gorka julio
IRLEN SAREA

Hezkuntza eta osasuna

2023ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Hezkuntza eta osasuna dira arlo publikoan garrantzirik handiena duten eta aldaketa gehien jasaten ari diren alorrak. Aldaketa horietako asko ereduari dagozkio. Digitalizazioa txertatzen den arlo askotan, alboan gelditzen dira pribatu-komunitario-publiko eztabaidak, eta erraz erortzen gara teknologia pribatu eta pribatiboak soilik erabiltzera.

Osasunari buruz ez dut gehiegi hitz egingo, ez bada artatze birtualaren afera aipatzeko. Ziur ondo egin daitekeen zerbait dela, baina mesfidantza sortzen du IMQri ateak irekitzen dizkion administrazio batetik datorrenean. Ez du balio unibertsalik, baina aste honetan kontrastatu izan dut Osakidetzaren egoera; kasualitatez, nire etxeko medikuarekin hitzordu arrunt batean, ordu bat baino gehiago itxarotea egokitu zait.

Hezkuntzaren alorrean, neutraltasun teknologiko faltsu bat inposatu nahi dute. Google, Microsoft eta software libreko soluzioak maila berean kokatzeak ez du zentzurik. Zerbitzu batzuk eskolan dauden jakintzak baliatuz eman daitezke, baina ez dauden perfil eta baliabide egokiak beharrezkoak dira horretarako. Irakasleen formazioan pausoak ematen ari dira, behintzat, hori arazotsua izaten ari bada ere.

Soluzionismo teknologikoaren sinestun asko dago, teknofobo adina, eta bi horien arteko tira-birak ez du teknologiarekiko prozesu erreflexibo eta kritiko bat gauzatzeko aukera handirik eskaintzen.

Egoera horretan argi printzak ere badaude, gauzak alda daitezkeela erakusten duten ereduak. Bartzelonan probatzen ari diren DD, Moodle eta beste hainbat software libreko tresna integratzen dituen plataforma da adibide bat. Baita, eta lotsa ematen du esateak, Frantziako Gobernuaren 2023-2027 hezkuntzarako estrategia digitala. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak hezkuntzari lotutako beste eredu bat aztertzeko pilotu bat hitzartu bazuen ere, gaur da eguna horren berririk ez duguna.

Hezkuntza digitalaren inguruan bada komunitaterik euskal herrian Hezkuntzan Librezale kasu, edo urtero Moodle inguruko Moodlemoot antolatzen duten #Mooteus eragileak. Aurten ere egingo dute, hilaren 26an, Donostiako Tabakaleran. Bide batez eta oroigarri moduan, gaur ere beste zita bat duzue osasun publikoaren aldeko defentsan dauden mobilizazioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.