Erasora, baina itsutu barik

Athleticek gaur jokatuko du Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partida, San Mamesen, Granadaren aurka. Espainiako taldea kontrario gogorra izango da finalera iristeko bidean

Iñaki Williams Granadako jokalariez inguratuta, iragan abenduan, San Mamesen jokatu zuten ligako partidan. 2-0 irabazi zuten bizkaitarrek. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
haritz gallastegi
2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako finalerdia jokatzeko eguna iritsi zaio Athletici. Egun handia da. Bizi beharrekoa. Besteak beste, inoiz ez baita jakiten noiz etorriko den hurrengo aukera. Talde zuri-gorriak sarri jokatu ditu gisa honetako partidak azken hamarkadan: hiru aldiz aritu da Espainiako Kopako finalean —2009., 2012. eta 2015. urteetan— eta beste batean Europa ligakoan —2012an—. Baina, aurrez, ia hiru hamarkada itxaron behar izan zuen txapelketa bat irabazteko aukera eskura izan ahal izateko. Hortaz, aprobetxatu beharrekoa aukera da. Oraingoan, gainera, azken urteotako aukerarik onena du Kopa irabazteko. Talde indartsuenek kale egin dute. Lehiaketatik kanpo daude. Gutxitan gertatzen da ligako lehen bost sailkatuek etxetik ikusi behar izatea finalerdia. Bistan da aukera ona dela bizirik jarraitzen duten taldeentzat: Athleticentzat, Granadarentzat, Realarentzat eta Mirandesentzat. Baina, era berean, presioa ere izan dezakete luzaroan aukera horren zain egon diren taldeek.

Athleticeko jokalariek itzal handiko elastiko batek daukan zama daramate gainean. Jarraitzaileen ahotan sarri egon ohi da gabarra ateratzeko dagoen premia. Azken hamarkadan aukera hori ezerezean utzi duen Bartzelona lehiatik kanpo dagoela kontuan hartuta, are ozenago entzuten da desio hori. Athleticeko zalea, berez, baikorra delako. Baina zelaian bestelakoak izango dira gauzak. Granada ez da Bartzelona. Alde handia dago bi taldeen artean, arlo guztietan. Hala ere, argi dago Espainiako taldea kanporatzea ez dela batere samurra izango. Aurkari lehiakor eta deserosoa da. Kontrarioari aukera gutxi ematen dio. Sasoi honetan San Mamesen, Espainiako Ligan elkarren aurka jokatu zuten lehia da horren erakusle. Athleticek 2-0 irabazi zuen, baina arazo handiak izan zituen erasoko jokoa garatzeko. Granadak kate motzean lotu zizkion bere indargune guztiak. Gaur ere antzeko kontrarioa espero dute zuri-gorriek.

Granadak oztopo asko jarriko dizkio Athletici. Horregatik, ezinbestekoa izango da buruarekin aritzea. Lehen partida etxean jokatzeak ez du esan gura kanporaketa gaur erabakita uzten ahalegindu behar denik. Athletic ausartegi zelairatzen bada, garesti ordainduko du. Presaka jokatzeak kalte egingo dio. Granada zuri-gorrien zain egongo da. Beraz, Gaizka Garitanok entrenatutako taldea garaipena eskuratzen ahalegindu behar da, baina defentsan zulorik utzi barik. Irabazteak izan behar du helburua, baina golik ez jasotzeak asko balio du. Granada San Mamesen lan ona egiteko kapaz den moduan, Athletic gai delako itzulikoan Granada bere etxean estu hartzeko.

Yuri eta Raul Garcia, prest

Kontzentrazioa ez galtzea izango da gaurko neurketako giltzetako bat. Horrekin batera, zuri-gorriek azken hilabetean pilatutako nekeak ere ardura sortzen du. Athleticeko jokalari asko erregai gutxirekin daude. Freskotasuna falta zaie. Eta bete-betean ez dagoenean, Athleticek asko galtzen du. Defentsako talde lan onarekin batera, jokalarien konpromisoa da taldearen bertute nagusia. Talentu aldetik justu antzean dabil —Granada ez dabil sobera—, beraz, aurkaria mendean hartzeko ezinbestekoa da jokalariak sasoi betean egotea. Athletic Ligan ari da ordaintzen Kopan egiten ari den ahalegina.

«Asteburura larri iritsi ginen [Kopako] luzapenaren ondorioz, eta batzuek atseden bat behar dute», esan zuen atzo Garitanok, Lezaman eman zuen prentsaurrekoan. Hala ere, Deriokoak argi du finalerdietaraino iritsita Koparen garrantzia zer-nolakoa den orain: «Daukagun aukerarik argiena da, eta horren bila joan behar dugu. Lau talde baino ez gaude, eta oso lan ona egin dugu txapelketa horretan». Garitanok ez du uste Athletic faborito denik, ezta horrek garrantzirik duenik ere. «Bartzelona faboritoa zen, eta irabazi egin genion», esan du final-laurdenei buruz. «Partida hau prestatu behar da, irabazten saiatu, eta han [Granadan] erabakiko da».

Garitanok futbolari guztiak zelairatzeko aukera izango du. Raul Garcia eta Yuri Berchiche kili-kolo daude, baina arriskatu egin dute. Hau da momentua horretarako. Bestalde, Garitanok ez du aurreratu zein izango den atezaina. Lau edo bost atzelarirekin jokatuko duen ere ez du esan. Argi dagoen gauza apurrenetako bat da Aritz Aduriz zelairatzen bada Kopan San Mamesen jokatuko duen azken partida izango dela. Berriz agertu zenetik, txukun aritu da aurrelaria.

ATHLETIC-GRANADA

Athletic. Unai Simon; Capa, Yeray Alvarez, Unai Nuñez, Iñigo Martinez,Yuri; Dani Garcia, Vesga; Munian, Raul Garcia eta Williams.

Granada. Aaron; Victor Diaz, Vallejo, Domingos Duarte, Foulquier; Gonalons, Yan Eteki, Yangel Herrera, Vadillo, Antonio Puertas;eta Soldado

Epailea. Hernandez Hernandez.

Lekua. San Mames (53.300 ikusle).

Ordua. 21:00etan (Cuatro).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.