Izateko manera guztiak

Hilaren 18an hasiko da Bilboko 16. Zinegoak jaialdia. Sexu aniztasunarekin lotutako gaiak izango ditu aurtengoak ardatz. 140 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte martxoaren 3ra bitarte

Zinegoak jaialdiaren antolatzaileak, atzo, Bilbon egin zuten aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
«Lumaz harro gaudela adierazi nahi dugu». Hala baieztatu du Alaitz Arenzana Zinegoak Gay-Lesbo-Trans Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Nazioarteko jaialdiko kideak. «Ez da lotsatzeko kontu bat. Bakoitzak eskubidea izan behar du, naturaltasunez, nahi duen moduan bere generoa adierazteko eta lau haizeetara zabaltzeko». Hilaren 18an hasiko da 16. Zinegoak jaialdia, eta aurtengoa iragartzeko kartelari begira eman ditu azalpenak Armendarizek: Saul Armendariz Cassandro Exotikoa ageri da bertan, borroka librean jarduten den mexikarra. «Horren matxista den inguru batean, inolako konplexurik gabe, harrotasunez azaltzen da jendaurrean». Sexu aniztasunari lotutako gaiak lantzen ditu Zinegoak-ek, eta «izateko modu asko» daudela azpimarratu nahi dute aurten, Lumaz harro goiburupean. Jaialdiaren egitura berritu dute, eta 140 ekitaldi baino gehiago bildu dituztela azaldu zuten atzo, egitaraua aurkezteko Bilbon egindako agerraldian.

Jaialdi ofiziala hilaren 18an hasiko den arren, hainbat ekitaldi antolatu dituzte aurreko egunetarako. «Sexu aniztasuna Bizkaiko hiriburu osora hedatzea da egitasmo honen helburua», azaldu zuen Arenzanak. Bilboko hainbat elkarterekin elkarlanean, solasaldiak egingo dituzte hilaren 14tik 17ra bitarte. Lumagorri elkarteak, adibidez, Bide Zuzena, Ibilbide Okerrak dokumentala emango du, Gasteizko LGTBI mugimenduaren azken 25 urteetako historia jasotzen duen lana.

EGITURA BERRIA

Orotara, 25 film luze izango dira 16. Zinegoak jaialdiaren Sail Ofizialean. Egitura aldatu diote sailari aurten, eta hiru atal bereizi dituzte, generoaren arabera: Fik, Dok eta Krak. «Fik atalean, fikzioko film luzeak bilduko ditugu; eta Dok atalean, berriz, dokumentalak». Krak saila izango da berrikuntza nagusia. «Off Zinegoak izeneko sailaren lekukoa hartuko du, eta lanik apurtzaileenak erakutsiko dira bertan». Hortik izena: Krak.

Atal bakoitzean izango diren filmetako batzuk ere aipatu ditu Arenzanak, jarraian: Rafiki, Kenian ekoitzitako zinema lesbikoko lehen pelikula eta Happy prince, Oscar Wilderen bizitari buruzko filma izango dira, besteak beste, Fik atalean. Dok atalean, berriz, Ez Eva ez Adan. Intersex kontakizun bat eta Kartzela Bollerak lanak erakutsiko dituzte, besteak beste. «Intersexualitatea oso presente izango dugu aurtengo aldian». Bat egin zuen Pau Guillen jaialdiko zuzendariak ere. «LGTB mugimendua aipatzen dugunean, bazterrean edo ahaztuta uzten dugu i hori, eta arreta berezia jarri diogu horregatik».

Krak sailean erakutsiko dituzten lanen artetik bi azpimarratu dituzte jaialdiko kideek: Diamantino, Europako Zinemaren Sarietan komediarik onenaren saria jasotzeko hautagaia izan zen filma eta Un couteau dans le coeur thrillerra. Film luzeez gain, laburrak ere izango dira lehian: nazioarteko 47 izango dira ikusgai, orotara. Begiradak sailean lehiatuko dira horiek. Bilborocken, Golem zinemetan eta Bilbo Arte aretoan izango dira emanaldi guztiak, eta sarrerak ere aretoetan bertan jarri dituzte salgai. Palmaresa martxoaren 3an jakinaraziko dute, jaialdiaren amaiera ekitaldiarekin.

EUSKAL HERRIKO LANAK

Arenzanak azaldu zuenez, espazio berri bat sortu dute Euskal Herriko lanentzat: Erroak. «LGTBI edukia duten filmen produkzioak gora egin du Euskal Herrian, eta atal berri bat egokitu dugu bertakoak erakusteko». Sei lan bildu dituzte, eta hilaren 25etik 27ra egingo dituzte emanaldiak, Bilborocken.

SARITUAK

Aurtengo Ohorezko Saria Sridhar Rangayan zuzendari, ekoizle eta ekintzaileari (Mandya, Karnataka, India, 1962) emango dio Zinegoak-ek. Kashsish izeneko queer zinema jaialdiko zuzendaria da Rangayan. Bombayn egiten da, eta hura da Indian sexu aniztasuna lantzen duen jaialdi bakarra. Hamar urte beteko ditu aurten, eta munduan erreferentea da dagoeneko. Jaialdiaren hasiera ekitaldian emango diote saria Rangayani, Arriaga antzokiko ekitaldian.

Bi urtetik behin, Zinegoak-ek sari berezi bat ere ematen die ezaugarri sozial eta militantea duten eta ikus-entzunezkoak lantzen dituzten norbanako, elkarte eta erakundeei. Aurtengoa Apoyo Positivo (A+) elkartearentzat izango da, 25 urte betetzen baititu.

EKITALDI GEHIAGO

Jaialdian lehian arituko diren film proiekzioez gain, bestelako jarduerak ere egingo dituzte. Helduaroa eta sexu aniztasuna lantzen duen solasaldi bat egingo dute, adibidez, hilaren 25ean, Bizkaiko hiriburuko Fnac dendan. «LGTBI nagusien ikusgaitasuna landu nahi dugu, ez baita sarritan aipatzen», azpimarratu zuen Guillenek. Haurren transexualitatea lantzeko, berriz, Mikele dokumentalaren proiekzioa egingo dute Sarean elkartearen egoitzan. Eskola magistralak ere egingo dituzte jaialdiak iraun bitartean, EHUrekin elkarlanean.

Arte eszenikoek toki «berezia» hartuko dutela azaldu zuen Arenzanak. «Orotara, sei pieza izango ditugu». Xake Produkzioak-ek, kasurako, haurren transexualitatea lantzen duen Lur antzezlana erakutsiko du. «Bollo bertso-saio bat ere egingo dugu, LGTBI eta genero gaiak landuko dituzten hiru bertsolarirekin».

Jaialdia bukatu ondoren, herriz herri hedatuko dituzte Zinegoak jaialdian erakutsitako lanak. Azaldu zutenez, orotara 60 proiekzio egingo dituzte Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 44 herritan.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.zinegoak.com
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.