Gora begira jarri nahian

Athleticek eta Realak San Mamesen jokatuko dute gaur. Ez batak ez besteak ez du sasoia nahi bezala hasi

Jon Ander De la Hoz.
2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Mugarri baten itxura du gaur gauean jokatuko den euskal derbiak. Orain arte egindakoak ahaztu, eta gorantz begira jartzeko asmoa dute Athleticek eta Realak. Horretarako aukera ezin hobea da San Mameseko neurketa. Oraingoz, bi taldeak ez dira espero bezala aritu, eta bistan da hori sailkapenean. Donostiarrak aurretik dira; 13. postuan daude, baina bilbotarrekin puntu baten aldea besterik ez dute. 15. dago Eduardo Berizzoren taldea. Alabaina, azken partidan emaitza hobea lortu zuten zuri-gorriek; Bartzelona ahalguztidunaren etxean puntu bat urratzea lortu zuten. Realak, berriz, galdu egin zuen Valentziaren aurka, Anoetan. Orain arteko bideari erreparatuta, partida lehiatua aurreikusten da.

Aste osoan kolokan izan dituen jokalariak jokatzeko moduan ditu Berizzok. Deialdian sartu ditu Iñigo Martinez eta Aritz Aduriz, eta ohiko hamaikakoarekin aritzeko moduan dira bilbotarrak. Bestelako egoeran dago Reala; jokalari asko min hartuta dauzka Asier Garitanok, eta lanak ditu deialdia osatzeko. Gaur emango du haren berri, eta ikusi beharko da harrobiko zenbat jokalariri deitzen dien. Lehen taldeko jokalarien araberakoa izango da hori.

Bi entrenatzaileek azaldu dute partida berezia dela gaurkoa. Berizzok hala esan du «Derbiak ezin dira alderatu ezerekin, oso garrantzitsuak baitira zaleentzat». Antzera hitz egin du Garitanok ere: «Derbi berezia da. Badakigu partidako une guztietan guztia emateko eskatuko digutela, eta itxura indartsua eta trinkoa emateko asmoarekin goaz». Halaber, Bergarako entrenatzaileak aitortu du berarentzat ere ezberdina izango dela Athleticen aurkako partida hau: «Leganesekin hiru aldiz egon naiz, baina Realarekin berezia eta polita izango da. Bizitza guztian oroituko dut».

Berizzok eta Garitanok gertutik erreparatu diote aurkariaren ibilbideari. Prestatzaile argentinarrak zehaztu du Reala talde «arriskutsua» dela, eta txuri-urdinen erasoko jokalariengan arreta jartzearen garrantziaz mintzatu da: «Gol asko sartzen dituzten aurrelariak ditu. Haiei ondo eutsi behar zaie».Garitanok, berriz, azpimarratu du intentsitate handiko partida espero duela: «Athletic indartsua eta goian presio egiten duena izango da». Halere, bergararrak argi utzi du zein asmo duen taldeak: «Emaitza on baten bila goaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.