Hong Kongen 300 manifestari baino gehiago atxilotu ditu Poliziak

Txinako ereserkiaren aurkako «irainak» hiru urte arteko kartzelarekin zigortu nahi ditu Hong Kongek. Carrie Lamen gobernuak ez du baztertzen lege proposamena dekretu bidez onartzea

Txinako ereserki nazionalaren aurkako «irainak» kriminalizatzen dituen legearen aurkako elkarretaratze bat, Hong Kongen. MIGUEL CANDELA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Segurtasun Legea izan zen lehenik, eta Txinako ereserki nazionalaren aurkako «irainak» zigortzea xede duen lege proposamena bigarrenik. Atzo Hong Kongeko Kontseiluan aurkeztutako egitasmoaren arabera, hiru urte arteko kartzela zigorra eta 6.000 euroko isuna jaso dezake zigortuak. «Banako nahiz erakunde orok errespetatu eta goratu behar du Txinako ereserki nazionala, baita abestu ere, hala dagokionean», dio proposamenak, eta zehazten du lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek ereserkia eta haren historia ikasi beharko dutela.

Hong Kongen ohikoak bilakatu dira ereserkiaren aurkako oihu eta txistuak hura jartzen duten aldiro; esaterako, futbol partiden hasieran. Hala, manifestariek uste dute eskualde administratiboan esku hartzea dela legearen helburu nagusia. Protestetara deitu duten «demokraziaren aldeko» mugimenduek salatu dute Hong Kongeko herritarren eskubideak murrizten ari dela Pekin azken erabakiokin.

Protestarik izan ez zedin, milaka poliziak hartu zituzten Hong Kongeko kaleak kontseilua azken lege proposamena eztabaidatzen ari zen bitartean. Joan zen asteartean parlamentuko osoko bilkura hasi zutenetik, haren inguruko errepideak itxita dauzkate segurtasun indarrek, eta merkataritza guneak ere itxita daude.

Legebiltzarreko eztabaida saioa eragoztea zen «demokraziaren aldeko» mugimenduen helburua, eta protestak egitera deitua zuten bai azken lege proposamenaren aurka eta baita Txinak bihar onartzeko asmo duen Segurtasun Legearen kontra ere. Goizeko lehen orduetan, Poliziak negar gasa jaurti zien legebiltzarra inguratzen eta inguruko kaleak ixten saiatu ziren manifestariei. Iturri ofizialen arabera, 300dik gora manifestari atxilotu zituzten.

Atxilotutakoei «baimendu gabeko elkarretaratzeetan parte hartzea» egotzi zieten. Bi adingabe ere badaude horien artean, 14 urtekoa bata eta 15 urtekoa bestea. Azken horiek arnasa hartzeko tresnak eta kaskoak eramateagatik atzeman zituzten. Segurtasun indarrek Facebookeko kontuan zabaldu zutenez, «errespetuz eta kontu handiz» jokatu zuten manifestarien aurka. Lekukoek, ordea, bestelakorik salatu zuten. Sare sozialetan zabaldutako irudietan ikus zitekeen, adibidez, poliziek bazter batean zutik zegoen gizon baten aurka jotzen zutela, lurrera botatzeraino.

Hong Kongeko legegileen elkartearen arabera, lehen aldia da Hong Kongek Txinan egina dirudien lege bat proposatzen duela. «Beharrezkoak dira halako arauak, baina haren zenbait puntu gehiegizkoak dira. Eromena izango da indarrean sartzen bada», ohartarazi du erakundeak.

Pekinen presioak

Carrie Lam gobernuburuak defendatu egin du legea, eta nabarmendu du «errespetua bultzatzea» dela proposamenaren helburu nagusia, eta inola ere ez adierazpen askatasuna mugatzea: «Batzuek asmo txarrekotzat duten arren, ez du inola ere askatasunik mugatuko».

Uztailean amaituko da Hong Kongeko Gobernuaren lau urteko agintaldia, eta Pekinek estu hartu du eskualdea hainbat lege onar ditzan data hori baino lehen, tartean ereserkiari lotutakoa. Iazko barrutietako hauteskundeetan «demokraziaren aldeko» mugimenduak irabazi zituen ordezkaritza ia guztiak, eta Pekinen babespeko Hong Kongeko Gobernua beldur da irailekoetan ere hori bera gertatuko ote den.

Litekeena da ereserkiaren inguruko araudiarekin bigarren eta hirugarren bozketen beharra izatea aurrera egin ahal izateko, eta, horiek huts egingo balute, dekretu bidez onartzeko aukera ere izango luke Lamen gobernuak.

Gaur amaituko da Pekinen Herri Asanblea Nazionalaren urteroko kongresua, eta azken saio horretan dute onartzekoa Hong Kongerako Segurtasun Legea ere, zeinak «sedizioa, matxinada eta sezesioa» zigortzen dituen, eta askatasun gehiago ematen dizkion Txinako Poliziari eskualde administratiboan aritzeko.

Gertakari horien guztien inguruan erantzun bat emateko asmoa dute AEBek, astea amaitu aurretik. Donald Trumpek ez zuen zigorrik baztertu atzoko agerraldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.