Nortasunen arkitektura

Bilboko 18. Zinegoak jaialdiak, besteak beste, aurten genero identitatea eta amatasun lesbikoa jorratuko ditu. Martxoaren 1etik 14ra bitartean antolatu dute

Alaitz Arenzana Zinegoak jaialdiko zuzendariordea, Pau Guillen zuzendaria eta Julen Nafarrate prentsa arduraduna, atzoko aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko otsailaren 24a
00:00
Entzun

«Antolatu ahal izatea da aurten arrakasta». Jaialdi batek behar duen hilabeteetako lanaz gain, egoerak eragindako «ezjakintasunari» egin behar izan diote aurre aurten Zinegoak jaialdiko antolatzaileek, Pau Guillen zuzendariak azpimarratu duenez. Neurrien ezarpenak eta gogortu zitezkeelako mehatxuak izan dituzte bidelagun 18. jaialdia prestatzeko prozesuan, baina, azkenik, datorren astelehenean emango diote hasiera Gay-Lesbo-Trans Zinemaren eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdi Nazioartekoari.

 

Martxoaren 14ra bitarte, hamazortzi film luze eta film laburreko sei ziklo emango dituzte, beste egitasmo batzuen artean, eta horien guztien lehenengo emanaldia aurrez aurre ikusi ahal izango da. Ondoren, piezok online ikusteko tartea zabalduko dute Filmin plataformaren bidez. Martxoaren 5etik aurrera, hiru film sareratuko dituzte egunero, eta 72 orduz baino ez dira ikusgai egongo, «jaialdi bateko tentsioa Filminera ere eramateko», zuzendariak adierazi duenez.

Egoera gorabeheratsua izan arren, «argi» zuten aurrez aurrekotasunari eutsi beharra ziotela, Julen Nafarrate prentsa arduradunak nabarmendu duenez. «Urte hauetan guztietan lagundu gaituen publikoarengatik, batez ere», zehaztu du Guillenek, eta, kultur agente diren heinean, «aurrez aurre egingo den itxaropenarekiko erantzukizuna» ere badutelako. Hala, ahalik eta agerikoen egin dute seta hori, leloan islatu baitute: Zalantza izpirik gabe.

Baina, era berean, esaldiak Zinegoak-en aurtengo zutabeetako bati ere egiten dio erreferentzia, zuzendariaren hitzetan: «Oraingo belaunaldiek erreferentzia eta tresna gehiago dituzte pertsona gisa eraikitzeko. Programazioaren zati handi bat horretaz ari da: euren buruak beste tresna batzuekin eraikitzen ari diren gazteez». Prozesu berean murgilduta dauden LGTB+ pertsona helduagoez ere mintzo dira aurtengo filmetako hainbat. «Osorik sentitu ez diren bizitza baten ondoren» prozesuari heldu dioten horiez, «gizarteak ez dielako garatzen utzi», zuzendariak zehaztu duenez.

Genero identitatearen eraikuntzaz gain, badira programazioan pisu nabarmena hartu duten beste gai batzuk ere. Esaterako, amatasun lesbikoa jorratuko da, «kopuru handiago batean», zuzendariak azaldu duenez. Honen adibide dira, besteak beste, Her Mothers (Bere amak) edo Maes do Derick (Dericken amak) filmak. Hungariako eta Brasilgo istorioak kontatzen dituzten dokumentalak dira, hurrenez hurren: batek ama bikote batez dihardu, eta besteak, berriz, talde zaintza egiten duten lau andre ditu protagonista. Batean zein bestean, «aurkako ingurune» bati aurre egin beharko diote emakumeek, Guillenek azpimarratu duenez.

DOK —dokumentalak— sail ofizialaren parte da Her Mothers. Beste bi sail ofizialek osatzen dute jaialdia: FIK —fikzioa— eta KRAK—narratiba berriak—. Hamazortzi ekoizpen daude banatuta hiru arlo horietan, eta horietako bederatzi lehenbiziko obrak dira. Guillenek nabarmendu duenez, gehienak emakumeek zuzendurikoak dira. Bilboko Azkuna zentroko Golem zinema aretoetan ikusi ahal izango dira jaialdiaren lehenengo astean. Bestalde, Bilborock-ek film laburrak hartuko ditu, doako sarrerarekin. Haurtzaroari eta nerabezaroari, emakumeek zuzendutako lanei eta euskal zuzendarien obrei eskainitako urteroko zikloez gain, adineko LGTB+ pertsonen bizitzen inguruko zikloa ere berreskuratuko dute, eta bi berri izango dituzte: Erresilientziak —zisheteroarauari egokitzen ez diren pertsonen lekukotzat jasotzen dituena— eta Drag Life —drag errealitateak munduko hainbat lekutan dituen xehetasunak islatzen dituena—. Guztira, 30 film labur emango dituzte.

Maes do Derick, berriz, Brasil Transbertsala ziklo berezian emango duten filmetako bat da. Bolsonaroren Brasilen bizi diren trans pertsonen egoeraz ari diren lanak biltzen ditu zikloak, eta Bilbo Arte izango du egoitza. Bertan emango da, halaber, 2021eko Zinegoak Ohorezko saridun Sebastien Lifshitzen atzera begirakoa.

Nahiz eta jaialdia ofizialki datorren astean hasi, ostiraletik igandera hainbat ikus-entzunezko ikusteko aukera egongo da Bilboko Guggenheim museoan.

Publiko zabal batentzat

Jaialdiaren egoitza ofiziala Bilbo den arren, lehen urtetik egin dituzte handik harago eramateko saiakerak. Bilboko programazioa bukatuta, lau udalerritan erakutsi zituzten Zinegoak-eko edukiak lehen aldian, eta, hamazortzigarrenean, 40 izango dira dagoeneko jomugak. Aurten, gainera, bigarren egoitza ofiziala izango du jaialdiak: Lekeitio (Bizkaia). Hiru egunez, Bilboko eduki berak emango dituzte han, eta, proiekzioak bukatutakoan, zuzendariei galderak egiteko aukera izango dute bertaratutakoek. Hedapenean «urrats bat gehiago» dela dio Nafarratek: «Asmoa genuen Bilbotik kanpo egoitza izateko, ez soilik hedapena».

Hala ere, jaialdiaren hazkundea ez da soilik geografikoa izan, zuzendariak adierazi duenez. Izan ere, jaialdiaren ardatza LGTB+ pertsonen bizipenak izan arren, dagoeneko «espazio komuna» sortzea lortu dutela dio Guillenek, «geroz eta publiko orokor gehiago» baitute. «Arrakasta» da hori, zuzendariaren iritziz. «Gizarteko jende guztia zeharkatzen du sexu aniztasunak, ez da LGTB+ kolektiboaren kontua bakarrik».

Zinegoaken ikusi ahal izango diren film labur gehienak (13 film labur) euskarazko azpidatziekin ikusi ahalko dira, jaialdiko arduradunek eginiko itzulpen lanari esker.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.