Dena gertu tira egiteko

Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa datorren astean egingo da, Getxon. Lau euskal talde ariko dira, eta Euskal Herria nazio moduan lehiatuko da

Bingen Zupiria, Maaike Hornsta, Igor Duñabeitia, Amaia Agirre eta Lorea Bilbao, Faduran egindako aurkezpen ekitaldian. I.F.G.
Iñaki Fernandez Guridi.
Getxo
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketa egiteak eskatzen dituen lan guztiak eginda, mundu osoko 580 tiralari lehiatuko dira Getxoko (Bizkaia) Fadura kiroldegian irailaren 16tik 19ra.

Dena ondo bidean izan balitz, joan den urteko irailean zen egitekoa txapelketa, baina, pandemiaren eraginez, urte bat atzeratu behar izan dute: aurten egingo da, baina une oroko osasun murrizketak kontuan hartuta. Eragin nabarmenetako bat edukierak izango du; izan ere, 500 bat lagunek baino ezingo dute ikusi bertatik bertara.

Parte hartzean ere murrizketak izan dira. Aurreko aldietan hogei naziok parte hartu izan zuten, baina aurten hamasei izango dira, denek ezin izango baitute bidaiatu. Baiezkoa eman duen azken nazioa Hegoafrika izan da. Gobernuak derrigorrezko konfinamendua kendu zuenez, aurreko astean animatu ziren hegoafrikarrak txapelketan izena ematera.

Nazioarteko Sokatira Federazioak (TWIF) eskubide osoko kidetzat onartu zuenez Euskal Herria duela sei urte,euskal tiralariak euskal selekzioaren izenean lehiatuko dira, Basque Country izenpean.

Nazioez gain, klubek ere parte hartuko dute Munduko Lur Gaineko Sokatira Txapelketan. Guztira 39 izango dira, eta horien artean lau Euskal Herrikoak dira: Getxo, Goiherri eta Gaztedi (Bizkaia), eta Mutriku (Gipuzkoa). Denera,73 talde ariko dira lehian. Datorren asteartetik ostegunera bitartean helduko dira lehen tiralariak Getxora.

Eguneko jarduna bi txandatan banatu dute: goizeko ordutegia 09:30etik 13:30era izango da, eta arratsaldekoa, 15:30etik 17:30era. Sarrerak txanda bakoitzerako jarri dituzte salgai, hala guztiek izan dezaten ikusteko aukera. Dagoeneko eskuragarri daude, Sokatiramundiala.com webgunean. Bertan erreserba egin, eta leihatilan jaso beharko dira probaren egunean bertan, bost euro ordainduta.

Guztira zortzi kategoriatan lehiatuko dira euskal tiralariak: emakumezkoen 500 eta 540 kiloko mailetan; gizonezkoen 560, 640, 680 eta 720 kiloko mailetan; 580 kiloko mistoan eta 23 urtez azpiko gizonezkoen 600 kiloko mailan.

Denak ez dira lehen egunean hasiko lehiatzen; hilaren 16an eta 17an klubak izango dira, eta hurrengo bi egunetan, berriz, nazioak. Txapelketa behar bezala ospatzeko hartu duten beste erabakietako bat izan da kirolari orok PCR proba negatibo bat aurkeztu beharko duela Euskal Herrira heltzean. Eta aireportutik hotelera iristean, antigeno proba bat egingo zaie, dena kontrolpean dagoela baieztatzeko.

Txapela helburu nagusi

Atzo aurkeztu zuten mundu mailako proba hau, Fadurako Goi Errendimenduko Zentroan. Hauek parte hartu zuten ekitaldian: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatua; Amaia Agirre Getxoko alkatea; Igor Duñabeitia Euskadiko Herri Kirol Federazioko presidentea; eta Maaike Hornsta TWIFeko idazkari nagusia.

Zupiriak nabarmendu zuen «erronka bat» dela mundu mailako txapelketa bat Euskal Herrian egitea. «Are gehiago bizi dugun osasun egoeraren erdian. Horregatik, gai izan garela eta garela erakutsi behar diogu munduari». Gainera, jakinarazi zuen Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak egingo dituela egin beharreko proba guztiak txapelketan.

Euskal Herriak txapelketa honetan nazio gisa lehiatzearen garrantzia gogorarazi zuen: «Azpimarratzekoa da baita gure selekzioa, euskal selekzioa,lehiatuko dela txapelketa honetan. Nazio moduan agertuko gara nazioartean. Ez da kirol guztietan egin dezakegun zerbait, eta horregatik da garrantzitsua eta azpimarragarria».

Duñabeitiari, berriz, «txapelen bat etxean gelditzea» gustatuko litzaioke. Azpimarratu zuen euskal kirolariak «ondo entrenatuta eta ilusio handiarekin» helduko direla txapelketara, eta, horregatik, «ez dute erraz edukiko» gainerako tiralariek. Eta guztia bikain irten dadin, «eguraldi onaren beharra» ikusten du EHKFko presidenteak.

Bilbaoren ustez, txapelketa honek «herri kirolak aldarrikatzeko» balioko du. Aldi berean, «mundu osoan ezagutuko dituzte Getxo eta Bizkaia».

Agirreren ikuspuntutik, «Getxoko kirolaren sarea sendoa denez», kirolariak «etxean bezala sentituko dira» txapelketan.

Hornstak, bestalde, antolakuntzak egindako ahalegina nabarmendu zuen, eta, adierazpenak ingelesez egin bazituen ere, «eskerrik asko» bat helarazi zien lanean ibili diren eta ibiliko diren guztiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.