Eremu txiki, borroka handi

Ostiralean hasiko da Lau eta Erdiko Txapelketa, eta azaroaren 20an jokatuko da finala, Bilbon. Dario ariko da Victorren ordez, eta Agirre Bengoetxea VI.aren ordez. Irribarriak ez du jokatuko

Eremu txiki, borroka handi.
Julen Etxeberria.
Bilbo
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Caixabank Masterseko finala jokatuta, amaitu da pilotaren udako sasoia. COVID-19aren pandemiak erabat baldintzatutako bi udaren ostean, bete-betea izan da aurtengoa. Nekez geratuko zen pilotazaleren bat ase gabe, makina bat partida jokatu baitira. Pilotarientzat, berriz, garai oso trinkoa izan da, ia lau hilabete iraun baitu sasoiak, eta ia ez baita egon etenik.

Ez da etenik egongo orain ere, ostiralean hasiko baita denboraldiko lehen txapelketa: Eskuzko Pilota Enpresen Ligaren (EPEL) lau eta erdikoa. Hilabete eta erdi iraungo du, azaroaren 20an jokatuko baitute finala, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan.

Atzo aurkeztu zuten txapelketa, Bizkaia frontoian bertan. Aldaketa gutxi daude aurreko lau eta erdikoaren aldean. Hamabi pilotarik jokatuko dute berriz, enpresa bakoitzetik seik. Aspetik, Jokin Altuna, Joseba Ezkurdia, Peio Etxeberria, Danel Elezkano, Aitor Elordi eta Dario Gomez ariko dira; Baikotik, berriz, Unai Laso, Erik Jaka, Mikel Urrutikoetxea, Iñaki Artola, Jon Ander Peña eta Asier Agirre. Aurrelariak dira guztiak. Azken urteetako ohitura da hori: Alvaro Untoria izan da maila nagusiko lau eta erdikoa jokatu duen azken atzelaria; 2016an aritu zen.

Pilotarien artean bi aldaketa bakarrik daude azken ekitaldiaren aldean: Aspen, Dariok jokatuko du Victor Estebanen ordez. Ezkaraikoak (Espainia) aurrerapausoa eman du, eta enpresak saritu egin nahi izan du: lehen aldiz ariko da maila nagusiko lau eta erdikoan. Iker Irribarriak, berriz, ez du jokatuko. Euskadi Irratiari azaldu zionez, hark egin dio uko jokatzeari, ez baitu nahi bezain ondo eskuin belauna; ebakuntza egin zioten iaz. Aramakoak (Gipuzkoa) urteak daramatza ezinean lau eta erdian: 2016an irabazi zuen azken aldiz partida bat. Iaz, Elordik kanporatu zuen, atarikoan.

Baikon, berriz, Agirre da berritasuna. Iruindarrak Oinatz Bengoetxearen lekua hartuko du, leitzarrak utzi egin baitu pilota profesionala. Hamabi aukeratuen artean egoteko, Agirrek Joanes Bakaikoa kanporatu behar izan du enpresak antolatutako atarikoan. Agirre bigarrenez ariko da maila nagusiko lau eta erdikoan. 2018an jokatu zuen lehen aldiz, aurreko urtean Promozio Mailako txapela irabazi eta gero. Ezkurdiaren aurka galdu zuen final-zortzirenetan. Iaz, atarikoan galdu zuen Peña II.aren kontra.

Ostiral gauean jokatuko dute final-zortzirenetako lehen partida, Villabona-Amasan (Gipuzkoa): Elezkano II.a eta Artola ariko dira. Larunbat arratsaldean, berriz, bi partida jokatuko dituzte Zallan (Bizkaia): aurrenekoan, Jaka eta Elordi ariko dira, eta bigarrengoan, Urrutikoetxea eta Peña II.a. Azkenik, igande arratsaldean, Lekunberrin (Nafarroa), Dariok eta Agirrek jokatuko dute final-zortzirenetako azkeneko partida.

Azken urteetako sistemari eutsi diote. Final-zortzirenetako irabazleak final-laurdenetako ligaxkarako sailkatuko dira. Han izango dituzte zain lau zerrendaburuak, iazko lau eta erdikoaren lehen lau sailkatuak: Altuna III.a, Laso, Ezkurdia eta Peio Etxeberria, hurrenez hurren. Urrutikoetxearen eta Peña II.aren arteko irabazleak, eta Darioren eta Agirreren artekoak Altuna III.a eta Peio Etxeberria izango dituzte aurkari A multzoan; hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute. Elezkano II.aren eta Artolaren arteko garaileak eta Jakaren eta Elordiren artekoak, berriz, Lasorekin eta Ezkurdiarekin ariko dira B multzoko ligaxkan.

