Itxialdia pentagramara itzulia

Mikel Chamizok pianorako minutu bateko hamar konposizio labur idatzi ditu, eta guztiak obra bakar batean bildu: 'Under Lockdown'. Julio Cesar Perez eta Angel Erro ere batu ditu proiektura

Mikel Chamizo konpositoreak Londresen egiten ditu denboraldiak, eta han harrapatu du konfinamenduak. DENNIS HOVING.
itziar ugarte irizar
2020ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Tolosarra da sortzez, eta hura du bizileku, Gipuzkoan. Baina Londrestik aritzen da maiz Mikel Chamizo, bikotekidearen lanlekua dela medio. Han harrapatu zuen konfinamenduaren hasierak, eta han segitzen du. Etena. Izua. Horiek sentitu zituen inguruan musikaren mundua dena kolpean geratzen sumatzean, kontzertuak, konpromisoak, asmoak, dena bertan behera geratzen ari zela ikustean, domino fitxa batek aurrekoa eta hark aurrekoa eraisten duenean bezala. «Oso larrituta ibili ginen», oroitu du. «Ni sare sozialetan oso aktibo aritu nintzen horren berri ematen, eta esaten musikariek, beste pertsonek bezala, bazutela eskubidea estatuaren partetik laguntzak jasotzeko». Matematikari madrildar batek ikusi zituen mezuak, Ignacio Arbusek, eta idatzi egin zion Chamizori esanez asko gustatzen zitzaiola musika garaikidea, ulertzen zuela gaizki pasatzen ari zirela, eta, laguntza modura, enkargu bat egitea gustatuko litzaiokeela: pianorako miniatura bat. Eta hor piztu zen ideia: bakar bat egin beharrean, proiektua beste bederatzirekin osatzea pentsatu zuenean konpositoreak. «Beste bederatzi, proiektu artistiko hau babestu nahi zutenei eskaintzeko». Hala, finantzaketa kolektibo bat jarri zuten martxan, eta lortu dute jadaaurreikusitako kopurua. Orain, duela aste batzuetatik hona, sortze prozesuan ari da, Londrestik: konfinamendu garaiak sortutako burutapen eta sentsazioak pentagrama gainean idazten.

Berritzailetzat bizi izan du proiektua Chamizok. «Musika garaikideko konpositoreok oso lan instituzionalizatua egin ohi dugu; orkestren enkarguak, diru laguntzak... jasotzen ditugu. Baina kasu honetan proiektua publikoaren esku jarri dugu, eta hori berria da». Publiko horri, konposizioak aurrera ateratzeko dirua jarri dutenei, trukean zer eman,partitura bera bidaltzea otu zitzaion konpositoreari, baina, «oso espezializatua» izan zitekeela eta, ideia bera «artelan batera» hurbiltzea erabaki zuen azkenean. Eta Julio Cesar Perez ilustratzailearengana jo du horretarako. «Pertsonaia txiki batzuk marrazten ditu, tintaz beti, eta haiek bizitzari buruzko gogoeta handiak egiten dituzte, baina umorearen bitartez; umore oso surrealista eta, neurri batean, basatia. Niri asko gustatzen zait». Hala, partituran «esku hartzeko» eskatu dio Chamizok, eta irudiak ez daitezela soilik partituran sakabanaturik azaldu, «partituaren barnean» baizik, pentagramako elementuekin elkarrizketa batean.

Cesarrez gain, Angel Erro BERRIAko zutabegilea eta poeta ere gonbidatu du proiektura Chamizok. Gustuko du haren lana, eta mantentzen dute konpositorea Madrilen bizi zenean hasitako harremana. «Poeta bikaina izateaz gainera, munduari begiratzeko bere moduan ironia eta umore pixka bat dago beti, eta oso aproposa iruditzen zitzaidan proiekturako». Zerbait «guztiz esperimentala» egitea eskatu dio Errori. Ez daki hitzaurre bat izango den, ipuin labur bat, saio bat, horren denaren nahasketa bat. Chamizok musika amaitutakoan onduko du bere partea Errok. Artean, hamar pieza laburrak amaitzen ari da Chamizo. Listo dituenean, Pierre Delignies pianistari helaraziko dizkio, ikas ditzan, hark estreinatuko baititu, ekainaren amaiera aldera, streaming bidezko emanaldian.

Deligniesengana jo du «pianista gazte baina oso birtuoso bat» ikusten duelako harengan. «Santanderko (Espainia) piano lehiaketa ezagunaren finalean egon da, adibidez. Musika garaikidea asko gustatzen zaio, eta hori ez da ohikoa: pianista askok gustu kontserbadoreak izaten dituzte. Gehiago gustatzen zaie Chopin, Beethoven eta Brahms entzutea. Gainera, nik konposizio ikasketak amaitu nuenean, Musikenen, bera sartu zen pianoa ikastera. Ex-alumni-ak gara biok».

Formatu txikian trebe

Chamizok badu esperientzia formatu txikiarekin. 2011n, 365 klip musikal izeneko proiektua egin zuen, zeina urteko egun bakoitzean pianorako miniatura bat idaztean zetzan. Esperientzia horrek eskua trebatu zion neurri txikiarekin. «Ikasi nuen minutu batean musikalki gauzak nola espresatu daitezkeen: ideia bat foku handi baten azpian jartzen. Ez da ezer oso konplexua izan behar, baizik eta ideia bat musikara zuzen eraman eta agian pixka bat bortitz ere helaraztea».

Itxialdiaren esperientzian oinarritu dituenez piezak, lehen egunetako «izua», asperdura, konfinamenduaren arintzea eta beste islatu ditu minutu baten barruan. «Piezek ideia zuzenak jasoko dituzte, eta, nahiz eta lengoaia garaikidea izan, ulertzeko edo entzuteko nahiko errazak izango dira». Minutu bateko hamar pieza dira, batera hamar minutuko obra bat osatuko dutenak. Euren arteko erlazioak ere badirela azaldu du Chamizok: «Sofan etzanda egotea pentsatzen: 'Zer egingo dut gaur?'. Sentsazio hori ez da berdina lehen egunean edo hirurogeigarrenean, eta aldaketa horiek musikalki ere islatuta egongo dira».

Proiektua diruz lagundu dutenek abuztuan jasoko dute Chamizoren, Cesar Perezen eta Erroren artean ondutako lanaren ale bana. Denera ehun aterako dituzte, zenbakituak. Hil amaierako kontzertua, berriz, modu irekian emango dute sarean, eta, lotzeko duten arren, litekeena da uztailean zuzeneko emanaldi batean ere aurkeztea miniaturak, Santanderren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.