Ekaitz perfektuaren esperoan

Sasoi honetan lehen aldiz, Realak etxean jokatuko du gaur, Bartzelona liderraren aurka. Estreinako partida du estadio berrituan. Sandro eta Willian Jose ez dira osatu, eta deialditik kanpo geratu dira

Realeko jokalariak, Anoeta estadioa berritzen diharduten langileekin, atzoko entrenamendu saioaren aurretik. REALA.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Realeko entrenatzaile ohi John Toshackek esana da Kontxako Bandera igaro artean Donostian ez dela futbolaz hitz egiten. Iragan astean amaitu zen arraun denboraldiko estropadarik entzutetsuena, eta, galestarraren hausnarketa balekotzat emanda, aste honetan hasi behar luke txuri-urdinen jirako hitz aspertuak.

Azken egunetan izan da horretarako makina bat arrazoi. Sasoiko lehen hiru partidak etxetik kanpo jokatu eta gero, Reala bere zelaian ariko da lehendabiziko aldiz. Alde askotatik izango da interesgarri partida, gainera; Anoeta eraberrituan jokatuko den estreinako partida izango da, Aitor Zabaleta harmailaren irekiera egunean, eta Imanol Agirretxeri omenaldia egingo dio klubak partidaren aurretik. Lehendabizikoz, taldea indartzeko fitxatutako batzuk bertatik bertara ikusi ahalko ditu zaleak, eta aurkaria ere maila handikoa izango da: Bartzelona liderra. Aldagai horiek guztiak nahastu, eta ekaitz perfektua leherrarazi nahi du Realak, hiru puntuak eskuratu eta sasoi hasiera bideratzeko.

Ez du lantegi erraza izango. Sasoi onean dago aurten ere lehiaketa guztiak irabazteko hautagaien zerrendan dagoen talde kataluniarra. Espainiako Ligako lehen postuan da Bartzelona, orain artean jokatu dituen hiru partidak irabazita. Ez nolanahi, gainera; azken jardunaldian, 8-2 irabazi zion Huescari. Selekzioen partidengatik, talde osoarekin entrenatu ezinik ibili da Ernesto Valverde, eta datorren asteartean du Txapeldunen Ligako estreinako partida. Horrek guztiak eragina izan lezake Anoetan zelairatuko duen hamaikakoan; halere, taldeko izar guztiak sartu ditu Donostiarako deialdian. Arthur da entrenatzailearen erabakiz kanpoan geratu den bakarra. Brasildarra atzo itzuli zen bere herrialdetik, eta zerrendatik kanpora uztea erabaki du Valverdek.

Asier Garitano Realeko entrenatzaileak buruhauste gehiago izan ditu deialdia osatzeko. Txuri-urdinek hainbat jokalari dauzkate min hartuta, eta horien artean daude erasoko jokoa gidatuko duten Adnan Januzaj, Willian Jose eta Sandro Ramirez. Lehendabizikoak hilabetetik gora egon beharko du zelaietatik kanpo, eta beste biak ez dira partidarako osatu, nahiz eta taldearekin entrenatzen aritu diren. Horiek horrela, Juanmi Jimenez, Mikel Oiartzabal eta Jon Bautista izango dira Realaren erasoko jokalariak Bartzelonaren aurka.

Erdiko lerroan aukera handiagoa izango du entrenatzaile bergararrak. Mikel Merino jokatzeko moduan dago, eta erdiko lerro guztia du bere eskura; atzeko lerroari dagokionez, berriz, deialdian sartu du Raul Navas. Halaber, atean egon daiteke Realaren aldaketa nagusia. Miguel Angel Moya sendatu da, eta Gero Rullik astea kanpoan eman du, Argentinako selekzioarekin. Hargatik, sasoiko lehendabiziko partida jokatzeko aukera izan dezake espainiarrak.

Bartzelonaren aurkako partidarako gogotsu agertu da Garitano: «Nahiz eta gauzak ondo egin, iaz Realak egin bezala, Bartzelona gai da lau gol sartzeko. Asmoa partida ona egitea da, eta haiek dituzten gauza onak indargabetu eta gureak bultzatzea». Halaber, Garitanok azpimarratu du Bartzelonak «joko estilo argia» izan arren jokalari garrantzitsuak dituela, eta trantsizio egoeretan eta zelai irekian gai direla aurkaria erraz azpiratzeko: «Huescari gertatu zitzaion azken jardunaldian. Ausartak izan ziren, eta eutsi zioten lehen 25 minutuetan, baina gero zortzi gol sartu zizkioten».

Txuri-urdinen entrenatzaileak azken urteetan Realak kataluniarren aurka izandako bolada ona leheneratu nahi du: «Azken urteetan nekeza egin zaio Realaren aurka jokatzea. Iaz irabazi egin zuen hemen, baina aurrekoak ez dira oso partida onak izan Bartzelonarentzat». Iragan sasoian Anoetan irabazi egin zuen Bartzelonak, baina aurrez Donostian irabazi ezinik egon zen hamar urtez.

REALA-BARTZELONA

Reala. Moya; Zaldua, Navas, Moreno, Theo; Illarramendi, Zubeldia, Merino, Zurutuza; Juanmi eta Oiartzabal.

Bartzelona. Ter Stegen; Sergi Roberto, Pique, Lenglet, Jordi Alba; Vidal, Busquets, Rakitic; Messi, Suarez eta Dembele.

Epailea. Del Cerro Grande.

Lekua. Anoeta (28.995 ikusle).

Ordua. 16:15ean (BeIN La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.