen artean. Matematikei jaramon eginda, Realak posible du postu hori lortzea, baina izugarri zaila du.

ATHLETIC
Logikaren kontrakarrean


Athletic kolore anitzeko taldea da. Orain bale, orain kale egin du sarri, eta hori lasta izan da Europarako sailkatzeko. Ustez aurkari xumeagoak direnen kontra punturik bildu gabe geratu da; Mallorcaren eta Celtaren aurka, esaterako. Aldiz, estu hartu ditu talde indartsuak. Joan zen larunbatean azkena, Atletico Madril mendean hartuta. Logikaren kontrakarrean aritze horrek gorabeherak eragin dizkio ligan, baina, azken lau jardunaldien faltan, Europara sartzeko zirrikiturik txikiena ere baliatu dezake. Konferentzia Liga du horretarako aukerarik agerikoena. Betisek Espainiako Kopa irabazi izanak zabaldu dio atea: puntu bakarrera du zazpigarrena, Vila-real. Valentzia (etxean), Granada (kanpoan), Osasuna (etxean) eta Sevilla (kanpoan) izango ditu azken aurkariak. Sevillakenduta, guztiak atzetik ditu. Baina huts egiteko tarte txikia dute zuri-gorriek.

OSASUNA
Amaieran, ez hotz, ez bero


Osasuna Athetic baino koska bat beherago dago ligan, baina handia da bi taldeen arteko arrakala: sei puntukoa. Bi taldeak elkarren aurka ariko dira, baina gorritxoak urrun dira Europako postuetatik. Jagoba Arrasateren taldeak aspaldi bete zuen sasoiko helburu nagusia, mailari eustea, eta ordutik ez hotz, ez bero aritu da. Lan nagusiak aise eginda, datorren sasoiari begira ari da kluba. Arrasatek martxoan berritu zuen kontratua, 2024ko ekainera arte.

Etorkizunari so, azken partidetan ahalik eta ondoen aritu eta hurrengo denboraldiko taldea orrazteko aukera du teknikariak. Aukerako kontrarioak izango ditu horretarako: Athleticez gain, Espanyol (kanpoan), Getafe eta Mallorca (etxean). Sasoi ona osatu du, samur aritu da, eta bederatzigarren postua erdiesteak hori berresteko aukera emango dio. Zer esanik ez koska bat hobetzea lortzen badu.

ALAVES
Galtzak bete lan


Alavesek puntuak behar ditu ezinbestean, eta, guztiak eskuratuta ere, aurkariei adi egon beharko du. Haiek egiten dutenak ere zeresana izan dezake. Azken-aurreko postuan ailegatu da sasoi amaierara, eta, Vila-realen aurkako garaipenak arnasa pixka bat emandion arren, ezin du huts egin. Azken jardunaldira aukerekin heltzea du xede; lortzekotan, litekeena da azken jardunaldian etxean Cadizen aurka jokatu beharrekoa finala izatea.

Izan ere, lau punturen aldea dago bien artean. Beraz, aurrez etxeko lanak egin beharko ditu Julio Velazquezen taldeak; gutxienez, puntu bat jan behar dio datozen hiru neurketetan. Bestela, matematikoki jaitsita ailegatuko da azken partidara. Bide horretan, erosoago ari diren Celta (kanpoan) eta Espanyolen (etxean) aurka jokatu du lehenbizi, eta ordurako jaitsita egon daitekeen Levanteren zelaian gero. Nolanahi ere, egoera makurra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.