Lehenengoan ezezkoa jaso du

ACB ligako klubek ez dute GBC onartu txapelketan. Asteartean bilera dute GBCk, Kirol Kontseilu Nagusiak, Federazioak eta ACBk. Gipuzkoarrek berretsi dute baldintza guztiak betetzen dituztela

Gipuzkoa Basketek duela bi sasoi jokatu zuen azken aldiz ACBn. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2020ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Gipuzkoa Basketentzat ez da sekula erraza izan ACB ligara bueltatzeko bidea. Aurreko aldietan ere zailtasunak izan zituen, batez ere baldintza ekonomikoak betetzeko. Oraingo honetan ere jakitun zegoen bidea nekeza izango zela, batez ere, aurrekoetan ez bezala, ACBko klubek ez dutelako nahi datorren denboraldian ligan beste bi klub egotea eta 20 taldekoa izatea. Hala, atzoko batzarrean Donostiako taldea onartzearen aurka bozkatu zuten, nahiz eta baldintzak bete. Hemezortzi klubetatik hamazazpik bozkatu zuten onartzearen aurka, eta bakarrak alde. «Bileran parte hartzera gonbidatu ez gintuztenetik,espero genuen hala izatea», adierazi zuen Nacho Nuñezek, Gipuzkoa Basketeko presidenteak.

Baina erabakia ez da behin betikoa. Duela egun batzuk, Gipuzkoa Basketek argi utzi zuen ez zuela amore emateko asmorik, eta bere eskubideak defendatuko dituela, eta babesa eskatuko duela horretarako eskumena duten erakundeetan. Beharrezkoa bada, gainera, ez du baztertzen auzitara jotzea.

Auzia maiatzaren 25ean hasi zen. Egun horretan, koronabirusaren pandemia dela eta, Espainiako Saskibaloi Federazioak erabaki zuen amaitutzat ematea Urrezko LEB liga, eta orduan igoera postuetan zeuden bi taldeek izatea ACBra igotzeko aukera. Betiere horretarako baldintzak betez gero.

GBCk berehala eskatu zion ACBri igotzeko bete beharreko baldintzen eta agirien berri emateko. Baina ez zituen jaso ekainaren 13ra arte, ia hiru aste geroago arte. Baina GBCk epe barruan aurkeztu zuen datorren sasoian ACBn jokatzeko eskaria, uztailaren 15ean.

GBCk argi du baldintza guztiak betetzen dituela. Duen beste heldulekua da Espainiako Federazioak ACBrekin duen hitzarmena. Horrena arabera, Urrezko LEBetik bi igoera izango lirateke, klubek baldintzak batez gero.

Asteartean izango du egoera aldatzeko lehen aukera. Izan ere,egun horretan bilera egingo dute ACBko, Espainiako Saskibaloi Federazioko, Kirol Kontseilu Nagusiko eta Gipuzkoa Basketeko ordezkariek, Madrilen. «Bilera horren zain egon behar dugu, betiere jakitun izanda zenbat eta denbora gehiago pasatu egoera orduan eta zailagoa dela. Baina guk agindutakoa bete dugu, eta alde horretatik baikor naiz».

Gipuzkoa Basketek Espainiako Federazioaren babesa du. Jorge Garbajosa presidentea argi mintzatu zen:«Igoerak ez dira akordio kontu bat. Hitzarmen bat dago, eta bete egin behar da. Bakoitzak soilik bere interesei erreparatzen badie, arazo bat dugu».

ACBk 20 taldeko liga bati ezezkoa esateko argudioa da egutegia oso betea dagoela jada, eta ekonomikoki ez dela bideragarria. Kluben artean Baskoniako presidente Josean Kerejeta izan da jarrera hori sendoen eta argien defendatu dutenetako bat, eta ACBko presidente Antonio Martinek argi azaldu zuen jarrera. «Prest gaude hitz egiteko, baina gu hemezortziko liga baten aldekoak gara. Ligari sendotasuna eta sinesgarritasuna eman nahi dizkiogu, eta hogeiko liga bat arazo handia litzateke».

Akordiorik lortu ezean, Kirol Kontseilu Nagusiak esku hartuko duela iragarri zuen Irene Lozano estatu idazkariak, eta, alde horretatik, ikusi beharko da zer jarrera hartzen duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.