Emakumeen Bira

Aukera ez du alferrik galdu

Jolien D'Hoorek irabazi du Emakumeen Birako lehen etapa, esprintean, Iurretan. Amanda Spratt iazko garaileak sei segundo pilatu ditu gainsarietan, eta sasoi betean dagoela berretsi du

Aukera ez du alferrik galdu.
ainara arratibel gascon
<i>Iurreta</i>
2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Jolien D'Hoore (Boels Doelmans) da Emakumeen Birako lehen liderra, atzo Iurretan (Bizkaia) aurreneko etapa irabazi eta gero. Ez zen ezusterik izan, eta, espero bezala, esprintean erabaki zen etapa. Txirrindulari flandriarrak ez zuen huts egin, eta bizkorrena izan zen azken metroetan. Aise zabaldu zituen besoak, gainera, bere taldeak egindako lana ondo biribilduz. Bigarren izan zen Sofia Bertizzolo (Virtu), eta hirugarren Grace Elvin (Mitchelton).

D'Hoorekin batera, beste ziklista bat nabarmendu zen lehen saioan: Amanda Spratt (Mitchelton). Iazko garailea oso indartsu agertu zen atzoko etapan, eta berriz ere txapela janzteko asmotan datorrela berretsi zuen. Australiako taldeak lehen egunetik erakutsi du irabaztera etorri dela.

Eguneko bi tarteko esprintetatik aurreneko postuan igaro zen Spratt, eta sailkapen nagusiari begira oso baliotsuak izan daitezkeen sei segundo eskuratu zituen —horietan ere aurrean izan zen Ane Santesteban (WNT), eta bi segundoko gainsaria lortu zuen—.Gainera, Sprattek, Elissa Longo Borghinirekin (Trek) batera, ihesaldi ahalegina egin zuen. Bi txirrindulariok 30 segundoren aldea izan zuten etapa azken txanpan zela. Baina, azkenean, tropelak harrapatu egin zituen.

Antzera gertatu zitzaion Anna Plitchtari (Trek). Berak egin zuen eguneko ihesaldia. 30 bat kilometro egin zituen aurrean bakarrik. Lehen esprint berezia pasatu eta berehala egin zuen ihes. Bi minuturen aldea izan zuen, baina atzetik gogor egin zuten tira Boelsek eta Biehlerrek. Hala, eguneko lehen gaina igaro eta berehala zapuztu zuen tropelak haren ahalegina. Bero handia egin zuen atzo, eta hori eta laguntzarik ez izatea ordaindu zuen.

45 bat kilometro falta ziren orduan etapa amaitzeko, eta erritmoa bizitzen hasi zen. Horrek eragin zuen hainbat txirrindulari atzean geratzea. Orduan jo zuten erasoa Sprattek eta Longo Borghinik, baina Boels ez zegoen aukera alferrik galtzeko prest. Etapa esprintean amaitzea nahi zuen.

Aurretik, hala ere, Jelena Ericen (Alle Cipollini) ahalegina zapuztu behar izan zuen. Azken bost kilometroetan lasterketa kontrolpean izan zuen, eta etapak esperotako amaiera izan zuen Iurretan.

Gaur hasiko da zailtzen lasterketa. Tropela Gipuzkoako errepideetan ibiliko da, Tolosaldean, hain zuzen ere. Etapa Adunan hasiko da, eta Amasan bukatu. 110 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta bi gain igo: Altzokoa (1,7 km eta %6,7ko pendiza) eta Alkizakoa (4,4 km eta %4,5). 21. eta 62. kilometroetan izango dira, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.