Erromako bidean dago Valentzia

Realak Erromaren aurka jokatuko du Europa ligako final-zortzirenetan. Txuri-urdinak Mestallan ariko dira gaur, Espainiako Ligan; hirugarren postuan indartzea dute xede

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2023ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Esaerak dio bide guztiek Erroman dutela helmuga, eta Realaren kasuan badu egiatik. Izan ere, donostiarrek han hartuko dute ostatu datorren martxoaren 9an (18:45), Europa ligako zozketak hala erabakita. Italiako hiriburuko taldea izango du aurkari final-zortzirenetan. Atzo egin zuten zozketa, UEFAk Nyonen (Suitza) duen egoitzan. Txuri-urdinek eta giallorrosso-ek —hala deitzen diete, beren koloreengatik— estreinako aldiz neurtuko dituzte indarrak txapelketa ofizial batean. Itzulerakoa Anoetan jokatuko dute, martxoaren 16an (21:00)

Realarena izan zen zozketak erabakitako azken-aurreko kanporaketa. Erromak Austriako Salzburgo taldea kanporatuta egin du aurrera txapelketan. Galdu egin zuen joaneko partidan (1-0), baina kanporaketa irauli zuen herenegun, etxean irabazita (2-0). Andrea Belottik eta Paulo Dybalak sartu zituzten italiarren golak.

Txuri-urdinak nola, Italiako taldea ere hirugarrena da bere ligan, baina urrun du Napoli liderra: hemezortzi puntura. Europa ligako lehen fasean, bigarren postuan sailkatu zen C multzoan, Betisen atzetik. Konferentzia liga irabazi zuen iragan sasoian.

Jose Mourinho teknikari ezaguna da erromatarren entrenatzailea, eta jokalari sonatu asko ditu taldean. Besteak beste, Diego Llorente Realeko jokalari ohia. Halaber, Dybala aurrelaria, Stephan El Shaarawy eta Nemanja Maatic ere bertan ari dira.

Horiek horrela, aurkari makurra izango dela aurreikusi du Imanol Alguacil txuri-urdinen entrenatzaileak: «Polita da. Ilusioa sortzen duen aurkaria izango dugu aurrean, eta zaleek hiri historiko batera bidaiatu ahal izango dute. Klub handia da, eta entrenatzailea ere halakoa du».

Martxoan jokatuko da kanporaketa hori. Aurrez, baina, ligako bi partida izango ditu Realak. Gaur jokatuko du lehendabizikoa, Valentziaren zelaian. Herrialde Katalanetakoak estu eta larri ari dira txapelketan, mailari eusteko borroka betean baitaude. Entrenatzaile dantza izan dute azken boladan; Gennaro Gattuso kaleratu ondotik Salvador Gonzalez Voro jesarri zen Mestallako aulkitxoan, baina gutxi iraun zuen hark. Orain, Ruben Baraja jokalari ohia dute teknikari.

Nolanahi ere, Valentziak ez du hobekuntzarik igarri. Azaroaz geroztik ez du irabazi ligan, eta galdu egin ditu azken bost partidak. Jaisteko postuan dagoen taldea da, azken-aurrekoa baita sailkapenean.

Horrez gain, klubak arazo instituzional asko izan ditu azkenaldian. Zaleak Peter Lim nagusia kanporatzeko eginahaletan ari dira, eta hiriko udalak mozio bat onartu du aste honetan, Valentzia eta Levante hiriko taldeak ondare immaterial izendatzeko. Limek kluba saltzeko eta haren sokakoak urruntzeko egindako proposamena izan da.

Giro horretan, Valentziaren aldeko zale multzoek aditzera eman zuten atzo «hautsi» egin dituztela zuzendaritzarekin dituzten lotura guztiak. Aurreko neurketan ez bezala, «taldeari animatzeko deia» egin dute oraingoan.

Kontuak kontu, Imanol ez da Valentziaz fio: «Egoera zailean dauden taldeak gai dira aurre egiteko. Talde bikaina dute, eta [Baraja] entrenatzaile berria gogotsu dago. Zaila izango da. Beti bezala, guk geurea egin beharko dugu partida irabazteko».

«Ia denak ondo daude»

Reala giro nahasi horretan ariko da Mestallan, hirugarren postuari eusteko xedez. Imanolek 23 futbolariko deialdia osatu du, eta Jon Pacheco eta Andoni Gorosabel dira deialdiko berritasun nagusiak. Bi jokalariak min hartuta egon dira azken asteetan. Kontrara, Ander Gebarak zenbait arazo fisiko izan ditu aste tartean, eta Donostian geratu da. Hortaz, Realak jokalari gehientsuenekin jokatuko du Mestallan, hiru puntuak eskuratu eta sailkapenean indartu nahian.

VALENTZIA-REALA
Valentzia. Mamardashvili; Foulquier, Diakhaby, Gabriel Paulista, Lato; Almeida, Moriba, Musah; Kluivert, Samu Lino eta Hugo Duro
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Rico; Zubimendi, Merino, Illarramendi; Brais, Oiartzabal, eta Sorloth.
Epailea. Hernandez Hernandez.
Lekua. Mestalla (49. 430 ikusle).
Ordua. 21:00 (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.