Frantziako Tourra

Gerria astinduz, saria

Mohoricek garaipen estua lortu du Asgreenen aurka Tourreko hemeretzigarren etapan, ihesean egon ostean. Mendiko etapa jokatuko dute gaur

Gerria astinduz, saria.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Handia egitear izan zen atzo Kasper Asgreen (Soudal). Oso zaila da esprinterra edo sailkapen nagusiko onena izan gabe Tourrean bi garaipen kateatzea, baina danimarkarrak bere esku izan zuen atzo balentria. Bezperako formula bera baliatzen saiatu zen: tropeletik ihes egin, eta esprintean irabazi. Lehen baldintza bete zen, baina bigarrena ez, Matej Mohoricek (Bahrain) aurrea hartu baitzion. Amaiera oso estua izan zen: Ben O'Connorrekin (AG2R) batera iritsi ziren Polignyra, eta helmugako argazkia behar izan zen garailea nor zen jakiteko. Asgreenek eta Mohoricek elkarren pare igaro zuten arrastoa, baina esloveniarra hobeto atera zen argazkian, gerria astinduz. Azken bultzada horrek eman zion garaipena. Hirugarrena du Tourrean, eta aurrenekoa aurtengo aldian.

Aukerako etapa zen ihesean urrun iristeko. Tourra azken txanpan sartua dago, eta tropelaren zaintza ez da hasieran bezain zorrotza. Gainera, ez zirudien esprinterren taldeak jazarpenean engaiatuko zirenik, helmugatik 30 kilometrora hirugarren mailako mendate bat baitzegoen. Horren guztiaren jakitu ziren txirrindulariak, eta hanka egiteko saiakerak bata bestearen atzetik etorri ziren. Hainbestekoa izan zen ihesaldia antolatzeko borroka, non zatitu egin baitzen tropela, eta tarte batez, atzean geratu zen Adam Yates (UAE), sailkapeneko hirugarrena.

60 kilometroko lehia biziaren ondotik, bederatzi lagun nabarmendu ziren lasterketa buruan: Tiesj Benoot (Jumbo), Matteo Trentin (UAE), Julian Alaphilippe (Soudal), Jack Haig (Bahrain), Mads Pedersen (Lidl), Georg Zimmermann (Intermarche), Warren Barguil (Arkea), Victor Campenaerts (Lotto) eta Nils Politt (Bora). Ez zen nolanahiko multzoa, baina ezin izan zuen bere horretan iraun. Lehenik, katea puskatu zitzaion Politti. Bat gutxiago. Dena den, ihesaldietan hobe izaten da gutxi, gehiegi baino. Eta tarteko esprintaren ondoren, 28 ziklista batu zitzaizkien aurrekoei. Akabo harmonia.

Ion Izagirrek (Cofidis) ez zuen aukera galdu, eta ihesi aritu zen beste behin. Maila handiko beste txirrindulari askok ere egin zuten atzetik aurrera: Tom Pidcockek (Ineos), Jasper Philipsenek eta Mathieu van der Poelek (Alpecin), Christophe Laportek (Jumbo), Dylan Groenewegenek (Jayco), Alberto Bettiolek (Education)... Baita Mohoricek, Asgreenek eta O'Connorrek ere, akabuan etapa garaipena jokatu zuten hirurek.

Campenaerts ez zen gustura inguruan hainbeste jende izanda, eta abenturari lotu zitzaion, Simon Clarke (Israel) bidelagun hartuta. Ia minutu baten aldea hartzen utzi zieten. Baina ez gehiago. Uno-X taldea izan zuten jarraika, lau ziklista baitzituen ihesaldian. Clarke ezinean gelditu zen mendatearen aurretik, karranpa eta guzti, eta Campenaerts lehen aldapetan harrapatu zuten Mohoricek, Asgreenek eta O'Connorrek. Kemena eta ahalmena uztartu, eta agur esan zieten beste guztiei.

Asko saiatu ziren haiekin bat egiten, baina alferrik izan zen. Helmugan ikusi zituzten hurrena, eta negar zotinka aurkitu zuten Mohoric. Balentriaren osteko hunkidura zen. Azken metroak zirraragarriak izan ziren: O'Connorrek zuloa ireki zuen, Asgreenek itxi, eta danimarkarraren esprintari bikain ihardetsi zion Mohoricek.

Bilbao, gora begira

Izagirre ahalegin betean aritu zen etapako tarterik erabakigarrienetan, baina trenak ihes egin zion, eta 23. izan zen azkenean, 1.43ra. Faboritoen multzoak, berriz, ia hamalau minutuko atzerapena izan zuen. Egun lasaia izan zen Jonas Vingegaard (Jumbo) liderrarentzat. Azken defentsa saioa izango du gaur, Vosge mendilerroan. Pello Bilbao (Bahrain), berriz, podiumera ahalik eta gehien gerturatzen saiatuko da. Seigarren dago, eta minutu bat baino gutxiagora ditu Simon Yates (Jayco) eta Carlos Rodriguez (Ineos). Tropelak sei igoerari aurre egin beharko die; horietatik bi lehen mailakoak dira, Petit Ballon eta Platzerwasel, eta bukaeran igoko dituzte. Zortzi kilometroko sasiordeka baten ondoren egongo da helmuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.