Grinaren alderik irrigarriena

Joan Mari Irigoienek 'Derbia' nobela plazaratu du, umorezko kontakizun bat futbolzaletasunaren inguruan eraikia. Bikote realzale bat eta athleticzale bat dira protagonistak

itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Lan berria argitaratzear zela jakitean, beste egunkari bateko kazetari batek galdera bat egin zion Joan Mari Irigoieni (Altza, Donostia, 1948): «'Nola liteke, baldin eta osasunean zulo beltz bat baduzu?'. Zulo beltzarena ez zidan horrela aipatu, baina halako zerbait galdetu zidan; ea behar adina kemenekin sentitzen nintzen aurrera egiteko. Erantzun nion ez nengoela garai batean bezain kementsu, makalago nengoela, alegia, baina ahal bitartean eutsi egingo niola idazle gisa nuen lanari». Bada, esan eta egin. Irigoienek eleberri berri bat plazaratu zuen atzo, esandakoaren erakusle: Derbia.

Bada denbora Irigoieni esklerosia diagnostikatu ziotela. Hitz egiteko zailtasunak ekarri dizkio gaitzak, eta haren anaia Imanolek irakurri zituen, idazlearen partez, hark aurkezpenerako idatziz jarritakoak. «Derbia nobelarekin natorkizue, obraxkaarin bat, arinkeriaz josia, jende bati irri-karkarak eragingo dizkiodan esperantzan. Ba ote da, izan ere, irri-karkara bat baino sendagarri hoberik gure ilunaldietarako?».

Irigoienek futbolaren munduan girotu du kontakizuna; futbolak sortu ohi dituen grinan eta zaletasun itsuan. Bikote bi dira protagonistak: Telmo eta Geno, realzale amorratuak; eta Txefe eta Klara, athleticzale sutsuak. Hiri berean bizi dira, plaza berean; bizilagunak dira, baina elkarren «etsaiak», elkarri bizkar emanda bizi direnak. Abiapuntu horri helduta, egileak istorio «ganberro» bat idatzi nahi izan du.

Joxemari Apaolaza Euskadi Irratiko kirol kazetaria ere gonbidatu zuten atzo liburuaren aurkezpenera. Azaltzen zuen liburuan «dantzan» topatu dituela realzaleez nola athleticzaleez esan ohi diren topikoak: «Agertzen da gipuzkoarren, realzaleen, konplexu hori, atlehticzaleekiko sentitu ohi dutena; eta, berdin, bada atleticzaleen estereotipoa ere: goi-harro eta handi azaltzen dira liburuan». Futbolzalea eta irakurzalea den aldetik, esan zuen Irigoienen lana «gustura eta erraz» irakurri duela, eta sumatu duela, ongi pasarazteko nahiaz gain, irakurleari zenbait mezu helarazteko asmoa ere: bizitzako gorabeheren aurrean kezken larritasuna ere aldatuz, apalduz joan ohi dela, kasurako. «Liburuak aurrera egin ahala, ohartzen gara futbola dela garrantzitsuak ez diren gauzen artean garrantzitsuena. Arazoak azaltzean, bikote horientzat ere futbola ez da arazo».

Liburuaren kontrazalak dio «gai serio eta asmo transzendenteei ihes» egiten dien nobela dela Derbia, eta Irigoienek asmo hori berretsi zuen ere. Apaolazaren iritziz, ordea, idazleak gogoetarako hariak ere utzi ditu, umore tonuaren ondoan. «Futbolari batek esaten zuen bezala, futbola, berez, hau da [eskumuturra seinalatu zuen hatzarekin], baina beste hau guztia behar da [sorbaldara igo zuen eskua] komunikabideek zer jana izateko, jarraitzaileek astean zehar futbolaren inguruko kontsumoa izateko». Halere, Apaolazaren ustetan, eleberrian antzematen da Irigoienek futbola maite duela; ez, ordea, haren bueltako zurrunbiloa. «Joan Mari etorkizun handiko zetorren futbolaria izan zen, eta maite du futbola, zelai barruko jolasa. Baina jokoa ez, futbolak bere inguruan duen hori, komunikabideak, apustu etxeak... Nolako bolumena hartu duen negozio honek, horretaz gogoeta egiteko ere balio izan dit niri».

Idazleak hartu zuen hitza gero, ideia hori berresteko, galdera baten ondotik: «Ondo esan duzu, bai: jolasa, eta ez jokoa».

Editorea, aingeru guardako

1976an Oilarraren promesa (Gero) plazaratu zuenetik, Irigoienek obra oparoa landu du. Berrogei urtetik gora daramatza idazten, eta, poesia lanak zein haur eta gazteentzako liburuak ere argitaratu dituen arren, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen hitzetan, batik bat nobelagilea izan da Irigoien. Hamaika libururen gainean egin dute lan elkarrekin; horien artean dago Kalamidadeen liburua (1996) eleberria, eta hari lotu dakioke Derbia, Mendigurenenustetan; biak barre egiteko lanak direlako, «umore tonu lotsagabean» idatzitakoak. Editoreari ere aipamen berezia egin zion idazleak; Babilonia-rekin (1989) ezagutu zirenekoa ekarri zuen gogora, eta eskertu ordutik gaur arteko idazle bidean «aingeru guardakoa» izan duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.