Albistea entzun

Zirkulua itxi, edo irekita utzi

Bartzelonak eta Lyonek Txapeldunen Ligako finala jokatuko dute gaur. Euskal Herriko jokalari bana dago bi taldeetan: Irene Paredes Kataluniakoan, eta Damaris Egurrola Frantziakoan
Leila Ouahabi Bartzelonakoa eta Ada Hegerber Lyongoa lehian, duela hiru urteko finalean.
Leila Ouahabi Bartzelonakoa eta Ada Hegerber Lyongoa lehian, duela hiru urteko finalean. TIBOR ILLYES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2022ko maiatzak 21

2019ko maiatzaren 18a. Budapest Arena estadioa. Txapeldunen Ligako finala. Lyon eta Bartzelona aurrez aurre. Frantziarrek seigarrenez titulua irabaztea zuten helburu; kataluniarrek, berriz, lehena irabaztea zeukaten amets. Ametsa, ordea, amesgaizto bihurtu zen blaugranentzat, Lyonek 4-1 irabazi baitzien. Halako porrotak beti dira mingarriak. Baina ordukoa mugarri izan zen, hortik sortu baitziren egungo Bartzelonaren sustraiak, bi urtez Espainiako Ligan eta Txapeldunen Ligan ia menderaezin izan den taldea. Iaz, gainera, garaikurra irabaztea lortu zuen. Lyonek, berriz, bi sasoi hauetan ezbaian ikusi du urteetako nagusitasuna. Izan ere, iaz final-laurdenetan geratu zen txapelketatik kanpo, eta ez zuen liga irabazi. Denboraldi honetan, gutxinaka, bere onera itzuli da, Sonia Bompastorren eskutik.

Gaur, Turinen, bi taldeak izango dira berriz aurrez aurre, garaikur beraren bila. Bartzelonak Budapesteko finalean hasitako zirkulua itxi nahi du, bigarren Txapeldunen Liga irabaziz; Lyonek, berriz, irekita utzi nahi du, eta oraindik ere Europan nagusi dela erakutsi. Bi taldeetan euskal jokalari bana izango dira: Irene Paredes Bartzelonan, eta Damaris Egurrola Lyonen. Irabazten duenak historia egingo du, Euskal Herriko lehen emakume futbolaria izango baita Txapeldunen Liga irabazten.

Ana Junyent Eibarreko entrenatzaile ohiaren arabera, ez dago faboritorik finalerako. «Askok diote Bartzelona dela irabazteko hautagai nagusia. Baina Lyonek ere denboraldi aparta egin du, eta talde handia da. Zazpi Txapeldunen Liga irabazi ditu, horietatik bost segidan. Talde handia da». Natalia Arroyo Realeko entrenatzailearen esanetan, aurtengo finalak ez du zerikusirik Budapestekoarekin. «Bi taldeek dute gaitasuna minutu edo jokaldi gutxian finala erabakitzeko. Baina ez dut uste hala egingo dutenik, elkarri errespetu handia izango diote eta. Lyon asko hazi da denboraldian zehar, eta indartsu dago. Bartzelonak, berriz, bi urte ia perfektu egin ditu, eta sekulako hazkundea izan du. Jokalariek nortasun handia dute, eta ez dira irtengo duela hiru urteko finalean bezala: blokeatuta».

Emaitzatik harago, Arroyo ziur dago «lehenago edo geroago» Bartzelonak nahi duen tokira eramango duela partida. «Bai bakarka eta bai multzo moduan baliabideak eta erregistroak ditu horretarako, eta gai izaten ari da Europan ere hori egiteko». Herrialde Katalanetako taldeak duen «erregistro aniztasunari» egin dio hain zuzen azpimarra Junyentek ere. «Baloi jabetzan oinarritzen du bere jokoa, baina, goian presio estua eginez gero, gai da lerro artean jokatu eta baloi sakon zein luzeen bidez min egiteko. Partidetan erregistroz aldatzeko trebezia du, gainera». Baina Lyonen indarguneei ere erreparatu die. «Eroso dago baloia ez duenean. Baina, aldi berean, ahalmen fisiko handia du ekimena izateko, eta abiadura baliatuz mina egiteko».

Arroyok funtsezkotzat jo ditu lehen minutuak. «Bartzelona oso ohituta dago nagusi izatera eta bizkor aurretik jartzera. Hori lortzen badu, konfiantza eta sendotasun handiagoaz arituko da. Estu joanez gero, berriz, Lyonen aukerak handituz joango dira. Partida luzea izatea komeni zaio Lyoni, eta gauza gutxi gertatzea».

