Ezkurdia berriaren zain

Arbizukoaren eta Urrutikoetxearen ustez, etziko finalerdiak ez du zerikusirik izango haien arteko aurreko partidekin. Sarreren salmenta oso astiro doa

Mikel Urrutikoetxea eta Joseba Ezkurdia, hizketan, Bizkaia pilotalekuko kantxan, atzoko pilota aukeraketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Mikel Urrutikoetxearen eta Joseba Ezkurdiaren arteko partidak klasiko txiki bat bihurtu dira dagoeneko. Hala buruz buru nola lau eta erdian, hainbat aldiz jokatu dute elkarren aurka. Buruz buruko biak Zaratamokoak irabazi zituen —2016an eta 2017an—, baita lau eta erdiko gehienak ere. Azkena, baina, iazko lau eta erdikoan, Ezkurdiak irabazi zuen. Joera bat aldatu dela dirudi. Izan ere, bi aurrelarien ustez, etziko partidak ez du zerikusirik izango aurrekoekin. Buruz buruko lehen finalerdia da, eta Bilbon jokatuko dute.

Ezberdina? Zergatik? Urrutikoetxeak garbi du. «Ezkurdiak beti izan du joko handia, haren aurka irabaztea beti da zaila. Aldatu dena da garaipenak iritsi zaizkiola». Arbizukoak binakako eta lau eta erdiko txapelak irabazi zituen iaz, eta, Urrutikoetxearen ustez, horrek «konfiantza» eman dio. «Txapelak irabazteak lagundu egiten dizu. Konfiantza ematen dizu. Beti da garrantzitsua zure burua goian ikustea». Ezkurdiak ere uste du orduan baino pilotari hobea dela. «Buruz sendoagoa naiz orain, erregularragoa, eta partida gutxiago egiten ditut. Konfiantza daukat, eta hori garrantzitsua da maila honetan».

Pilota aukeraketan egin zuten analisia, atzo. Biak gustura gelditu ziren errutinan. Pilota oso astunak aukeratu zituzten: Urrutikoetxeak 106,1 eta 106,5 gramokoak, eta Ezkurdiak 106,7 eta 106,6 gramokoak —107 gramo da gorengo muga—. Ez zuten kexarik izan, Ezkurdiaren pilotak biziagoak diren arren. Deigarria izan zen Urrutikoetxea Ezkurdiaren pilotak probatzen ari zenean, kantxa erditik pilotakada bat jo, eta besoa luzatu arren, pilota bere gainetik igaro zela.

Bientzat txapelketako bigarren partida da, eta aurrenekoan itxura ezberdina eman zuten. Urrutikoetxeak arazo handirik gabe kanporatu zuen Oinatz Bengoetxea: 22-8. Ezkurdiak, aldiz, deseroso jokatu zuen Erik Jakaren aurka: 22-14. Berak ere onartu zuen. «Eskuinez batez ere, ez nion minik egin. Pilota gurutzatzen eta pareta bilatzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortu». Zalantza batzuekin bukatu zuen, baina uxatu ditu. «Bi lan saio on egin ditut, eta orain hobeto sumatzen dut neure burua. Dena den, etzi irabazi nahi badut, ordukoan baino hobeto jokatu beharko dut».

Urrutikoetxea ere sasoiko dago, urte latza gozatzeko asmoz. Iazko lau eta erdikoaz geroztik finalik jokatu gabea da, eta udako mononukleosia eta eskuko arazoak direla eta, kosta egin zaio maila ona ematea azken txapelketetan. «Iaz nola nengoen ikusita, gehiago baloratzen dut orain sasoiko egotea. Gaixotasunagatik, ez nuen ondo jokatu; triste bukatu nuen, eta udan ia ez nuen jokatu. Gero, lau eta erdikoan hirugarren bukatu nuen. Berriz ere neure burua ondo zegoela sumatu nuen, eta hori da garrantzitsuena. Ez dut gaixotasunaren garaia gogoratu ere egin nahi». Urrutikoetxeari asko gogoratu diote finalen kontua, eta berak egungo pilotarien mailaren aldarria egin zuen. «Azkeneko sei urteetan horrenbeste txapeldun egon badira, zerbaitengatik da. Oso zaila da finalera iristea, eta hori urtez urte sumatzen da. Maila oso ona dago».

Partida erakargarria izanagatik, sarreren salmenta oso astiro doa. Internet bidez ikus daiteke zenbat saldu diren, eta atzo eserlekuen bi heren baino gehiago gelditzen ziren saltzeke. Kantxek 60 euro balio dute, eta ikustekoa izango da zer itxura izango duen harmaila horrek. Jende gutxi ari da joaten Bilboko pilotalekura azkenaldian. Finala han jokatuko da, ekainaren 2an.

Ugalderen agurra

Bestalde, Aspek Andoni Ugalde aurrelariaren kontratua ez berritzea erabaki du, eta, ondorioz, hilaren 16an jokatuko du azken partida, Beasainen (Gipuzkoa). Oiartzuarrak 24 urte bakarrik ditu, eta hiru urtez izan da profesional. Haren hutsunea Julen Egiguren 19 urteko aurrelari azpeitiarrak beteko du. Ekainaren 24an egingo du debuta, Eibarren (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.