Donostiako 67. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Bakarrik aurrera eginez

Bakardadearen eta prekaritatearen gainetik aurrera egin nahi duen ama gazte bat du protagonista 'La hija de un ladrón'-ek. Belen Funesen lehen lan luzea da

Belen Funes zinemagilea (hirugarrena eskuinetik), La hija de un ladrón filmeko lantaldearekin, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Garbitzaile lana amaitu, babestutako etxebizitza konpartitura korrika abiatu, haur txikia jaso, lan bila jarraitu... Halakoa da egunerokoa Sararentzat, La hija de un ladrón filmeko protagonistarentzat. Bartzelonako aldirietan bizi da 22 urteko emakumea, eta adingabekoen zentro batean haren neba txikia; Sarak harreman zaila du kartzelatik atera berri den aitarekin. Hortaz, bakarrik egin beharko du aurrera bizitzan. Pertsona «normal» gisa definitzen du bere burua, baina atzo, filmaren emanaldiaren ostean, Belen Funes zuzendariak nabarmendu zuen ez daukala beste gazte askoren bizimodua. «Gazteei buruzko filmetan, bidaia iniziatikoak agertzen dira maiz. Baina ni hunkitzen ninduena zen Sararen pertsonaia hamaika ikusitakoa dela jada, 22 urterekin; hainbeste gauza bizi izan ditu, ikasteko ezer ez baitzaio geratzen dagoeneko. Begi zuloak dituen haur bat, horixe bilatzen genuen; haur baten itxura izatea, baina haur izateari uzteko adina bizitakoa. Gazte gisa, beste gauza batzuk egiten behar luke, baina bizirik irauten saiatu besterik ez du egiten, oso aurkakoa duen inguru batean». Zinemagile katalanak Sail Ofizialeko lehian erakutsi zuen atzo bere lehen film luzea, eta harrera ona izan zuen.

Bakardadea da filmaren gai nagusietako bat. Funes: «Gogoeta egin nahi nuen pertsonaia honen bakardadeaz, une oro konektatuta bizi garen mundu batean. Baina, bakardadeaz baino gehiago, jendeak bakarrik ez sentitzeko egiten dituen gauzei buruz hitz egin nahi nuen; norantz mugitzen den Sara horrela ez sentitzeko».

Aitarekin duen harreman zaila da horren erakusle. Greta Fernandezek gorpuztu du Sara, eta Eduard Fernandezek Manuel aita —egiaz aita-alabak dira bi aktoreak—. Greta Fernandezek «ilusio handiz» hartu zuen protagonistaren rola antzezteko aukera, eta adierazi zuen berezia izan dela egiazko bizitzan aita duenarekin lan egitea: «Bazen landu beharrik ez genuen zerbait, hor jada bazegoena. Aldiz, ez dugun harreman mota bat landu behar genuen, eta hor zegoen joko interpretatiboa». Eduard Fernandezen hitzetan, ez zitzaien bereziki zaila egin elkarrekin aritzea. «Gidoi bat hain ongi idatzita dagoenean, hari jarraitu besterik ez da egin behar».

Harreman horrek guztia bustitzen du, baita Sarak haurrarekin duen lotura ere. «Nenucoren iragarkitik nahiko urrun dagoen amatasun bat bizi du Sarak. Haurrari begiratzen dio, eta ez daki han zer egiten duen ere. Erabateko konpromisoa du bera zaintzeko, baina ez harekiko emoziorik. Sarak ez daki bera maitatzen, inor maitatzeko maitatzen irakatsi egin behar izan dizutelako». Egoitzetan edo pisu babestuetan bizi diren ama gazteekin hitz egin zutela azaldu zuen Marçal Cebrianek, Funesekin gidoia idatzi duenak, eta maiz izan zutela irudipen hori: «Askok zuten gauzak beste era batera egiteko nahi bat, baina baita ezin bat ere, emozionalki heziketa hori ez jaso izanagatik».

Esan gabe esatea

Ikusleak ez du jakingo nola iritsi diren pertsonaiak dauden egoerara eta dituzten harremanetara. Hala erabaki zuten Funes eta Cebrianek gidoia idaztean. «Guztiz orainean kokatutako film bat egin nahi genuen, eta, beraz, iraganeko informazioa iradoki bai, baina ikusleak eraiki behar ditu iragana eta geroa. Filma ulertzeko informazioa ematearen baina oso agerikoa ez izatearen arteko oreka lortzea izan zen zailena».

«Airean geratzen diren galdera guztiak dira filma», gehitu zuen Eduard Fernandezek. «Ederra da ez dagoen horrek daukan pisua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.