Horri lotuta, Junyentek argi du zer egin behar duen Bartzelonak finala irabazteko: «Oso adi egon beharko du Lyonen kontraerasoei, eta trantsizioetan baloirik ez galdu. Defentsan elkartasun handia izan beharko dute. Horrekin batera, gol aukerak bailatu behar dituzte». Lyoneko entrenatzailea izango balitz, «Bartzelonaren bila» joango litzateke. «Presio estua egingo nieke baloi irteeran. Lyonek badu ahalmen fisikoa horretarako, eta, goian baloia berreskuratuz gero, min egin dezakete aurrelarien bizkortasunarekin. Baina ez dut uste hori egingo dutenik. Presioa egingo dute, baina ez horren goian».

Bartzelona ez dago ohituta asteburuero Lyonen ahalmen fisikoa duten taldeekin lehiatzera. «Ez dut uste horrek eragingo dionik. Arlo horretan erabakigarria eta mugarria izan zen duela bi urte Bartzelonak Lyonen aurka jokatutako finala. Han konturatu ziren zegoen aldea fisikoa zela, eta, ordutik, Bartzelonak lan handia egin du arlo horretan. Oraingo honetan, alde hori ez da ikusiko». Liga aspaldi irabazi izanak ere ez dio eragingo. «Bartzelonak beti du irabazteko grina».

Finaleko jokalari erabakigarriei begira, Caroline Graham aipatu du Junyentek: «Eskuin hegaletik asko ematen dio Bartzelonari: sakontasuna, desbordea, barneraketak, erdiraketak... Aitana Bonmati ere jokalari garrantzitsua da. Lerro artean oso ondo mugitzen da, jokoa ikusteko gaitasun handia du, eta Jenifer Hermosok eta biek oso ondo ulertzen dute elkar». Arroyok, Alexia Putellasek Patri Guijarrok eta Bonmatik osatutako hirukoari erreparatu dio: «Haiek jokoan sartzen badira, eta baloia luzaroan badute, Bartzelonak asko izango du irabazia». Lyonetik, Catarina Macario eta Ada Hegerberg goraipatu ditu Junyentek. «Jokalari oso bizkorrak eta erabakigarriak dira».

Hegerberg ere nabarmendu du Arroyok. «Azkenaldian, sekula baino gol gehiago sartzen ari da. Bestalde, finaletan, are gehiago oso berdinduak izanez gero, geldikako jokaldiak erabakigarriak dira, eta hor ahalmen handiko jokalari bat du Lyonek: Renard. Sekulako indarra dauka, eta 5-6 zentimetro ateratzen dizkie aurkariei. Korner bat alde izatea aukera bat da Lyonentzat».

Paredes eta Egurrola

Bi euskal jokalari finalean izateari «balio handia» eman behar zaio Arroyoren ustez. «Are gehiago kontuan hartuta bi taldeetan egiten duten lana, eta belaunaldi ezberdinetakoak direla».

Beren taldeetan duten rola aztertuz, Paredesek Bartzelonaren jokoan duen garrantzia nabarmendu du Junyentek. «Lehen denboraldia du, baina zelaian eta aldagelan lider bat da. Funtsezko jokalaria da, oso protagonista». Eta finalean ere hala ikusten du. «Buruz oso ondo doa, fisikoki indartsua da, eta, gainera, maiz jokatu du Lyonen aurka. Ondo ezagutzen ditu aurkariak, eta hori abantaila handia da». Ados dago horrekin Arroyo. «Bartzelonari ausardia handiagoz defendatzeko ahalmena eman dio, buruz buru zein zelai irekian ondoen defendatzen duen atzelaria baita».

Damarisek jokatuko ote duen zalantza dute. «PSGren aurkako finalerdian partida bakarra jokatu zuen. Nahiko nuke jokatzea, baina lehia handia dago talde horretan. Dena den, partida aproposa izan daiteke harentzat, Bartzelonaren zelai erdia ez baita horren fisikoa», dio Junyentek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©FOKU

Ez urdin eta ez berde: horia

Aitor Manterola Garate

Oriok irabazi du Euskolabel ligako aurreneko estropada Bilbon, erlojuaren aurka. Donostiarra izan da bigarren hiru segundora, bigarren ziabogan kateatu eta gero. Hondarribia hirugarren, eta Urdaibai bosgarren.

 ©FOKU

Arraun Lagunak, aurreneko irabazlea

Aitor Manterola Garate

Euskotren ligako lehendabiziko estropada irabazi du Bilbon. Erlojuaren aurka nagusitu zaie Oriori, Donostiarrari eta Tolosaldeari.

Fabio Jakobsen helmugan garaipena ospatzen. ©Tim K. Jensen / EFE

Jakobsenek ez du hutsik egin

Beñat Mujika Telleria

Quick-Stepeko txirrindulariak irabazi du Frantziako Tourreko bigarren etapa, esprintean. Pogacar erori egin da, baina ez du denborarik galdu. Van Aert da lider berria

 

Urdaibai iaz, Bermeoko estropadan, ziaboga batean. ©AITOR ARRIZABALAGA / EUSKO LABEL LIGA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...