«Gustura nago hemen»

Jose Luis Mendilibarrek adierazi du ez duela zalantzarik eduki Eibarren segitzeko. Datorren sasoiko taldea ere «lehiakorra» izango dela iragarri du

Amaia Gorostiza, Jose Luis Mendilibar eta Fran Garagarza, atzo, Ipuruan, prentsaurrekoa eman aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Gauzak ondo doazenean zertarako aldatu? Eibar aldean ez dira abentura ezezagunen zaleak klubean, eta, ondo dabilena kate motzean lotzea onena dela iritzita, Jose Luis Mendilibarri kontratua beste denboraldi batez luzatzeaeskaini zion zuzendaritzak. Zaldibarko entrenatzailea ere ez denez kontu berrien zalea, eta baiezkoa eman dionez eskaintzari, bosgarren denboraldiari ekingo dioEibarren datorren uztailaren 10ean, entrenamenduak hasteko egunean —proba fisikoak bi egun lehenago egingo dizkiete jokalariei—.

Akordioa herenegun iragarri eta gero, atzo agertu ziren kazetarien prentsaurrekora Mendilibarbera, Amaia Gorostiza presidentea eta Fran Garagarza kirol zuzendaria. Horrelakoetan ohikoa izaten den legean, elkarri konplimenduak egiten ibili ziren. «Oso gustura nago hemen, eta gauzak okertu izan direnean, lasaitasuna eman didate, eta hori ez da leku guztietan gertatzen», esan zuen entrenatzaileak. «Oso egun berezia da gaurkoa klubarentzat, eta ea denon artean gai garen Lehen Mailan jarraitzearen amets honi segida emateko», esan zion presidenteak Mendilibarri. Kirol zuzendaria urrunago joan zen: «Datorren denboraldiko fitxaketarik onena bera da».

Hiruren artean, arreta gehien Mendilibarrek bereganatu zuen, eta, hitz egiteko orduan, lehenik eta behin, azaldu zuen zergatik erabaki duten berak eta laguntzaile guztiek Eibarren jarraitzea: «Oso garbi neukan gauzak ondo antzean joanda denboraldi honetan, beste urtebetez segitzeko erabakia hartuko nuela». Leku batean segitu edo ez pentsatzeko orduan, zein duen heldulekuetako bat azaldu zuen: «Gustura banago edonon, oso zaila da nik hortik alde egitea». Eta pozik da Eibarren: «Harreman oso ona eta zuzena daukat klubarekin, eta hala izan da beti». Adibide gisa ipini zituen beste taldeetatik jaso izan dituen deiekin nola jokatu izan duen: «Beste eskaintzaren bat edo antzeko zerbait heldu izan zaidan bakoitzean klubari jakinarazi izan diot, eta ez dut ezer ezkutatu. Denok aurrez aurre zintzo joaten bagara, inoiz ez da arazorik egongo».

Jokalariekin ere jarrera bertsua izan zalea da, eta esan beharrekoak aurpegira esaten dizkie. Datorren denboraldian taldean segituko dutenek badakite lan egiteko modu horren berri, eta harekin bosgarren urtea beteko duten jokalariak egoteari sekulako garrantzia eman zion: «Onena da oinarri sendoa dagoela, eta berriak primeran egokitzeko balio digu horrek». Lehendik daudenak eta etorriko direnak zein lan girotan egotea nahiko lukeen kontatu zuen: «Gure lantaldearen helburua da jokalariak gustura etortzea entrenatzera. Haiek ondo pasatzea nahi dugu, eta gogoa izan dezala hurrengo egunean etortzeko ere. Uste dut taldea gustura egongo dela eguneroko lanean datorren denboraldian ere». Jokalariei zer eskatuko dien ere aurreratu zuen: «Partida guztietan behar den bezala lehiatzea nahi dugu, eta egunero gogor entrenatzea, dena emanez».

Datorren denboraldiko helburuak horiek izango zirela adierazi zuen, asmo nagusiarekin batera: «Garbi daukagu zer nahi dugun, eta hori mailari eustea da». Aurreikuspen orokorrak ere egin zituen sasoi berrira begira jarrita: «Hamabi eta hamalau talde ibiliko gara ez jaisteko borrokan, eta gu hor gaude. Guretzat, Lehen Mailan jarraitzea da Real Madril eta Bartzelonarentzat Liga edo Txapeldunen Liga irabaztearen parekoa».

Helburu hori lortzeko zein talde izango duen galdetu zitzaion, eta lasaitasuna eskatu zuen lan horretarako: «Beti egon behar dugu begiak irekita zer eta nola hobetu, eta aldaketak izango dira taldean, beti bezala, baina garbi utzi nahi dut ez dugula presarik edukiko taldea osatzeko. Lanean etengabe segitu behar dugu, baina presaren presaz ibiltzeagatik hanka sartu gabe. Ezin gara urduri ipini».

«Ni gabe ere, ondo»

Agerraldian zehar, Mendilibarrek garrantzia kendu nahi izan zion bera Eibarren egiten ari den lanari, eta klubaren lan egiteko eran jarri zuen arrakastaren oinarria: «Lehen Mailan eta Ligan egonkortuta gaude klub bezala, eta ni joan eta beste bat entrenatzaile jarrita ere gauzak berdin egingo lirateke. Kluba oso ondo ari da lanean, eta espero dut Eibarrek urte askoan segitzea Lehen Mailan, eta hau ez dut esaten gu hemen gaudelako».

Klubaren etorkizunean mugarri izango diren egitasmo batzuk aipatu zituen denak gustura egoteko helduleku on bezala: «Ipurua berritzen ari dira, Kirol Hiria ere egin egingo da, eta, horri guztiari esker, jendea pozik dago hemen. Oraintxe bertan, ez da garrantzitsua nor den Eibarreko entrenatzailea gauzak ondo edo gaizki joateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.