Siriako gerra. Idlibeko gatazka

Turkiak Siriako armadaren kokalekuak bonbardatu ditu, hark Idlibi eraso ostean

Siriako armadak Turkiako 33 soldadu hil ostean egin du Ankarak erasoa. Turkiako Defentsa Ministerioaren arabera, Siriako 329 militar hil dituzte

Idlib iparrekialdeko Turmanin herrian, bi herritar motoan, aurreko astean. STR.
Iosu Alberdi - Aitor Manterola
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Turkiak Siriako Gobernuaren esku dauden eremuen aurkako hainbat bonbardaketa egin zituen atzo Alepon, Haman eta Latakian, baita Idlibeko frontean ere. Hulusi Akar Defentsa ministroaren esanetan, 329 militar hil dituzte erasoetan, eta gobernuaren esku dauden 200 eraikin jo. Siriako Gobernuak gezurtatu egin zuen datu hori: «Turkiako eta Mendebaldeko hedabideek puztu egin dituzte gure hildakoen kopuruak». Ekintza hori Siriako armadak Idlib probintziari eraso egin ostean iritsi da —herenegun iluntzean egin zuen eraso Siriak—. Ankarako gobernuaren arabera, Turkiako 33 soldadu hil ziren eraso horretan, eta beste 36 zauritu. Turkiako presidentetzako bozeramaile Fahretin Altunek atzo jakinarazi zuen oraintxe bertan jomugan dituztela Siriako Gobernuaren «elementu guztiak».

Turkiako Gobernuko Justizia eta Garapena alderdiko bozeramaile Omer Celiken arabera, «merezitako erantzuna» jaso du Damaskok, eta «hala jarraituko» dute. Ankararen esanetan, euren armadako 54 soldadu hil dira otsailean Siriako lurretan. Iturri berberen arabera, Siriako armadako 1.700 soldadu inguru hil, zauritu edo harrapatu dituzte —azken erasoaren aurreko datua da—. Izan ere, azken egunetan tentsioa nabarmen areagotu da eremu hartan.

Idlib probintzia da talde jihadisten —Turkiaren babesa dute— esku dagoen Siriako azken lurraldea, Alepoko eta Hamako hainbat eremurekin batera, eta horiek dira gatazkaren epizentroa. Turkiak herenegun adierazi zuen egoera haien aldekoa zela, jihadistek Saraqeb hiria hartu ostean. Alepo eta Damasko lotzen dituen errepidea handik igarotzen da. SANA Siriako albiste agentzia ofizialak adierazi zuenez, ordea, «Turkiaren zuzeneko babesa dute terroristek; ez da betetzen ari Sotxiko akordioa». Hitzarmen hori 2018an egin zuten Ankarak eta Moskuk, zeinaren arabera Turkiak dozena bat behatoki dituen militarrik gabeko esparruan Idlib ipar-ekialdean; gune horiek ipini zituzten Siriako Gobernuak erasorik egin ez zezan matxinoen mende dagoen Siriako azken gotorlekuan.

Errusiako eta Siriako hegazkin militarren aurkako erasoak egin zituzten eremu horretan, eta horien aurkako kontraerasoa litzateke Siriak eginikoa. Ankarako gobernuak, baina, gezurtatu egin du halako erasorik egin izana.

Erdogan-Putin bilera

Azkenaldiko gertakariek gaiztotu egin dute Turkiaren eta Errusiaren arteko harremana, eta, giroa baretzeko asmoz, bi aldeek atzo adostu zuten Recep Tayyip Erdogan eta Vladimir Putin bildu egingo direla datorren astean; ez zuten jakinarazi zer egunetan egingo den Moskuko bilera. Bi agintariak harremanetan jarri ziren atzo, telefono bidez aritu baitziren. Kremlineko iturriek esandakoaren arabera, «bi gobernuburuek elkarri adierazi zioten militarrik gabeko eremuetako akordioak betetzeko premia dagoela, eta neurri gehigarriak hartzeko beharra dagoela Idlibden egoera normalizatzeko». Bi herrialde horiek sarri ari dira elkarrizketak izaten azken asteetan. Ez dute baztertu luze gabe goi bilera bat egitea, eta horren inguruko erabaki bat hartzeko premiaz ere aritu ziren hizketan. Moskuko iturrien arabera, «bi herrialdeentzat lehentasuna dauka nazioarteko talde terroristen aurka egiteak». Horretaz guztiaz aurrez aurre aritzeko aukera izango dute datorren asteko bileran.

Beste batzar batek ere bereganatu zuen atzo arreta, NATOko kontseilua bildu egin baitzen, Turkiak hala eskatuta. Atzerri ministro Mevlut Cavusogluk telefonoz hitz egin zuen Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiarekin, eta erakundeko kontseilua premia larriz biltzeko eskatu zuen. Erakundearen laugarren artikuluari men eginez hartu zuten erabakia: «Kideei kontsulta egingo zaie, horietako baten ustez bere lurraldearen osotasuna, independentzia politikoa edo segurtasuna mehatxupean badago». Batzarrera deitu aurretik, Stoltenbergek garbi adierazi zuen Turkia aliatuaren alde dagoela, eta Siriako eta Errusiako armaden erasoak gaitzetsi zituen; baita horiei «amaiera emateko» exijitu ere.

Errusia ez da joango Siriatik

Errusiaren jarrera bestelakoa da. Sergei Lavrov Atzerri ministroak adierazi zuen Siriako Gobernuak eskubidea duela Idlib berreskuratzeko lan egiteko: «Su-etenean jasandako une oroko urraketei erantzunez, Siriako armadak eskubide osoa du erantzuteko, terroristak txikitzeko». Gaineratu zuen 2018ko Sotxiko akordioak betetzeko lanean ari direla, eta, horretarako, beharrezkotzat jo zuen «oposizio normala terroristetatik» banatzea; Turkiak ez du halakorik egin. Lavrovek doluminak helarazi zituen Turkiako soldaduen heriotzengatik, baina halakorik ez gertatzeko akordioak «guztiz» errespetatu beharra nabarmendu zuen. Adostutako puntuetako batek dio bi aldeek jakinarazi behar dutela non dituzten soldaduak; izan ere, Errusiak dioenez, Damaskok eraso eginiko lekuetan Turkiak «ez luke» militarrik eduki behar.

Errusiaren jarrera zein izango den zehaztu zuen armadako jeneral erretiratu batek, Yevgeni Buzhinskik: «Siriatik ez gara joango inola ere, eta ez dugu bakarrik utziko Baxar al-Assad».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.