Bi multzoetako lehen bi sailkatuak ariko dira finalerdietan: A multzoko lehenak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B multzoko lehenak, A multzoko bigarrenaren kontra. Azaroaren 5ean eta 6an jokatuko dira finalerdiak, eta irabazleek finala jokatuko dute bi aste geroago, 20an, Bilbon. Tartean dagoen igandean, 13an, hirugarren eta laugarren posturako norgehiagoka izango da. EPELek oraindik ez du zehaztu non jokatuko den.

Ezingo da partidarik atzeratu; final-zortzirenetan, final-laurdenetako ligaxkan eta finalerdietan, galdutzat emango zaio partida lesionatzen denari, eta haren aurkaria joko dute irabazletzat. Finala ere ez da atzeratuko, eta, iristen diren bi pilotarietako batek ezin badu jokatu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko du.

Erritmoa hartzeko partidak

Altuna III.ak eta Lasok jokatu zuten finala iaz, eta Amezketakoak (Gipuzkoa) irabazi zuen. Aspekoak azkeneko sei finalak jokatu ditu, eta horietatik hirutan lortu du txapela: 2017an eta azken bi urteetan. Hala ere, ez du uste faboritoa denik: «Azken urteetan ondo moldatu naiz, baina beste txapelketa bat da, eta pilotari bakoitzak beste sasoi batekin ekingo dio. Ez dut presiorik azken sei finalak jokatu nituelako. Konfiantza ematen dit pentsatzeko dakidan bezala jokatzen badut aukera izan dezakedala. Baina horrek ez du ezer ziurtatzen. Oso txapelketa gogorra izango da. Lehen partida irabaztea da helburua. Ondo nago, eta ondo ditut eskuak eta gorputza».

Final-laurdenetako ligaxkan ekingo dio lehiari, eta, gutxienez, hiru partida jokatuko ditu. «Eskertzekoa» dela dio, hasieratik «hil edo biziko partidarik ez jokatzeko». Halere, «lehia estua» espero du: «Behetik datozenak aurkari bihurriak dira beti, eta are eta gehiago lau eta erdikoan: indarrak parekatu egiten dira. Oso pilota onak daude, eta edozeinek irabaz diezazuke».

Binakako hiru norgehiagoka jokatuko ditu aste honetan: gaur arratsaldean, Agurainen (Araba) —Zabaletarekin ariko da, Lasoren eta Jon Mariezkurrenaren kontra—; ostiralean, Villabona-Amasan; eta igandean, Lekunberrin.

Lasok, berriz, gaur jokatuko du berriz ere, Agurainen, hiru aste pasatxo min hartuta egon ondoren. Beste partida bat jokatuko du lau eta erdikoari ekin aurretik: ostiral arratsaldean, Atarrabian (Nafarroa), Mariezkurrena II.arekin, Ezkurdiaren eta Martijaren aurka. Itxaropentsu dago: «Ondo nago, eta ondo entrenatu naiz: txinparta daukat, eta fresko nago. Mesede egingo dit aurretik bi partida jokatzeak; hiru aste daramatzat jokatu gabe, eta komeni zait erritmoa hartzea. Datorren astean ere entrenamendu gogor bat egingo dut. Uste dut prest egongo naizela».

Argi du helburua: «Txapela irabazi nahi dut. Helbururik ez baduzu, ez zara ondo lehiatzen, eta ni oso lehiakorra naiz. Ahal dudan lanik onena egiten saiatuko naiz. Badakit oso txapelketa gogorra izango dela; denek erakutsi dute udan sasoi betean daudela».

Ezkurdia ere ligaxkan hasiko da jokatzen, eta, horri begira, binakako bi partida jokatuko ditu. Bikain aritu da udan —lau txapel irabazi ditu—, eta sasoi eder horri eutsi nahi dio: «Gozatzen ari naiz, konfiantzaz, tantoak erraz amaituz. Horri eutsi nahi diot. Txapelketa gogorra izango da, denek asko jokatzen baitute. Txapelaren lehian aritu nahi dut».

Asmo apalagoa du Dariok, estreinakoa baitu: «Oso pozik nago aukera hau eman didatelako; ilusio handia egiten dit. Pixka bat urduri nago; ez naiz oso ondo moldatzen lau eta erdian. Ea lehen partida irabazten dudan; gutxienez, beste hiru jokatuko nituzke. Zaila izango da: aurkari bihurria da Asier, eta frontoia oso bizia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.