Koronabirusa

Berriz ere etxeratuta

Etxeko konfinamendua ezarri dute Portugalgo herrien eta hirien %70etan. Herrialdeko hainbat agintarik neurri zorrotzagoak hartzeko eskatu dute, eta ez dute baztertu alarma egoera ezartzea

Antonio Costa Portugalgo lehen ministroa, larunbatean, konfinamendua agindu zuen agerraldian. ANTONIO COTRIM / EFE.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Portugalek azkar hartu zituen neurriak COVID-19aren lehen olatuan, eta kasu kopuru apala izan zuen. Udan igoera txiki bat izan ondotik, kasuek gora eta gora egin dute etenik gabe. Ostiralean jo zuen goia kasu kopuruak, egun bakar batean 4.656 kasu atzemanda, eta Antonio Costa herrialdeko lehen ministroak larunbatean bertan iragarri zuen atzo hasitako konfinamendua. Atzo sartu zen neurria indarrean, azken 14 egunetan mila biztanleko 240 kutsatu baino gehiago izan dituzten 121 hiri eta herritan. Denera, Portugalgo biztanleen %70i eragingo die neurriak, 7,1 milioi herritarri baino gehiagori, besteak beste herrialdeko bi hiri handienei: Lisboari eta Portori.

Martxoan ezarritako konfinamendua baino arinagoa da atzo indarrean sartutakoa. Costak larunbatean erran zuenez, ez dute inor konfinatzera behartuko, baina herritarrei «beren ardura zibikoa» betetzeko eskatu diete, eta, hartara, beharrezkoa bada bakarrik ateratzeko etxetik. Bertze herrialde batzuetan ez bezala, oraingoz ez dute alarma egoerarik ezarri, ezta etxeratze agindurik ere. Neurriak aplikatu aitzinetik ere, hainbatek eskatu dute alarma egoera eta etxeratzeko agindua ezartzeko: besteak beste, Portoko barrutiko alkateak. Herrialdeko hainbat kazetek aurreratu dutenez, Marcelo Rebelo de Sousa presidentea prest legoke alarma egoera ezartzeko. Costa datozen egunetan bilduko da Rebelo de Sousarekin, auziaz eztabaidatzeko.

Atzotik aitzinera, eta konfinamendua indarrean den lekuetan, debekatuta dago bortz lagun baino gehiago biltzea. Gainera, telelana derrigorrezkoa da horrela lan egitea posible den kasuetan. Telelanik egin ezin denetan, berriz, ordutegiak moldatu beharko dira. Dendak 20:00etan itxiko beharko dira, eta ezin izanen da aire libreko merkaturik egin. Jatetxeak 22:30ean itxi beharko dira, eta ezin izango dira sei pertsonatik gora bildu mahai batean. Kalean alkohola edatea debekatua dago. Gainontzean, herritarrak etxetik ateratzen ahalko dira kirola egiteko, maskararekin eta tartea utzita. Neurri berriak aplikatu ez dituzten lekuetan, berriz, jatetxeek eta ostatuek goizaldeko ordu bata arte irekitzeko aukera dute; dendak 23:00ak arte irekita egoten ahal dira, eta familiarteko ospakizunetan, ezkontza eta bataioetan erraterako, 50 lagun biltzen ahalko dira.

Ana Elizalde lesakarra Porton bizi da, eta konfinamendua indarrean sartu eta lehen orduetan, ez zuen aldaketa handirik nabaritu bezperan zegoen egoerarekin alderatuta. Hala kontatu dio BERRIAri azken egunetan Porton ikusitakoa: «Hiri erditik unibertsitaterako bidea egin nuen atzo goizean, eta ohiko giroa zegoen: betiko ilarak zeuden betiko lekuetan». Atentzioa eman zion, ordea, kontu batek: ohi baino adineko gutxiago zebilela kalean. Asteburuan, berriz, jende gehiago nabaritu zuen karrikan: «Hiri barruko barrutietan, mugikortasuna eten zuten, eta ohikoa baino jende gehiago zebilen supermerkatuan», kontatu du. Arratsaldean, berriz atera zen karrikara, eta antzeko egoera ikusi zuen: «Jende pilaketarik ez eta lasaitasuna nagusi. Hori bai, denak maskara jantzita». Azken egunetan, gainera, karrikan turista gutxiago zebilela ikusi du.

Neurriak zorroztu

Portugalek urriaren 15ean zorroztu zituen neurriak koronabirusaren hedapenari aurre egiteko. Maskararen erabilera derrigorrezko bilakatu zuen leku publikoetan; unibertsitate giroko jaiak debekatu zituen, eta bataio eta ezkontzetan 50 pertsonako muga ezarri zuen. Neurriak, ordea, ez dira nahikoa izan birusaren hedapena gelditzeko. Urriaren 30ean atzemandako kasuek goia jo ondotik, kutsatuen kopuruak beherantz egin du; ez, ordea, erietxeratuenak eta hildakoenak. Atzo, beste 3.927 kutsatu atzeman zituzten, eta 59 heriotza erregistratu, egun bakar batean koronabirusagatik hildako kopururik handiena. 2.337 gaixo daude egun erietxean, eta horietatik 325 daude zainketa berezien unitatetan. Portugalgo Osasun Ministerioak, gainera, erietxeak baimendu ditu ezinbertzekoak ez diren ebakuntzak eta kontsultak gutxienez abendura arte atzeratzeko, osasun arreta kolapsatu ez dadin.

Portugal azkar ibili zen lehen olatuan neurriak hartzerakoan. Martxoaren 2an baieztatu zen lehen kasua, eta 11 egun geroago deitu zuen alerta egoera gobernuak. 112 kutsatu zituen Portugalek, eta hildakorik ez. Martxoaren 18an, 642 kutsatu eta bi hildako zituela, neurriak gogortu zituen: derrigorrezko itxialdia eta funtsezkoak ez diren jarduera oro etetea. Martxoan birusaren hedapena etetea lortu bazuen ere, neurriak arintzearekin bat, ekainean, kasuek nabarmen egin zuten gora, batez ere Lisboan eta aldirietan. Ekaineko azken astean, etxeko konfinamendua ezarri behar izan zuten Lisboan, birusaren hedapena gutxitzeko. Udazkenaren hasiera lasaia izan ondotik, ordea, halabeharrez berriz ere etxera itzuli behar dira portugaldarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.