Irlara doa, baina lanera

Athleticek liga hasiera onari segida eman gura dio gaur, Son Moixen. Mallorca igo berria da, eta, hain zuzen ere, horregatik da arriskutsua lehen jardunaldietan

Ibai Gomez, Aritz Aduriz eta Beñat Etxebarria, Lezaman entrenatzen. MIGUEL TOÑA / EFE.
haritz gallastegi
Bilbo
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Athleticeko jokalariek Mallorcarako (Herrialde Katalanak) hegaldia hartu dute gaur goizean. Hau bakarrik esanda aisialdira doazela pentsa daiteke. Ohikoa baita jokalariek pare bat eguneko atsedena dutenean irla bat aukeratzea lasai egoteko. Ez da Mallorca jokalari gehienek aukeratzen duten irla, baina han ere behin baino gehiagotan egon dira. Ez da leku txarra. Baina gaur lanera doaz. Partida dute: ligako laugarrena. Orain arte egindako lan onari jarraipena ematea dute xede. Txapelketa hasiera gogorra zuen talde zuri-gorriak, eta hasierako beldurrak baikortasun bihurtu dira emaitza onen ondorioz. Bartzelonaren, Getaferen eta Realaren kontra zazpi puntu eskuratzen dituen taldeak zerbait erakutsi du.

Kirol profesionalean emaitzak baino ez du balio. Sailkapenak erakusten duenaren arabera egiten dira analisiak. Eta beti gertatzen ez bada ere, gehienetan irabazitako puntuek eta zelaian erakutsitakoa bat etortzen dira. Athleticen kasuan, gauzak argi dituen taldea dela ikusi da. Gaizka Garitanok joan den sasoian hartutako bideari jarraipena eman dio. Derioztarrak ondo ezagutzen du taldea, eta esku artean duenari etekina ateratzeko bidea aurkitu du. Talde lanean oinarritutako lorpenak dira. Defentsan aukera gutxi ematen ditu: gol bakarra jaso du, eta oso aukera gutxi sortu dizkiote. Ez da Unai Simon izan gehien nabarmendu denetakoa.

Itxuraz, gaur beste urrats bat egin beharko du. Izan ere, orain arte, baloia atzetik jokatuta atera eta jokoaren ekimena izan gura duten talde biren aurka jokatu du, Bartzelona eta Reala; eta luze jokatu eta bigarren jokaldietan nagusitzen ahalegintzen den beste talde baten aurka: Getafe. Bi jokamoldeei aurre egiteko gai dira zuri-gorriak. Gaur beste jokamolde bat izango duen kontrarioa izango du. Mallorcak ez du arriskurik hartuko atzean, eta, ahal duenean, erasoko jokalarien abiadura baliatzen ahaleginduko da gola sartzeko. Beraz, litekeena da neurketaren zenbait unetan Athleticek baloia hartu eta neurketaren pisua eraman behar izatea. Eta oraindik ez dago argi Athletic hori egiteko gai izango den edo ez, arlo horretan erakutsi baitu azken urteotan zailtasun gehien. Kosta egiten zaio zuloak aurkitzea.

Adurizi omenaldia

Lehiaren zailtasunaz jakitun da Gaizka Garitano. «Mallorca aspaldi dago bolada onean». Halere, baikor da. «Ondo ari gara lanean». Baina ez du euforiarik nahi. «Hanka sartzea litzateke pentsatzea zerbait egin dugula».

Aurtengo Athleticek aukera onak eta golak sartzeko duen gaitasuna neurtzeko goiz da oraindik. Halaber, adinean aurrera joan arren, inork ez du zalantzan jartzen Aritz Aduriz dela taldeak duen errematatzailerik onena. Fernando Garcia Makua Athleticeko presidente ohiak modu txarrean saldu eta Mallorcan jokatu zituen bi sasoiak oso garrantzitsuak izan ziren bere kirol ibilbidean. Han ez dute ere ahaztu. Horregatik, neurketa hasi aurretik omenaldi txiki bat egingo diote. Ondoren aulkian egongo da. Hamaikakoari dagokionez, euskarrian dago zalantza nagusia. Unai Lopez edo Beñat Etxebarria izango da Dani Garciaren bikotea.

MALLORCA-ATHLETIC

Mallorca. Reina; Joan Sastre, Valjent, Raillo, Lumor; Febas, Baba, Salva Sevilla, Dani Rodriguez; Lago Junior eta Budimir.

Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray Alvarez, Iñigo Martinez, Yuri; Dani Garcia, Beñat; Muniain, Raul Garcia, Cordoba; eta Williams.

Epailea. Gonzalez Fuertes.

Lekua. Son Moix (20.500 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.