Zailenetan zailena

Bidasoak bikain ekin dio denboraldiari, eta hori baliatu nahi du gaur Artalekun, Bartzelona ahaltsua ezustean harrapatzeko. Irundarrek katalanen aurka galdu zuten azkenekoz ligan, joan den otsailean

Rudy Seri Bidasoako ezker albokoa, jaurtitzen, Bartzelonaren aurka, aurreko sasoian, Artalekun. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Hasi da Asobal liga, eta ezer ez da aldatu Bidasoan. Bereari eusten dio: aurkariak mendean hartzeari. Jokatu du jada lehen partida, baita ondo irabazi ere: 27-33, Ademar Leoni. Balio handiko garaipena da, Europarako sailkatzeko lehian arerio zuzena baita Ademar. Emaitzak, gainera, Irungo taldeari balio izan dio ligan daraman bolada bikainari eusteko: urte erdi baino gehiago darama galdu gabe, eta tarte horretan jokatu dituen hamabi partidetatik hamar irabazi ditu, eta bi berdindu.

Bartzelona ahaltsuaren aurka galdu zuen azkeneko aldiz Jacobo Cuetarak entrenatutako taldeak. Joan den otsailaren 19an izan zen, Artalekun. Hortzak erakutsi zizkion egun horretan Bidasoak Kataluniako talde boteretsuari. Azkenean, lau gol eskaseko aldeaz nagusitu zen Bartzelona: 17-21. Makina bat urte ziren katalanek ez zituztela horren gol gutxi sartu ligako neurketa batean.

Bada, gaur, Bidasoak eta Bartzelonak elkarren aurka jokatuko dute berriz ere, Artalekun (20:30, Gol). Bi taldeok asteburu honetan ekingo diote Txapeldunen Ligari, eta horregatik jokatuko dute astean zehar ligako neurketa. Irundarrek larunbat honetan jokatuko dute horrenbeste desiratutako partida, Eslovakian, Tatran Presoven aurka. Egun berean, katalanak Zagreben ariko dira.

Ezer gutxi aldatu da Bidasoan eta Bartzelonan elkarren aurka jokatu zuten azken aldi horretatik. Biek ala biek aurreko sasoiko bizkarrezurrari eutsi diote. Katalanek, hori bai, puntako fitxaketa bat egin dute, Luka Cindric erdiko kroaziarrarena. Ale bikaina da, baina beste bat gehiago da Xavi Pascualek bere aginduetara duen talde ikusgarrian.

Bidasoak partida ofizial bakarra jokatu du sasoi honetan, Asobal ligako lehena. Bartzelonak, aldiz, zazpi neurketa jokatu ditu jada: hiru Kluben arteko Munduko Kopan —txapeldun izan zen, finalean Kieli irabazita—; bat Espainiako Superkopan —txapeldun izan zen, Cuencari gailenduta—; bi Kataluniako Superkopan —txapeldun izan zen, finalean Granollersi nagusituta— eta bat Asobal ligan —astindua eman zion Helvetia Anaitasunari: 42-25—. Bartzelonak, beraz, aspaldi hartua du lehiarako erritmoa.

Gorabeherak, debekatuta

Hain zuzen, horrek eragiten dio kezka Jacobo Cuetara Bidasoako entrenatzaileari. «Agian, ez da garairik aproposena Bartzelonaren aurka jokatzeko. Aspaldi hartu du lehiarako erritmoa. Sasoiak aurrera egin ahala ikusiko da gertuago gauden, baina, gaur-gaurkoz, aldea dago». Hala ere, abisua eman du: «beti ematen dugu daukaguna baino gehiago Bartzelonaren aurka, eta oraingoan ere hala izango da».

Cuetarak argi du non egon daitekeen gakoa nor baino nor gehiago aritzeko: «ezin dugu gorabeherarik izan; partida osoan eutsi behar diogu kontzentrazioari, eta talde moduan jokatu. Hori egin ezean, arazoak izango ditugu, Bartzelonak min handia egiten baitu kontraerasoan». Haren arabera, «polita da haren aurka jokatzea, betiere nor baino nor gehiago lehiatuta. Baina, hori lortu ezean, eta alde handiz galduz gero, ez da batere polita». Hala ere, itxaropentsu da. «Aurreko sasoia amaitu bezain ondo ekin diogu honi; agian, espero baino hobeto ere bai. Horrek konfiantza ematen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.