Maiatza urrun dago oraindik

Baskoniak Espainiako Superkopa jokatuta ekingo dio Euroligako Lauko Finala Gasteizera ekarriko duen sasoiari. Aldaketa gutxi egin ditu, eta atzerritar postu bat du betetzeke

Ilimane Diop Baskoniako kapitainetako bat, selfie bat ateratzen taldekide guztiekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko irailaren 21a
00:00
Entzun
2019ko Euroligako Lauko Finala Gasteizen jokatuko da. Iragan maiatzean albistea baieztatu zenetik ilusioa barreiatu egin da hirian. Urteak egin ditu zain, eta, sasoia hasi ere ez den arren, badirudi ez sailkatzea porrota litzakeela. Hala bizi du, behintzat, hiriak. Hori saihestea da Kirolbet Baskoniak duen helburua. Hala ere, ikusteko dago pizgarria beharko lukeen hori gehiegizko zama bilaka daitekeen edo ez.

Lauko Finala, baina, maiatzean jokatuko dute; beraz, bederatzi hilabete luze falta dira oraindik, eta, haren itzala sasoi osoan Buesa Arenaren gainean egongo den arren, goizegi da harekin itsutzeko. Pausoz pauso joan behar du taldeak, epeak eta helburuak betez, eta aurrenekoa Espainiako Superkopa du, gaurtik aurrera, Santiagon. Lehen finalerdia jokatuko du Bartzelonaren aurka, eta, irabazten badu, finala bihar. Gero etorriko dira ACB ligaren hasiera, hilaren 29an, eta Euroligarena, urriaren 12an.

Baskoniak uda lasaia izan du. Lauko Finala lotzea nahiko lurrikara balitz bezala, Zurbaoko bulegoetan ohi baino lasaiago ibili dira. Gozoa izan zen iragan sasoiko azken txanpa: Euroligan, final-laurdenetarako sailkatu zen Baskonia; ACB ligan, berriz, finala jokatu zuen, eta, nahiz eta galdu, lehiakor izan zen. Pablo Prigioniren aldeko apustua gaizki kalkulaturiko esperimentu bat izan zen, eta garaiz eman zuen klubak bolante kolpea. Kolpe horren ondorioz iritsi zen Pedro Martinez, eta haren lana bikaina izan zen. Taldearen lorpenekin ziurtatua zuen kontratua luzatzea —klausulen mundua horrelakoa da—, baina, hala ez balitz ere, ez legoke eztabaidarik: gaur-gaurkoz hura da Baskoniak izan dezakeen teknikaririk onena.

Teknikari kataluniarrak, gainera, gustuko zumitzak ditu saskia egiteko. Gustukoak eta ezagunak, ia-ia iragan sasoiko jokalari multzo bera baitu. Baskoniaren tradizioa ezagututa, bitxikeria historiko bat izan da uda hau, hiru jokalari berri baitaude bakarrik. Hamahiruko talde batetik, hiru, eta hori Rodrigue Beauboisek ez zuela onartu kontratu luzapena. Efesek «uko ezin dakiokeen» eskaintza egin zion, Pedro Martinezek berak gerora deskribatu zuena. Bestela, taldeak bi jokalari berri izango zituen bakarrik.

Fitxaturikoak, gainera, kanpoko lerroan elkartu dira. Beaubois eta Jannis Timma joan dira —taldeak eta jokalariak aho batez eten zuten kontratua—, eta Shavon Shields hegalekoa eta Darrun Hilliard eskolta iritsi dira. Freskotasuna, fisikoa eta puntuak ekarriko dituzte. Ez dute joan direnen eskarmenturik Europan, baina buruz buruko jokaldietan puntuak lortzeko abilezia handia dute. Eraso egoera itxiak libratzeko egokiak dira. Shieldsek ia hamahiru puntu eta 3,5 errebote lortu zituen partidako Italiako ligan, baina apal aritu zen hiruko marratik (%35). Hilliardek, berriz, 21 puntu sartu zituen NBAko garapen ligan, eta puntuak sartzeko abilezia handia erakutsi du NBAn izan dituen aukera apurretan. Hilliard garrantzitsu izateko iritsi da Gasteizera. Aspalditik zuten begiz jota, eta ardura handiak hartu beharko ditu. Fitxaturiko hirugarren jokalaria Adjin Penava bosniarra da; 21 urte ditu, eta hegal pibota da. Taldean zein rol jokatuko duen ikusteko dago. AEBetako Unibertsitate Ligan jokatu du azken urteetan, eta eskumutur bikaina erakutsi du. Lehen esperientzia du profesionaletan.

Gasteizko taldeko bulegoetako kideek, baina, ez dute inoiz atseden hartzen. Taldeak Europatik kanpoko jokalari bat hartzeko tokia du oraindik —Janningek Georgiako herritartasuna lortu du—, beraz, beharko balu, pasaporte mugarik gabe mugi daiteke merkatuan. Azken sasoien errepasoa eginez gero, harritzekoa litzateke postu hori ez betetzea.

Beste guztiak iragan sasoikoak dira, eta taldeak fede handia du hainbat jokalarik eman duten aurrerapausoarekin, Lucas Vildoza, Vincent Poirier, Ilimane Diopekin, besteak beste. Uztaipeko laukoteak jarraitzen du, berme guztikoa baita. Baskoniak Yousoupha Fall (2,21 metro) fitxatu zuen, baina utzita itzuli da Frantziara. Horiez gain, gakoetako bat antolatzaile postuan egongo da. Iragan sasoiko zati handi batean joko antolatzaileen mailak baldintzatu zuen taldea. Begi guztiak Jayson Grangerrengan daude jarrita. Orkatilako arazoen erruz, ez zuen jokatu hilabete askoan. Ikusteko dago zein maila eman dezakeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.