Zain egon dira, baina ez geldi

Jokin Altunak eta Beñat Rezustak azpimarratu dute Iñaki Artolaren erabakiaren zain egon diren arren «egoki» egin dituztela egin beharreko lanak, eta «ondo» iritsiko direla igandeko buruz buruko finalera

Jokin Altuna eta Beñat Rezusta, finalerako pilotak aukeratu berritan, atzo, Bilboko Miribilla pilotalekuan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Iñaki Artolak herenegun jakinarazi zuen ez zela osatu eskuineko sorbaldaren atzealdeko muskulu zabalean izandako lesioaz, eta uko egingo ziola igande honetan Jokin Altunaren aurka jokatzekoa zen buruz buruko finala jokatzeari. Hemezortzi egun pasatu ziren Beñat Rezustari irabazi eta finalerako sailkatu zenetik, eta bi aste hura atzeratzeko eskatu zuenetik. Eta tarte luze hori zain egin dute Altuna III.ak eta Rezustak, Artolak zer erabaki zain: aurrelariak noren aurka ariko zen jakin nahi zuen; atzelariak, berriz, finala jokatuko zuen edo ez. Baina gauza bat da zain egotea, eta bestea geldirik egotea. Eta ez bata, ez bestea ez da geldirik egon. Aitzitik, buru-belarri aritu dira finala prestatzen.

Oso argi utzi zuten hori atzo, Bilboko Miribilla frontoian, finalerako pilota aukeraketan: «Esana nuen Iñakik erabakitzen zuena erabakitzen zuela finala jokatuko banu bezala hartuko nituela bi aste hauek. Eta halaxe egin dut. Buruz burukoan izan dut arreta osoa. Ondo iritsi naiz, egin nahi nituen lanak eginda, eta azkeneko partida irabazita [22-8 irabazi zion Jose Javier Zabaletari, hirugarren eta laugarren posturako partidan]. Eskuz ondo nago, ez dut minik. Gustura nago. Ez dago aitzakiarik», esan zuen Rezustak. Are gehiago, alde ona atera zion horrenbeste denboran zain egon izanari: «Alde batetik, hobeto izan da berandu jakin izana finala jokatu behar nuela. Lasaiago egon naiz, eta ez dizkiot buelta asko eman buruari. Entrenatu, pilotak aukeratu, atseden pixka bat hartu, eta finala jokatu. Kito. Azkar joango da dena».

Altuna III.a, berriz, ez du ustekabean harrapatu azkenean Rezustaren aurka jokatu behar izateak. «Iñakik atzo [herenegun] esan zuen ez zuela jokatuko, baina kontua ez zen atzokoa, aspaldikoa baizik. Horregatik, neure buruan ia %100ean izan dut Beñaten aurka jokatuko nuela finala. Beñatek ere bazekien, eta finala jokatuko balu bezala entrenatu da azkeneko astean. Biok ondo gaude. Ez dago aitzakiarik. Ni ondo sentitzen naiz. Hori da garrantzitsuena».

Azaldu zuenez, «inongo momentutan» ez du pentsatu finala atzeratzeak «kalte edo mesede» egingo zion. «Oso ondo nago: oso gustura ari naiz egunero lanean. Prestaketa aldatu behar izan dut, eta binakako partida bat jokatu dut. Baina ez dut inongo momentutan pentsatu atzerapenak mesede edo kalte egingo didan. Ez du ezertarako balio horri bueltak emateak. Nire lanak egin ditut, eta oso gustura aritu naiz. Eta konfiantza dut, jokatu ditudan bi partidetan ondo aritu naizelako. Ea igandean sentipen on horiei eusten diedan».

Ez dute jokamoldea aldatuko

Altuna III.ak eta Rezustak behin bakarrik jokatu dute elkarren aurka Buruz Buruko Txapelketan. Duela lau urte izan zen, final-laurdenetan, eta bergararrak irabazi zuen: 22-14. Biek gogoan dute partida, baina ados daude ez duela balio erreferentzia moduan. «Urte asko pasatu dira, eta biok orduan baino pilotari hobeagoak gara. Nahiz eta Iñakiren ordez izan, Beñat finalean baldin badago, maila sobran duelako dago. Ondo ari da gauzak egiten buruz burukoan azken urteetan», esan zuen Altuna III.ak. «Urteak pasatu dira partida horretatik, eta pilotari ezberdinak gara. Ederra litzateke ordukoa errepikatzea, baina oso zaila izango da. Jokin da faboritoa. Maila handia ematen ari da azken urteetan, eta beti dago finaletan edo finaletatik gertu. Oso zaila da hari irabaztea, normalean bere maila ematen baitu. Partida zaila izango da, baina oso polita jokatzeko, are gehiago final bat dela kontuan hartuta. Nire lana egin nahi dut. Ea lortzen dudan. Gogotsu eta ilusioz nago. Latza litzateke txapela irabaztea. Gainera, lehena nuke buruz buru», aitortu zuen Rezustak.

Biek ala biek azpimarratu zuten euren jokamoldeari eutsiko diotela. «Ezin dut haren joko zoroan sartu; bestela, ez dut zereginik. Badakit nola jokatu behar dudan, baina, askotan, Jokin bezalako pilotariek ez dizute lagatzen joko hori egiten. Nik argi dut Jokin eroso baldin badago zaila izango dela hari irabaztea. Hura mugitzen saiatu behar dut, lasai egon ez dadin», azaldu zuen Rezustak. Altunak, berriz, «oldarkor» jokatu beharko duela nabarmendu zuen. «Ez dut itsutu behar haren eskuinaren bila. Ez da ona bestearen jokoan izatea arreta osoa, partidatik irten zaitezke eta. Nik ondo egin behar dut nire jokoa. Sakea ezkerparetara botatzen baldin badiot, kostatu egingo zaio bueltatzea. Pilota besagain jotzen saiatuko naiz, ahal den abiadura handiena emateko. Nire partida onena egin beharko dut. Nire lana ongo egiteak axola dit, maila honetan pilota guztiek asko jokatzen baitute. Argi dut: ez badut ondo egiten, ez dut irabaziko. Baina itxaropentsu nago. Ondo sentitzen naiz». Pilotak ere ez dira aitzakia izango: bi finalistek gustuko materiala topatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.