Laburra, baina mamitsua

Maiatzaren 12tik 14ra jokatuko da Euskal Herriko Itzulia. Guztira 370 kilometro izango ditu. Iazko irabazlea, Demi Vollering, irteeran izango da

Laburra, baina mamitsua.
ainara arratibel gascon
2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Hasteko hilabete baino gutxiago falta den honetan, aurtengo Itzuliaren xehetasunak eman ditu antolakuntzak. Iaz bezala, lasterketak hiru etapa izango ditu. Maiatzaren 12tik 14ra jokatuko da. Etxebarrin izango du irteera, eta Donostian amaituko da. Guztira 370 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek. Hiru etapako itzulia izanda, txirrindulariek oso adi egon beharko dute, egunero egongo baita min egiteko aukera. Zazpi mendate puntuagarri izango dira: lehen mailako bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako lau.

Atzoko aurkezpenean, ibilbidearen inguruko xehetasunak eman zituzten antolatzaileek. Aurrerago emango dituzte parte hartzaileen inguruko argibideak. Baina, Julian Eraso Itzuliko zuzendariak jakinarazi zuenez, ziurra da iazko garailea, Demi Vollering, irteeran izango dela. SD Worx taldeko txirrindulariak erakustaldia eman zuen iaz. Izan ere, hiru etapak irabazi zituen.

Sasoi betean iritsiko da, gainera, Itzulira. Azken hilabetean garaipenez garaipen dabil klasikoetan. Strade Bianchen, Amstel Gold Racen eta Fleche Wallonnen gailendu da. Eta igandean Lieja-Bastogne-Lieja irabazteko hautagai nagusia da.

Erasok nabarmendu zuen «ilusio handia» dutela aurtengo aldiarekin. «Munduko 22 talderik onenak etorriko dira, eta espero dugu eguraldiak laguntzea eta zaleek ikuskizunaz gozatzea». Euskal txirrindularirik indartsuenak tropelean izatea espero da: Ane Santesteban (Bike Exchange), Lourdes Oiarbide (Movistar), Eider Merino (Laboral Kutxa),Eukene Larrarte (Bizkaia Durango), Ziortza Isasi (Be Pink)...

Roberto Laiseka zuzendari teknikoak aletu ditu hiru etapen xehetasunak. Lehena Etxebarri eta Markina-Xemein artean jokatuko da, Bizkaian. 122 kilometro egin beharko dituzte. Etapa gorabeheratsua da, batez ere 50. kilometrora iritsi arte. Hortik aurrera, ezusterik ezean, Urkaregiko mendateak egingo du aurtengo lehen galbahea. «Mendate hori igo eta jaistean erabakiko da zein txirrindulari dauden etapa hori irabazteko borrokan».

133 kilometro izango ditu bigarren etapak, eta tropela Araban ibiliko da. Etapa Gasteizen hasiko da, eta Amurrion amaitu. Hasiera «lasaia» duela kontuan hartuta, «etapa egokia» izan daiteke ihesaldirako. «Bukaera ez da zaila. Hala ere, helmugarako bost kilometro falta direla, aldapatxo bat dago, jaitsiera bat ere bai, eta litekeena da tropela zatitzea».

Azken etapa laburrena izango da: 114 kilometro izango ditu. Donostiako Klasikoaren ibilbidea izango du. «Etapa horretan erabakiko da dena. Oriorako jaitsierak eta Donostiarako hurrengo kilometroek banakako erlojupeko baten tankera izango dute, helmugara iritsi eta Itzulia irabazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.