Sufrimenduaren estetizazioa

Oier Iruretagoienak 'San Sebastian eta fantasma' erakusketa zabaldu du Donostiako San Telmo museoan. Bi parte ditu: martiri erromatarraren iruditik abiatutako lanak eta soinu instalazio bat

Oier Iruretagoiena artista San Sebastian eta fantasma erakusketarako ondutako pieza baten ondoan, Donostiako San Telmo museoan. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
«Gustatzen zait lanetan egon dadila anbiguetatea, izaera askoren arteko nahasketa bat. Zaila izan dadila lana adjektibo bakarrarekin definitzen. Izan dadila alde berean ederra eta nazkagarria, edo tragikoa eta umoretsua. Gauza horien guztien artean egon dadila pieza». Horregatik itsats ditzake txikleak Oier Iruretagoienak (Errenteria, Gipuzkoa, 1988) San Sebastian «izenburu tragikoa» daraman paperezko zein egurrezko piezaren gainean, horregatik dirudi santuak neska nerabe bat beste pieza batean, sufritzen ari den gizon heldu bat izan beharrean. Izaera askotariko hori jasotzen duten lanak bildu ditu San Sebastian eta fantasma erakusketan, eta, izenburuak aurreratzen duen modura, bi partez osatu du: San Sebastian santu eta martiri erromatarraren iruditegitik abiatutako lan multzo bat, batetik; eta aretoaren erdian kokatu duen soinu instalazio bat, bestetik, Fantasma. Urtarrilaren 9ra arte bisitatu ahalko da.

Arte abian programaren barruan garatu du erakusketa Iruretagoienak. Kutxa fundazioak eta San Telmo museoak elkarlanean antolatzen duten programa da, «ibilbide profesionalaren lehen urteetan» dauden artisten lana bultzatzea helburu duena. Iaz abiatu zuen Nagore Amenabarrok, eta haren lekua hartu du aurten Iruretagoienak museoko Laborategia espazioan.

Denera 11 pieza bildu ditu; hiru aurrez egindakoak eta zortzi aretorako espresuki sortuak. Izan ere, azaldu duenez, aretoaren arkitektura bera izan da erakusketa gehien baldintzatu duen elementua Iruretagoienarentzat: «Nahiko berezia da espazioa: sabaiak bi altuera ditu, bi paretetan egurrezko taulak daude eta atzean zementua (horrek markoa jartzen dio jartzen den edozeri), zintzilikatzeko barra altuak daude, lurrean elektrizitate hargune asko... Hori guztia nire alde jartzen saiatu naiz».

Aretora sartu eta ezkerreko horman, «ohikoenean», kokatu ditu aurrez eginda zituen piezetako bi —lurrean da hirugarrena—: Cold Ears (2018) eta Buruak I (2015). Maché paperezko eta pinu egur bernizatuzko gainazal bat grapaz eta tirafondoz beteta erakusten du batak eta mailuz jotako bi buru besteak. «Indarkeriazko testura bat» agertzen dute, artistaren hitzetan, baina azalera mugatzen den indarkeria bat da, nolanahi ere. Hori «urrunago» eraman nahi izan du erakusketarako ondu dituen lanetan: «Materialari egindako erasoa oso egiturazkoa da pieza berrietan, hasieratik daude horrela landuta. Material konglomeratuak daude, egurrak, paper maché-a... eta horien mozketak egituratzen ditu piezak; horien muntatze bat dira. Mozketen bidez ateratzen da bistara barruko egitura».

Materialek prozesuan pairatutako indarkeria hori baliatu du artistak San Sebastian martiriaren sufrimenduarekin loturak sortzeko. Figura nahiko «tipoformikoak» dira denak, bertikalak oro har, puskaz osatutakoak, aretoaren ezaugarriak integratzen dituztenak. «Deseginez, deseraikiz eraikitzean datza. Pieza berriak definitzen dituena hori da: tripak kanpora ateratzea».

Bakarrean agertzen da santua erdiz nabarmenduta: museoaren bildumatik ateratako irudi bat da, plastikozko mural batean itsasi duena Iruretagoienak. Musugorri jarri dio izena, hala deitzen dutelako museoko langileek. «Ez da santuari egindako omenaldi bat, modu ironikoan tratatuta dago. Irudi horretan badago San Sebastian, baina eman dezake nerabe bat ere. Ez dauka sufritzen egotearen itxurarik; oso lasai dago, masail gorriak ditu, oso osasuntsu balego bezala. Irudi hori izan dut abiapuntuan baduelako nire piezatan lortu nahi dudan zerbait». Ileak, ardoa eta beste ere txertatu ditu, nahi berarekin: «Ardoak odola irudikatzen du ironikoki. Gustatzen zait umorea egotea nire lanetan».

Musugorri-n ageri den San Sebastianen figuran antzeman zituen zuloek piztu zioten interesa Iruretagoienari; geziak nola zetozen irudikatuta zuloen bidez. San Sebastianen zuloak izeneko testua idatzi du erakusketaren katalogorako Carmen Pardo Salgado soinu ikerlariak, eta hark gorputzaren edertasuna eta erotismoa azpimarratzeko metodotzat jo du zuloen erabilera idatzian. Urriaren 28an argitaratuko dute katalogoa, eta egun horretan bertan solasaldi bat eskainiko du Pardok. Artistak adierazi duenez, ordea, bi lan «paralelo baina indepente» izan dira eurenak.

Murmurio behartua

«Ikusi dut jendea aurikularrak belarrietan jartzen. Nik hori ezin dut kontrolatu, ikuslearen esku dago, baina, berez, lurrean egon daitezen planteatu ditut», aitorpena artistak. Erakusketa gelako zoruan zabaldutako aurikularrekin osatu baitu Fantasia instalazioa, hasieran, handik eragin dezaten bilatutako zurrumurru hotsa. Zuzeneko irrati emisio bat igortzen dute aurikularrek, oso bolumen altuan jarrita. Iruretagoiena: «Aldi berean dago soinua oso altu eta oso baxu. Entzuten dena baino inportanteagoa da nola entzuten den aurikularrak behartzen direnean: eman beharko luketen baino gehiago ematera behartzen dugunean sufritzen hasten dira. Soinua distortsionatzen da, eta, erakusketak aurrera egin ahala, hondatzen joango dira, gainera».

Pardok bere testuan idatzi duenez, «San Sebastianen figurarekin batera agertu den indarkeriaren estetizazioan tematzen da» aretoan hedatzen den murmurio hori. Bat etorri da artista: «Pieza guztiak dabiltza ideia horren inguruan, anbiguetaterantz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.