Erresuma Batuak baztertu egin du akordiorik gabeko 'brexit'-a

Steve Barclay, 'brexit'-erako ministroa: «Legea beteko dugu: horixe besterik ez dugu argi». Gaur eta bihar egingo dute 28 estatuek Europar Kontseiluaren batzarra, irteeraren kontu teknikoak aztertzeko

Michel Barnier EBren negoziatzailea eta Guenther Oettinger batzordeko kidea, atzo, Bruselan. STEPHANIE LECOQC / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Boris Johnsonek Erresuma Batuko lehen ministroak ehunka aldiz errepikatu du urriaren 31 izango dela Erresuma Batuak Europako Batasunean egingo duen azken eguna. Atzo, ordea, akordiorik ezean Europako Batasunari luzapena eskatuko diotela baieztatu zuen Steve Barclayk, brexit-erako Erresuma Batuko ministroak: «Legea beteko dugu: horixe besterik ez dugu argi». Hala hitzeman zuten Eskoziako auzitegi baten aurrean ere. Parlamentuak onartutako lege batek gobernua behartzen du hirugarren luzapena eskatzera, urriaren 19a baino lehen akordiorik ez bada. Barclayren ustez, «Europako Batasunetik irteteko modurik onena akordio baten bidez da».

Atzoko eguna gakoa zen brexit-erako akordioarentzat. Europako Batasuneko eta Erresuma Batuko negoziatzaileek akordiorik gabeko irteera bat saihesteko zituzten azken orduak ziren eta, Michel Barnier EBren negoziatzailearen arabera, kontaktuak «eraikitzaileak» izan ziren arren, oraindik baziren «hainbat kontu argitzeko». Zailena, Irlandako mugaren afera: Londresek ez ditu oraingo baldintzak onartzen eta Europak, berriz, merkatu bakarra babestu eta muga «gogor» bat saihestu nahi du.

Gaur eta bihar egingo dute Europar Kontseiluaren batzarra, eta bertan izango dira 28 kideetako estatuburu eta gobernuburuak. Argi utzi zuten ez zutela negoziaziorik onartuko behin gailurra hasita, bertan «teknikoki landu behar diren gai konplexuak» aztertu behar baitituzte. Kontseiluko presidente Donald Tuskek atzo arratsaldean esan zuenez, «dena ondo doa eta bihar [gaur] itxi dezakegu akordioa, baina edozer da posible britainiarrekin».

Akordioa lortzea ez da brexit-erako azken pausoa. Europako eta Erresuma Batuko parlamentuen baiezkoa ere eskuratu behar du; Westminsterreko parlamentuak larunbatean bozka dezake dagoeneko hiru aldiz atzera bota duen akordioa. Johnsonek Komunen Ganbera osatzen duten650 diputatuetatik 320ren babesa beharko luke akordioa onartzeko: 289 ditu Alderdi Kontserbadoreak eta aliantza bat lortu beharko luke EBren aurkako kontserbadoreekin, 35 diputatu independenteekin eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistako hamar kideekin. Baiezkoa lortuz gero,posible da «atzerapen tekniko» bat izatea tramiteak egiteko.

Erreferenduma Galesen

Herenegun, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak iragarri zuen Erresuma Batuko Gobernuari independentzia erreferenduma egiteko eskaera egingo diola; atzo, berriz, Plaid Cymru Galesko alderdi nazionalistako kide Delyth Jewellek adierazi zuen aztertzen ari direla egun berean Galesen ere galdeketa egiteko aukera. Azken inkesten arabera, Galesko biztanleen %41ek independentziaren alde bozkatuko lukete. Jewellen arabera, «gauzak asko aldatu dira azken sei hilabeteetan; argi geratu da brexit-a eta Westminsterreko sistema porrotak direla; beraz, guretzat saihetsezina da erreferendum bat egiteko aukera mahaigaineratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.