Harria bezain gogorra

Ostiral honetan hasiko da Buruz Buruko Txapelketa. Ligaxka jokatuko dute final-laurdenetan, azken aldiz jokatu eta hamabi urte geroago. Nafarroa Arenan izango da finala, maiatzaren 29an

Harria bezain gogorra.
Julen Etxeberria.
Hernani
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Eduardo Txillida artistak harriz, harlauzaz eta egurrezko habe sendoz osatutako eskultura da Zabalaga baserria. Haren etxean dago, Txillida Leku museoan, Hernanin (Gipuzkoa). Han aurkeztu zuten atzo Buruz Buruko Txapelketa. Nekez izan zezakeen agertoki aproposagorik, harri itxura baitu aurtengo ekitaldiak; aspaldiko gogorrena da. Pilotaririk sendoenak, indartsuenak irabaziko du txapela. Halaxe izan da beti, baina aurten, are gehiago.

Eskuzko Pilota Enpresen Ligak (EPEL) aspaldi ekin zion koronabirusaren aurreko egoerara itzultzeko ahaleginari. Osasun egoera hobetu ahala, urratsak egiten aritu da pilota bere ohiko jardunera itzul dadin. Kostata, baina lortu du. Hori lortuta, EPELek beste helburu bat jarri dio bere buruari: pilotaren jarduna indarberritzea ez ezik, hura sendotzea ere. Aldaketak eginez eta berrikuntzak barneratuz egin nahi du hori; guztia, ikuskizunaren mesedetan.

Asmo horri jarraituta, aldaketa garrantzitsua egin du aurtengo Buruz Buruko Txapelketan: ligaxka jarri du final-laurdenetan. Partida erakargarri gehiago jokatzea da aldaketaren helburua. Lau eta Erdiko Txapelketan ohikoa da ligaxka, baina buruz burukoan ez. 1999an EPEL sortu zutenetik hirutan besterik ez da egon: 2003an eta 2004an, finalerdietan, eta, 2010ean, final-laurdenetan. Beraz, azkeneko aldiz ligaxka jokatu eta hamabi urte geroago jokatuko dute berriz ere. Baina ez da izango orduko sistema berbera. 2010ean, ligaxkarekin hasi zen txapelketa. Oraingoan, ordea, final-zortzirenak jokatuko dituzte aurretik. Hain zuzen ere, final-zortzirenak jokatuz ekingo diote txapelketari, ostiral honetan, Bastidan (Araba).

Pilotari kopuruan ez dago aldaketarik; hamabi ariko dira berriz ere, enpresa bakoitzetik sei. Aspetik, Jokin Altuna —txapelduna—, Beñat Rezusta, Jose Javier Zabaleta, Joseba Ezkurdia, Iker Irribarria eta Dario Gomez. Irribarria da aldaketa bakarra aurreko banakakoarekin alderatuta: Aramakoak (Gipuzkoa) ez zuen jokatu, lesio larria baitzuen eskuin belaunean; Danel Elezkano aritu zen haren ordez, baina Zaratamokoa (Bizkaia) ez da sailkatu; Dariok kanporatu zuen atarikoan. Ezkaraiko (Espainia) aurrelaria berriro ariko da buruz burukoan, hiru atariko gainditu eta gero.

Lau txapeldun ariko dira

Baikon, berriz, bi aldaketa daude: Erik Jaka eta Unai Laso. Jakak perikarditisa izan berri zuen iaz, eta ezin izan zuen txapela defenditu. Axier Arteagak ordezkatu zuen azken orduan. Laso, berriz, profesionaletatik kanpo zegoen oraindik. Oinatz Bengoetxea aritu zen iaz, baina Leitzakoak (Nafarroa) erretiroa hartu du pilota profesionaletik. Baikoren beste lau pilotariek iaz jokatu zuten: Iñaki Artolak, Mikel Urrutikoetxeak, Jon Ander Peñak eta Asier Agirrek. Txapelketa jokatuko duten hamabi pilotarietatik lauk irabazi dute txapela: Altuna III.ak, Jakak, Irribarriak eta Urrutikoetxeak. Iaz bezala, bi atzelari ariko dira, iazko berberak: Rezusta eta Zabaleta.

Altuna III.a, Rezusta, Zabaleta eta Artola izango dira zerrendaburuak. Laurek final-laurdenetako ligaxkan ekingo diote lehiari. Altuna III.a eta Zabaleta A multzoan egongo dira, beste bi pilotarirekin batera. Urrutikoetxea edo Dario izango da bat, eta Ezkurdia edo Agirre bestea. Urrutikoetxeak eta Dariok ostiralean jokatuko dute, Bastidan. Ezkurdia eta Agirre, berriz, igandean ariko dira, Zarautzen (Gipuzkoa). B multzoan, berriz, Rezusta eta Artola ziurrak dira. Peña II.aren eta Lasoren arteko partidako irabazlea ariko da multzo horretan ere—larunbatean jokatuko dute, Lekeition (Bizkaia)—, baita Jakaren eta Irribarriaren arteko neurketaren garailea ere —astelehenean jokatuko dute, Eibarren (Gipuzkoa)—. Hiru asteburutan jokatuko dute ligaxka, eta bi multzoetako lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan, maiatzaren 14an eta 15ean: A multzoko lehenak B multzoko bigarrena izango du kontrario, eta B multzoko lehenak, A multzoko bigarrena.

Finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute maiatzaren 29an, Iruñean, Nafarroa Arena pilotalekuan. Lehen aldiz jokatuko da buruz buruko finala Nafarroan. EPELek eta Nafarroa Arena kudeatzen duen NICDO enpresa publikoaren arteko akordioaren barruan dago finala Nafarroa Arenan jokatzea. Baita Masters torneoko bi finalerdiak eta finala ere. Nafarroa Arenak bigarrenez hartuko du maila nagusiko final bat. 2019an, Lau eta Erdiko Txapelketa jokatu zen bertan. Hura izan zen pandemiaren aurreko azken finala.

Ez da atzerapenik onartuko, eta finala jokatuko duten bi pilotarietako batek min hartzen badu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko du —maiatzaren 22an jokatuko da hirugarren eta laugarren posturako partida—. Iaz, Artola finalerako sailkatu zen, baina uko egin zion jokatzeari, finalerdietan eskuin sorbaldaren atzealdeko muskulu zabalean izandako lesio baten ondorioz. Rezustak ordezkatu zuen finalean. Artolak astebeteko atzerapena eskatu zuen orduan, baina aurten, ez da aukera hori izango.

Ikuskizuna, bai; atsedena, ez

Ligaxkak eman zuen zeresanik handiena pilotarien artean. «Aldaketek gauza onak eta txarrak izaten dituzte, eta txapelketa honetan horixe gertatu da. Batetik, ona da aldaketa, ligaxkan partidaren bat galduz gero, aukera izango baitugu lehia bete-betean jarraitzeko; baina, bestetik, aldaketa kalterako ere bada, partida gehiago jokatuta, atseden gutxiago izango baitugu. Ondo dago gauzak aldatzea, baina eskertuko genuke atseden gehiago izatea», esan zuen Altuna III.ak.

Zorrotzago mintzatu zen Artola: «Ulertzen dut enpresek sistema aldatzea, pilotari sorta ederra baitago, baita txapela irabazteko hautagai asko ere. Ikuskizunaren mesedetan hartutako erabakia da. Baina buruz burukoa oso diziplina gogorra da, eskuek askoz gehiago sufritzen dute, eta horrenbeste partida gogor jokatu ostean, ikusteko dago nola eutsiko dugun. Ez litzateke harritzekoa izango jendea minez iristea azken txanpara. Ez zait gustatzen ere atzerapenik ez egotea. Badakigu zaila dela pilotaleku handietako datak aldatzea, baina espero nuen gutxienez astebeteko atzerapena eskatzeko aukera izango genuela. Nire iritziz, atzerapausoa da».

Altuna III.ak argi du helburua: «Dena emango dut. Finala? Maiatzaren 29ra arte partida zail asko jokatu beharko ditut. Nahiko lan dut lehenarekin. Sekulako maila dago». Artolak, berriz, entrenamenduetan egiten ari den «lan ona» kantxan islatu nahi du: «Ondo ari naiz entrenatzen, baina partidetan ez naiz gozatzen ari. Iaz, halaxe ekin nion, eta inoizko txapelketarik onena egin nuen. Ea berriz halako zerbait egin dezakedan. Ilusio handia egiten dit berriro buruz burukoa jokatzeak».

Altuna III.ak eta Artolak ligaxkan ekingo diote lehiari. Lasok eta Ezkurdiak, ordea, final-zortzirenetan. Lasok duela hiru urte jokatu zuen azkenekoz buruz burukoa: «Polita da beste txapelketa bat jokatzea. Atseden hartu dut, eta partida bat jokatu dut ere bai. Ondo nago. Hala egon behar dut, Peña aurkari gogorra baita. Txikitatik jokatu dugu elkarren aurka, eta ziur naiz lanak emango dizkidala». Baikokoak «gustuko» du lehiaketa sistema berria.

Ezkurdia ere lehiarako «prest» dago: «Ondo amaitu nuen binakakoa, eta ondo nago orain ere. Oso txapelketa gogorra izango da;lehen partidatik hasita. Agirrek Artola sufriarazi zuen iaz, lehen kanporaketan [22-18 irabazi zuen Artolak]. Aurkari gogorra da. Oso ondo jokatu beharko dut irabazi nahi badut. Behera egiten badut, galdu egingo dut». Hark ere eskertu egingo luke atseden gehiago izatea: «Pena da ez egotea atzerapenik, baina dagoena dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.