Bidetik atera aurretik

Realak garaipenaren bidera itzuli nahi du gaur, etxean Levanteri irabazita. Atzera bota dute donostiarren errekurtsoa, eta Zubeldiak ez du jokatuko

Mikel Oiartzabal, Jason Levanteko jokalaria gainditu nahian, bi taldeek lehen itzulian Valentzian jokatutako norgehiagokan. KAI FOERSTERLING/ EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Azken bi partidak galdu izanak eragindako geldialdiari amaiera eman eta bide onari berriz ekitea: xede hori du gaur Realak Anoetan Levanteren aurka jokatuko duen partidarako. Helburu hori lortzeko, garaipena du helduleku bakar, eta, bi taldeen egoera ikusita, hiru puntuak Anoetan geratzea beste emaitzarik ez litzateke baleko. Bisitariak hamabosgarren dira sailkapenean, donostiarrak baino bost puntu gutxiagorekin, baina taldeak daraman bilakaera kaskarra argigarriagoa da emaitzei begiratuz gero: ligako azken hamahiru neurketetatik bi soilik irabazi ditu, eta galdu egin ditu azken hirurak.

Levanteren aurka jokatu ostean, liga geratu egingo da astebetez, eta Imanol Alguacilek emaitza on bat lortu nahi du atseden hartzera joan aurretik: «Urteko partidarik garrantzitsuenetako bat da», esan zuen, atzo. Haren esanetan, valentziarren aurkako neurketan «zaleekiko zorra kitatu» behar dute, iragan astean Sevillan emandako itxura aldatzeko nahia azpimarratzeaz gain: «25 minutuan, dena falta izan zitzaigun: oldarkortasuna, buruz burukoetan gailentzea, entrenatzaileak taktikoki asmatzea, gatza... Norbait katastrofista izan bada, ulertzen dut. Ordutik ikasi dugula espero dut».

Imanolek «lehiakorrago» ikusi nahi du taldea, eta gaur bide horretan kokatu nahi du. Horretarako gaitasuna baduela dio: «Talde on eta lehiakorrak gai dira egoera horiei berehalakoan buelta emateko, eta ziur naiz gu ere gai izango garela». Hargatik, pisua kendu dio azken bi neurketetan esku hutsik amaitu izanari, eta uste du oraindik badagoela betarik Europako postuez aritzeko: «Ni ez, baina duela bi aste Txapeldunen Ligaz ari baginen, eta orain astebete Europa ligaz, oraindik izango ditugu aukerak 33 puntu jokatzeke egonda».

Izen dantza, beste behin

Levantek hamahiru aldiz jokatu du Donostian, eta datuak ezin hobeak dira etxekoentzat: sei aldiz irabazi du Realak, beste seitan berdindu, eta behin galdu. Bide horri eusten saiatuko dira txuri-urdinak, baina Imanol aldaketak egitera derrigortuta egongo da beste astebetez. Lehiaketa batzordeak Igor Zubeldiaren zigorra mantendu ostean, Realak Apelazio Batzordera jo zuen azpeitiarrari txartel horia ken ziezaioten eta jokatu ahal zezan, baina hark ere ez du ontzat eman errekurtsoa, eta erdilaria ez da ariko gaur.

Hala, Imanolek deialdian sartu du Ander Gebara Reala B-ko jokalaria, eta litekeena da gasteiztarrak Lehen Mailan estreinakoa egitea: «Postu horretarako dugun jokalaririk zehatzena da, eta ederki aritu daiteke». Sandro Ramirezi buruz ere aritu zen oriotarra; Willian Josek min hartuta segitzen du, eta, azkenaldian, espainiarrak hartu du haren lekua. Realeko entrenatzailearen ustez, edozein unetan «jo dezake goia» Sandrok. Egun hori «ahalik eta gertuen» egotea desio du Imanolek, baita Realeko zaleek ere.

REALA-LEVANTE

Reala. Rulli; Zaldua, Hector Moreno, Navas, Theo; Pardo, Merino, Zurutuza; Januzaj, Sandro eta Oiartzabal.

Levante. Aitor; Simon, Coke, Rober, Cabaco, Luna; Bardhi, Campaña, Rochina; Morales eta Roger.

Epailea. Cordero Vega.

Lekua. Anoeta (28.000 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.