Eraginkortasuna berme

Realak gol baten aldearekin gainditu du UD Logroñes, eta aurrera egin du Kopan. Alavesek handia egin du, Lehen Mailako Valladolid kanpoan utzita

Alaveseko jokalariak atzo, Mendizorrotzan, elkarri besarkatuta, partidako gol bakarra ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun

Realak eta Alavesek aurrera egin dute Espainiako Kopan, biek ala biek gol baten aldea eskuratu baitute final-hamaseirenetako kanporaketan. Emaitzak balio bera du, txapelketan segitzea, baina neurketen aurretik logikak ez zuen halakorik agintzen. Donostiarrek aurrera egitea bai, apustu merkea zen hori, baina Alavesena ez zen kiniela gehienetan jokatzen.

Dena den, bi taldeak egongo dira etziko zozketan. Imanol Alguacilen multzoa ohi baino makalago aritu zen, baina eraginkortasuna izan zuen berme. Kontrarioak baino gol bat gehiago sartzea nahikoa baita futbolean gailentzeko (0-1). UD Logroñes maila apalago bateko taldea da, baina Realak ez zuen aurreko kanporaketako alderik lortu, nahiz eta partida sendoa jokatu.

Robert Navarrok lehen zatian egindako gol bakarra nahikoa izan zen Las Gaunasen bildutako 3.000 zale txuri-urdinak pozik itzultzeko. Kataluniarraren parte hartzea garrantzitsua izaten ari da Realaren bidean. Ez alferrik, hura izan baita taldeak irabazitako hiru kanporaketetan estreinako gola egin duen jokalaria. Lehen bi norgehiagoketan taldekideek sartu zituzten gero.

Logroñon, berriz, bere gola izan zen partidako bakarra. Navarrok Asier Illarramendiren eta Brais Mendezen arteko jokaldi bat probestu zuen gola egiteko, 32. minutuan.

Alavesek lehenago bideratu zuen kanporaketa, 10. minutuan aurreratu baitzen. Tarte murritza lortu zuten babazorroek ere, baina aurkariaren mailak distiratu zuen emaitza (1-0). Izan ere, logikaren arabera, Lehen Mailako Valladolid zen sailkatzeko hautagai nagusia. Ordea, Gasteizko taldeak ondo eutsi zion errentari, eta aldea handitzeko abagunerik ere eduki zuen. Mamadou Sylla izan zen golegilea.

Athletic eta Osasuna, gaur

Realak eta Alavesek bezalaxe, Athleticek eta Osasunak lehiaketan jarraitzea dute helburu. Gaur ariko dira bi talde horiek, aurrera egin nahian. Etxetik kanpora ariko dira, maila baxuagoko taldeak izango baitituzte aurkari.

Gorritxoek Nastic izango dute aurkari (16:00). Aldiz, Eldenseren zelaian jokatuko dute zuri-gorriek (21:00). Hurrengo kanporaketako zozketa larunbatean egingo dute, Espainiako Federazioaren egoitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.