Sebastian Molano, azkar eta bizkor

Kolonbiarrak ezustea eman du esprintean, Kaden Groves mendean hartuta. Kolonbiarrak itzuli handi batean lortzen duen aurreneko garaipena da Vueltan lortutakoa

Sebastian Molano Zaragozako helmugan, lortutako garaipena ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Denek espero zuten atzo Kaden Grovesek (Alpecin Deceuninck) hirugarren aldiz eskuak jasotzea helmugan, baina esprintetan ez du beti azkarrenak irabazten, eta atzo, bizkorrenak irabazi zuen: Juan Sebastian Molanok (UAE). Etapa hasieran onartu zuen gorputzaldi onarekin zegoela, eta egun osoan ezkutuan joan ondoren, azken metroetan azaldu zen esprinter kolonbiarra. Haren aurreneko garaipena da itzuli handi batean.

Banderatxoa jaitsi eta segituan alde egin zuten Jetse Bolek (Burgos BH) eta Abel Balderstonek (Caja Rural). Bi minutu eta erdiko aldea ere lortu zuten, baina tropelean, bi horiek etapa irabazteko aukera handirik ez zutela ikusita, ez ziren asko larritu. Hala eta guztiz ere, Alpecin-Deceuninckek bere ziklistak buruan jarri, eta lasterketa kontrolpean izaten ahalegindu zen aurreneko kilometrotik. Ibilbideari erreparatuta, esprinterrentzako egun oso aproposa zen atzokoa, eta Kaden Grovesen taldeak ez zuen aukera pasatzen utzi nahi. Izan ere, gehienez, beste bi abagune izango baitituzte lasterketako txirrindulari azkarrenek besoak jasotzeko helmugan.

Denek argi zuten haizea protagonista izan zitekeela, baina, azkenean, uste baino indar gutxiagorekin jo zuenez, ez zen haize babesik sortu. Etaparen amaiera aldera saiatu ziren tropela zatitzen, baina, orokorrean, nahiko lasai hartu zuten eguna txirrindulariek. Lasaitasun horrek, baina, batzuetan deskuiduak dakartza berarekin, eta helmugarako 111 kilometroren faltan eroriko bat izan zen tropel atzealdean, Omar Fraile (Ineos) tartean zela. Santurtziarra, zorionez, ez zen erori, baina bere bizikleta lurrean zen Dani Navarrorenarekin (Burgos BH) trabatuta geratu zen azkenerako.

Kilometroek aurrera egin ahala, ihes eginda zihoazen bi lagunak nekea geroz eta gehiago nabaritzen hasi ziren, bereziki errepidea aldapa gora jarri zenean, eta oso tarte gutxian zeukaten ia alde guztia galdu zuten, baina Alpecingo ziklistek ez zuten presarik izan ihesaldia azkar botatzeko. Tropelak Zaragozara iristeko 44 kilometro falta zirela harrapatu zituen Bol eta Balderstone. Burgosko ziklista herbeheretarrak, baina, berriro tropelari aurrea hartzea erabaki zuen, eta kilometro gutxi batzuk gehiago egin zituen lasterketa buruan. Azken metroetan Alpecinek dena kontrolpean zuela zirudien, baina helmugaratzeko oso gutxiren faltan, UAEko Rui Oliveirak, ezustean, aurrea hartu zien eta bere taldekide Sebastian Molanori aukeran jarri zion etapa garaipena. Esprinter kolonbiarrak ez zuen hutsik egin.Groves ahalegindu zen Molano harrapatzen, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen australiarrak.

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik, nahiz eta Primoz Roglicek (Jumbo Visma) lau segundo hartu zituen tarteko esprintean.Sepp Kussek (Jumbo Visma) jarraitzen du lider, eta 26 segundora dauka Marc Soler (UAE). Euskal ziklistarik onena Mikel Landa (Bahrain Victorious) da, murgiarra 11. da 3 minutu eta 21 segundora. Azken bi egun hauek lasai antzean hartu badituzte ere, gaurtik aurrera beste kontu batzuk izango dituzte.

Gaur, Tourmalet

Aurreneko aldiz amaituko da Espainiako Vueltako etapa bat Tourmaleten. Gaur izango da amaiera hori. Pirinioetako mendate mitiko horrek soilik sona handia ematen dio etapari, baina tropelak beste hiru igaro beharko ditu: hasi eta berehala Portaleteko azken kilometroak igo beharko dituzte (3. maila), gero Aubisque (maila berezia), Spandelles (1. maila) eta amaitzeko, Tourmalet (maila berezia).

135 kilometrora ez da iristen gaurko ibilbidea, baina sailkapen nagusiko ziklistek mugitzeko egun aproposa dute, oso gogorra baita ibilbidea.Mugimendu horien arabera, aldaketak izan daitezke sailkapen nagusian. Askorentzat, hau da Vuelta honetako etapa nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.