Begiak itzultzeak dakarrena

Bilboko Gutun Zuria jaialdiak Miren Agur Meabe eta Theodor Kallifatides idazleen ibilbideak aitortu ditu. Bi idazleek datozen egunetan egingo diren saioetan parte hartuko dute, nork berean

Ezkerretik hasita, Kallifatides, Martinez (BBK-ko zuzendaria), Aburto (Bilboko alkatea), Meabe eta Perez (Azkuna zentroko zuzendaria). MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Hainbat kultur sistemaren artean erraz dabilena da itzultzailea, hizkuntza batetik bestera joan-etorriak egiten dituena etengabean, eroso dagoena herri askotako historian eta kulturan murgilduta, eta bereganatu eta nahasten dituena batzuen zein besteen tradizioak. Itzultzailea ezinbestean da zubigile, eta, idazlea ere badenetan, haren testuek halabeharrez islatzen dute nahasketa hori. Itzultzaile zein idazle, biak ala biak dira BBK Gutun Zuria Bilbao ohorezko sariaren aurreneko onuradunak, Miren Agur Meabe (Lekeitio, Bizkaia, 1962) eta Theodor Kallifatides (Molaoi, Grezia, 1938). Atzo omendu zituzten, Bilboko Azkuna zentroko atarian egindako emanaldi batean.

Euskal autoreen eta nazioartekoen ibilbideari aitortza egiteko sortu ditu aipamenak Gutun Zuria Bilboko literatur jaialdiak, hiribilduko alkate Juan Mari Aburtoren arabera. Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariak xehatu zituen irabazle bakoitzaren merituak. Hain zuzen, Meabe saritu dute «poesia esploratzeagatik, literatur generoen zatiketatik haratago begiratzeagatik, bere testuen sendotasunagatik eta emankortasunagatik, eta literatura esperientzia garaikidetzat hartzeagatik».

Aburtok entregatu zion garaikurra Meaberi, ohorezko makila bat. Eta, eskertzeko hitzartzean, idazleak esanahi propioa eman zion elementuari: «Usadioz, makila betidanik ikusi dugu euskal gizonari lotuta. Segituan etortzen zaigu gogora artzaina, edo joan den mendeko margolan kostunbristetako agintariak; argazki zaharretan ere ikusten dugu makila gizonezkoen apainketetan».

Tresna hutsa izateari utzi eta sinbolo bihurtu dela azpimarratu zuen Meabek, «babesa, errespetua, justizia eta aginpidea» adierazten dituen ikur bat, zehazki, eta ezaugarri horiek emakumeei ere aitortu zizkien: «Neure izenean etorri arren, egurrean idazkun hau grabatuta balu bezala hartu nahi nuke: euren arkatza makila bihurtu duten atzoko eta gaurko euskal emakume idazleei». Eta horren arrazoia: «Izan ere, arkatza izan dugu, eta badugu makila, bai nork bere bidea urratu eta ibiltzeko, bai gure arteko zuloen artean zubiak eraikitzeko, bai arestian gurean lo egon dena esnatzeko. Eta baita gure indarra erakusteko ere».

Itzuli, ezagutu eta ulertzeko

Grezian sortu zen Kallifatides, baina Suedian bizi izan da dozenaka urtez. Greziara egindako bidaia batean, bere bi izaera horien inguruan hausnartzen hasi zen: zenbateraino den suediarra, non dagoen gaztaroko greko hura. Ordura arteko obrak suedieraz idatziak zituen, baina grezieraz ondu zuen Mia zoi akoma (Beste bizitza bat bizitzeko), gogoetokin osatutako lana. Aldiz, Grezia arkaikora jo zuen Slaget om Troja ontzeko (Troiako asedioa): nazien okupazioa jasangarriagoa bilakatzen dute Homeroren Iliada-ko kontakizunek.

Hala, itzulpengintzan egindako lanak baino gehiago, bizitzak berak eraman du autore greziarra kulturen bidegurutzean egotera, eta giltzarri lan horrengatik eskuratu du Gutun Zuria festibaleko saria; Perezek aletu zuenez, «hitzaren bitartez errealitateak eta esperientziak berrasmatzeko moduagatik, hizkuntzen eta lurraldeen artean zubiak eraikitzeko ahalmenagatik, itzulpengintza bizitza ulertzeko modutzat jotzeagatik, eta karrera literario sendoagatik».

Idazlearen diskurtsoak antzeko ildo bati jarraitu zion, orobat: haren hitzetan bat egin zuten Bilbok eta Molaoik. «Greziako herri oso txiki batekoa naiz, baina Bilboren esperientzia berak ditu: gerra, jazarpena eta fanatismoa. Saria jasotzea ohorea baino gehiago da niretzat: nire herriak eta hiri honek irauten dutelako froga da, eta iraungo dutelakoa, kulturaren bidez». Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusiak eman zion makila.

Bashkim Shehu eta Jhumpa Lahiri idazleekin solasean ariko da gaur Kallifatides, arratsaldeko zazpietatik aurrera, Iñaki Estebanek gidatuko duen Bidaia zirkularra: ama hizkuntzara itzultzea solasaldian. Meabek, bere aldetik, Idazkuntza eta itzulpena: izurrak, puntadak, tolesak izendatu duten elkarrizketan parte hartuko du, bihar, 19:00etan, Eduardo Mogarekin. Biek ala biek itzulpenaren eta idazketaren arteko bidegurutzeari buruz hitz egingo dute.

Gaur, bestalde, eta Beñat Sarasolak gidatuta, Marian Otxoa de Eribek, Javier Calvok eta Koro Navarrok Mamuak liburuan: itzulpenean pentsatu mahai inguruan parte hartuko dute, 17:30etik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.