Pertsonala eta historikoa, bat

Juan Luis Morazaren erakusketa bat zabaldu dute Gasteizko Artium museoan. 1987an eta 1988an egindako piezekin, testuekin eta marrazkiekin osatu dute. Abuztura bitarte bisitatu ahalko da

Juan Luis Moraza artista Gasteizko Artium museoan ikusgai jarri dituen obretako batzuekin. JUANAN RUIZ /FOKU.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Dagoeneko ikusgai dago Gasteizko Artium museoan Juan Luis Moraza (Gasteiz, 1960) artista, idazle eta irakaslearen erakusketa berria: Gordailua 1987-1988. Ia 80 piezak osatzen dute, eta abuztura bitartean bisitatu ahalko da. Eskultura lanak nagusi diren arren, egilearen marrazki, testu eta bestelako materialekin osatu dute «atzera begirako ikuspegia» duen erakusketa. Izenak berak aurreratzen duen moduan, artistaren 1987. eta 1988. urteetako obrekin osatu dute, eta, hain zuzen ere, Morazak hamarkada horren bukaeran Artium museoaren gordailuan utzitako lanak dira. Moldes para la oscuridad (Iluntasunerako moldeak) eta Negaciones (Ukoak) bildumako lanak dira, eta gehienak lehen aldiz daude ikusgai.

Beatriz Herraez Artium museoko zuzendaria eta Enrique Martinez izan dira erakusketaren komisariotza lanaren arduradunak eta proiektuaren bultzatzaileak. Martinezek nabarmendu du bi urteko epea oso laburra dela, eta horregatik dela azpimarratzekoa kopurua: «Juan Luis Morazaren lanaren intentsitatearen adierazgarri da erakusketa. Denbora tarte txikian, aretoan ikusi daitekeen moduan, kopuru harrigarria sortu zuen». Gainera, komisarioak gehitu du erakusketa testu eta marrazkiekin osatu izanak aukera ematen duela artistak urteetan izan dituen harremanak eta egindako lanaren osotasuna ezagutzeko.

Eskultoreak onartu du erakusketa osatzeko proposamena pozik hartu zuela, aurretik Artium museoarekin izandako harremanagatik eta gordailuaren ideia aberatsa iruditu zitzaiolako. Ildo horretatik azaldu du beretzat gordailuak «geratzen denaren, erabilgarri denaren, gastatzen ez denaren eta kontsumitzen ez denaren» sinonimo direla. «30 urteren ostean piezak ikustean, ordutik pasa diren gauzen inguruko gogoeta piztu zidaten», aitortu du Morazak. Obra horiek berreskuratzearekin, gainera, berauekin «berradiskidetu eta indarberritu» dela gehitu du, asko sufritu zuen garai bateko lanak baitira.

Aurkeztu berri duen erakusketako lanetan euskal eskultura berriaren mugimendua argi ikusi daitekeela azpimarratu nahi izan du artistak: «Nik eta nire garaikideek Euskal Herriko tradizioaren eta tradizio modernoaren moldeak apurtu genituen». Gaineratu du haien eskultura «eraikitzeko» moldea «deseraikitzailea, postmodernistagoa» zela.

«Garai zailak»

1980ko hamarkada «garai zaila» izan zela esan du Herraezek, eta, hain zuzen ere, testuinguru historiko horretan kokatu nahi izan dute erakusketa. Eskultoreak azaldu duenez, garai horretan ekoitzitako lanaren lagin txiki bat baino ez dira pieza horiek: «Bilbok hiri industriala izateari utzi zion, eta zerbitzuen hiri bihurtu zen. Gentrifikazioaren ondorioz, neukan tailerretik bota nindutenean, altzairuzko ia bi tona eskultura saldu behar izan nituen txatartegian». Orduan balio gehien zuten piezak baino ez zituen gorde. Eta lagin horrek maila askotako aldaketa garaiko lana erakusten duela azaldu du Morazak: «Artean modernismoa krisian zegoen bezala, gizartean eskubide zibilen aldeko mugimendua zegoen». Orain, ordea, pieza horiek berreskuratu dituztenean, «gordin» ikusten dituela adierazi du, bai bere adinagatik, baina baita garaiak «gordinak» zirelako ere.

Artiumeko liburutegi eta dokumentazio zentroko 03 aretoan dago kokaturik artistaren erakusketa berria. Gela hori urte luzez itxia izan dute, krisiaren ondorioz. Herraezek jakinarazi duenez, Morazaren erakusketak ziklo berri bat ireki du Artium museoan; izan ere, aurrerantzean, gela horretan erakutsiko dituzte museoko funtsetan eta biltegietan dituzten obrak, denak berrikusketa historikoarekin zerikusia dutenak. «Areto horrek lotura handia izango du arteak pentsaera politikoekin, sozialekin eta historikoekin duen harremanarekin», esan du zuzendariak. Era berean, artearen eta historiaren lotura estua ikertzeko asmoz, ziklo horretako erakusketekin liburuen serie bat osatuko dutela iragarri du. «Katalogo bat baino gehiago, artxibo bat sortuko dugula esan daiteke» adierazi du Herraezek. Morazaren lanarekin jada egin dute, eta, erakusketako obrak zerrendatzeaz gain, komisarioek artistarekin prozesu osoan zehar egindako elkarrizketak eta artistaren saiakera testuak eta testu poetikoak ere bildu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.