Albistea entzun

Alarma faltsua besterik ez

Roglic suspertu egin da Giroko hemezortzigarren etapan, eta bigarren jarri da nagusian, Almeida gaindituz. Estu ibili da portugaldarra, eta 21 segundo galdu ditu. Zana nagusitu da, ihesaldia baliatuz
Primoz Roglic eta Geraint Thomas, elkarrekin helmugaratzen, atzo, Val di Zoldon.
Primoz Roglic eta Geraint Thomas, elkarrekin helmugaratzen, atzo, Val di Zoldon. LUCA ZENNARO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2023ko maiatzak 26

Primoz Roglicek (Jumbo) ahulaldia izan zuen asteartean, Bondonen gora. Joka hasi zitzaion alarma, eta zarata handitu egin zen atzo, lehen igoeran atzera eginda ibili zenean. Mendiko beste etapa gogor bat zuen Giroak, eta esloveniarra zalantzak hauspotzen ari zen. Ordea, haizatu egin zituen gero: erasora jo zuen amaieran, eta Giroa irabazteko beste bi hautagai handien pare dagoela erakutsi zuen. Geraint Thomasek (Ineos) tinko eutsi zion Roglicen astinduari eta, ondorioz, lasterketako lidergoari. Joao Almeida (UAE), berriz, ez zen Bondonen etapa irabazi zuen berbera izan, eta larri ibili zen. 21 segundoko atzerapena izan zuen helmugan bi aurkariekin, eta, hala, nagusiko bigarren postua kendu zion Roglicek. Jumbokoak 29 segundora du Thomas, eta Almeidak, 39ra .

Oilarrak helmugaratu aurretik, iheslari saiatu batek altxatu zituen besoak Val di Zoldon: Filippo Zanak (Jayco). Lehia estua izan zuen Thibaut Pinotekin (Groupama), eta esprintean menperatu zuen. Berriz ere kale egin zuen frantziarrak, baina bere egin zuen mendiko maillota, eta jauzi handia egin zuen sailkapenean: zazpigarren jarri zen.

Mendi sorta ederra zuen etapak: bost igoera gainditu behar izan zituzten, azken hirurak oso segidan. Nolanahi ere, lauak ziren aurreneko 30 kilometroak, lehen mailako Passo della Crosetta igotzen hasi aurretik. Asko saiatu ziren malden zain egon gabe aurrera egiten. Erasoari erasoa lotu zioten iheslarigaiek, eta elkar deuseztatu zuten. Aldapan gora, baina, bost txirrindulari ipurtarin aitzineratu ziren: Zana, Pinot, Aurelien Paret-Peintre (Ag2r), eta Derek Gee eta Marco Frigo (Israel). «Hauekin berriz ere?», esango zuten bere artean.

Gain-gainean zuten tropela gailurrean, Ineosek erritmo bizia ipini baitzuen. Baretu egin ziren gero Thomasen zaindariak, eta tartea handitzen hasi zen boskotea. Zazpikote bihurtu zen berandu gabe: atzetik aurrera egin zuten Warren Barguilek (Arkea) eta Vadim Pronskiyk (Astana). Pinotek 6.48ko atzerapena zuen sailkapen nagusian, baina faboritoek ez zuten mehatxutzat jo. Bidea eginez joan zen ihesaldia, eta ia sei minuturen aldearekin iritsi zen Forcella Cibianako igoerara, helmugarako 35 kilometro falta zirela. Soka bere aldera ari zen eramaten.

UAEko ziklistek saialdi herabea egin zuten abiada bizitzeko. Gutxi iraun zien grinak. Azkenean, Ineosek egin zuen estutua, mendateko zatirik gogorrenean. Xehatua hartu zuen multzoak. Coi zen hurrengo mendatea, eta han egin zuen eztanda lasterketak, azken hamar kilometroetan sartuta. Ihesaldian, aurkari guztiak lehertu zituzten Pinotek eta Zanak; eta onenen artean, erasora jo zuen Jumbok. Sepp Kussek soka tenkatu ahala, atzera egin zuen Almeidak. Distantziari ondo eutsi zion, Jay Vineren laguntzaz.

Guztiz indarberrituta zegoen Roglic. Eraso egin zuen, baina ezin izan zuen Thomas gurpiletik askatu. Almeidak hamar segundo inguru zituen galduak mendate gainean. Ordea, bakarrik gelditu zen azken igoeran, indarrez hustu baitzen Vine, eta tartea apur bat handitu zuten Roglicek eta Thomasek. Dena den, alde txikiak izan ziren berriro hautagai handien artean. Etapa garaipenaren lehia ere oso parekatua izan zen: Pinotek ahaleginak eta bi egin zituen Zana atzean uzteko, baina oso sendo jardun zuen italiarrak, eta azkarragoa izan zen azken ahaleginean.

Mendietan barrena berriz

Hiru faborito handietako edonork irabaz dezake oraindik Giroa. Ezusteko handirik ezean, ez da beste inor izango lehia horretan. Atzo, berriz ere, Eddie Dunbar (Jayco) izan zen gainontzeko faboritoetan onena, 36 segundo galduta, eta laugarren jarri zen sailkapen nagusian, 3.39ra. Damiano Carusok (Bahrain) postu bat egin zuen atzera, eta bosgarren da orain, 3.51ra.

Giro honetako mendiko etapa nagusia jokatuko da gaur. Longaronen hasi eta Tre Cime di Lavaredon bukatuko da, 183 kilometroan bost mendate kateatu eta 5.400 metroko desnibela gainditu ondoren. Txirrindulariek gorantz egin beharko dute pixkanaka, Passo Campollongora iritsi arte. Gero, lehen mailako bi mendate kateatuko dituzte: Valparola eta Giau. Tre Croci igoko dute hurrena, eta amaieran, Tre Cime di Lavaredo, lehen mailakoa. Gogortasun handikoak dira azkeneko lau kilometroak, baina, bukaeraren zain egon gabe, urrutitik lasterketa apurtzen saiatuko da bat baino gehiago.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ALBERTO ESTEVEZ / EFE

«Iazko finala galtzea ikasgai handia izan zen guretzat»

Ainara Arratibel Gascon

Txapeldunen Ligako finala jokatuko du gaur Paredesek. Erdiko atzelariak nabarmendu du aurreko sasoiko taldearekin alderatuz partidak hobeto kudeatzen ikasi dutela.
Nerea Eizagirre. ©REALA
Eibarrek eta Alavesek ligan jokatutako derbiaren jokaldi bat, Ipuruan. Hutsean amaitu zen partida. Mendizorrotzan etxekoak nagusitu ziren, 2-0. ©J. FONTANEDA / FOKU

Bakarrak iraun dezake zutik

Eñaut Agirrebengoa

Eibarrek eta Alavesek Lehen Mailara igotzeko finalerdietako joaneko partida jokatuko dute gaur, Ipuruan. Imanol Idiakez teknikariak «indarrez berdintsu» ikusten ditu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Eñaut Agirrebengoa

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.