Negu giroko doinuen bilduma

Iker Lauroba abeslariak 'Negua' laugarren bakarkako lana plazaratu du. Iaz kaleratu zuen 'Udazkena' diskoaren segida da lan berria, eta gainerako beste bi urtaroekin ere disko bana osatzeko asmoa du

Nagore Arin.
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Negua. Iker Lauroba (Donostia, 1975) abeslariaren azken lanaren izena da. Hamabost urteko bidea egin du musikaren munduan; azkenekoak bakarlari. 2015ean plazaratu zuen lehen bakarkako lana, Zeru tolesgarria, eta laugarren diskoa du Negua. Ez da ustekabean etorri; izan ere, Udazkena izenekoaren segida da: «Kasualitatez sortu zen proiektua. 2018ko udazkenean idatzi nuen Udazkena. Pentsatu nuen polita izan zitekeela sasoi horretan idatzitako kantu guztiak bildu eta, kontzeptu hori oinarri hartuta, abestiei udazkenaren ukitu hori ematea». Hala, ideia horri tiraka sortu zen urtaroen proiektua garatzeko burutapena: «Urtaroek dituzten ñabardurak abiapuntu, urtero haietako bati buruzko lan bat egitea pentsatu nuen, urtaro bakoitzari dagokion ukituarekin. Tonu eta kolore anitz transmititzen saiatu naiz disko desberdin bat izateko, betiere urtaro guztien kontzeptua oinarri hartuta».

Durangoko Azokan aurkeztu zuen diskoa, eta pozik dago izandako harrerarekin: «Ongi sentitzen naiz; kontzertua ongi joan zen. Ahotsenea guneko kontzertuak oso laburrak izaten dira, eta, egia esan, ez du denbora askorik ematen disfrutatzeko, baina jende asko bildu zen, eta diskoen salmenta ere ongi joan da. Orain arte jaso ditudan mezuak oso politak izan dira guztiak». Leire Berasaluze, Olaia Inziarte eta Urbil Artola musikariekin igo zen agertokira. Horiek osatzen dute zuzeneko taldea: «Abestiek dituzten ñabardura guztiak hartu, eta zuzeneko formatura egokitu ditugu, gure instrumentaziora. Saiatzen gara geure esku, aho eta belarriekin abesti guztiak gure formatura moldatzen, eta, egia esan, oso gustura lan egiten dut haiekin. Oso ongi ulertzen dute nire musika ikusteko modua eta nire musika sentitzeko modua».

Laurobaren esanetan, «negu kutsua» dute abestiek. «Neguari zegokion kolorea transmititzen saiatu naiz. Nire kantuak ez dira, normalean, alaiak eta baikorrak izaten, baina saiatu naiz neguko giroa duten abestiak sortzen. Hala ere, badira musika aldetik askoz ere alaiagoak diren abesti pare bat ere; izan ere, neguan ere badira egun eguzkitsuak». Salbuespen horiez gain, besteak «negurako girotutako kantuak» direla esan du, «suaren inguruan bilduta edo tximinia piztuta entzuteko horietakoak». Gaiei dagokienez ere, askotarikoak landu ditu, baina oro har iluntasuna islatzen dutela azaldu du: «Era guztietako gaiak landu ditut, baina nahiko ilunak atera zaizkidala uste dut. Munduak hartu duen norabidearekin gero eta ezkorragoa naiz, eta hori islatu dut abestietan. Maitasuna ere azaltzen da, baina ez da maitasun erromantiko hori; maitasunaren eta maitasunik ezaren arteko hitzak dira».

Hasi da loratzen 'Udaberria'

Urtebeteko lan prozesu baten ondoren aurkeztu du Negua. Abeslariaren hitzetan, etxean grabatzen ditu abestiak, eta horrek lasaitasuna ematen dio: «Hasten naizenetik amaitu arte, kantuz kantu lan egiten dut. Kantu batekin hasten naizenean, saiatzen naiz abesti hori hasten eta bukatzen. Estudio batean larritasuna handiagoa da; guztia hiru astean egin behar hori... Denbora dut kantu batekin guztiz gustura ez banago berriz hasieratik hasteko, zerotik, bilatu nahi dudan hori lortu edo gustura gelditu arte». Gainera, «gero eta erosoago» sentitzen da hitzak idaztean, hastapenetan ez bezala.

Abenduaren 7an egin zuen aurkezpen kontzertuaren ondotik, beste hainbat dauzka iragarrita abeslariak. Otsailean, adibidez, Donostiako Doka aretoan izango da: aurkezpen bikoitza egingo du, Ainhoa Larrañagarekin batera. Kontzertu horien artean, baina, hurrengo lana prestatuz joango da: Udaberria. Aitortu duenez, dagoeneko bederatzi abesti konposatu ditu, eta apurka-apurka horiek grabatzea da musikariaren asmoa: «Azoka pasatuta, jada hasi naiz abestiren bat grabatzen. Aurreratuz joan nahi dut; adibidez, hilero kantu bat prest izan».

Asko eskertu du jasotako berotasuna, baina diskoa amaitu aitzinetik sentimendu kontrajarriak izan dituela aitortu du: «Lana amaitu baino lehenago zalantzati izaten naiz ea esfortzu horrek guztiak merezi duen edo ez. Ez da gauza erraza hasieran guztiaren kargu egitea, karga ekonomikoa poltsikotik jartzea. Diskoen ekoizpenaren ardura guztia hartze hori neketsua da. Ez da soilik irabazi ekonomikorik ez ateratzea; izan ere, sarri galera ekonomikoak ere izaten dira». Alabaina, Negua lanaren harira jaso dituen mezuak «hain dira politak», ezen aurrera jarraitzeko eta lanean segitzeko nahikoa indar sentitzen baitu: «Lau urtaroak kaleratzen ditudanean ikusiko dut norantz jo; agian gogotsu egongo naiz eta indarra izango dut jarraitzeko. Orain indartsu nago Udaberria kaleratzeko, eta gero etorriko da Uda. Ideia hori dut buruan». Jardun horretan jarraituko du Iker Lauroba musikariak: «Musika ogibide izateko ahaleginean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.