Euritan dantzan

Demi Volleringek Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa irabazi du, erakustaldia emanda. 50 segundotik gorako aldea ateratzen die aurkari guztiei sailkapen nagusian

Euritan dantzan.
Julen Etxeberria.
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Euritan dantzan dio Gatibu musika taldearen kanta ezagunak. Eta halaxe ibili zen atzo Demi Vollering (SD Worx) Euskal Herriko Itzuliko aurreneko etapan: euritan dantzan. Txirrindulari herbeheretarrak sekulako erakustaldia eman zuen iaz Itzuliaren aurreneko ekitaldian: hiru etapak irabazi zituen. Atzo, beste erakustaldi bat eman zuen: nagusitasunez irabazi zuen Etxebarria eta Markina-Xemein (Bizkaia) artean jokatutako etapa; euripean. Hala, lehen aldia amaitu zen bezala hasi da bigarrena: Vollering igo da koska gorenera, soinean maillot horia duela.

Volleringek etapako azkeneko mendatean jo zuen erasoa, Urkaregin, eta aurkari bakar bat ere ez zen gai izan haren gurpilari jarraitzeko. Jaitsieran ere bikain moldatu zen, eta errenta handiarekin helmugaratu zen: 47 segundo atera zizkion Marlen Reusser taldekide suitzarrari. Bikain aritu zen SD Worx. 49 segundora iritsi zen Katarzina Niewiadoma poloniarra (Canyon), eta 51ra Annemiek van Vleuten (Movistar) herrikidea eta Olivia Baril kanadarra (UAE).

Helmugako gainsariei esker, Volleringek alde handiagoa du sailkapen nagusian: 50 segundo ateratzen dizkio Reusserri, 55 Niewiadomari, eta 1.01 Van Vleuteni eta Bariri. Bi etapa falta dira jokatzeko, baina SD Worxeko herbeheretarrak nahiko bideratuta utzi du Itzulia bigarrenez jarraian irabaztea. Sasoi bete-betean dago; ez dirudi txakalaldiren bat izan dezakeenik. Gainera, neurria hartua dio Itzuliari: bi ekitaldiak kontuan hartuta, lau etapa jokatu dira, eta laurak irabazi ditu.

Urkaregi hasieran, erasoa

Gogotik egin zuen euria saio osoan, eta horrek tentsioa eragin zuen. Ez zen egon arriskatzeko girorik. Tropelak bat eginda zeharkatu zituen lehen 30 kilometroak. Miryam Nuñezek (Massi) egin zuen aurreneko ahalegina: hamar kilometro inguru egin zituen aurrean, tropelak harrapatu zuen arte. Jarraian, beste saiakera batzuk egon ziren, baina tropelak ezerezean utzi zituen guztiak. Lehen mendatea iristear zen, hirugarren mailako Gontzagaraigana, eta horra iritsi arte kontrolpean izan nahi izan zuen lasterketa. Nahi, eta lortu ere bai. Igoerak ere ez zuen ezer aldatu. Hala, etapa erdia jokatuta, bat eginda zegoen onenen tropela.

Jaitsieran, ordea, aurrera egin zuen Anna Kiesenhoferrek (Israel). Austriarrak badaki zer den urrutitik erasoa jota irabaztea: horrela jantzi zuen urrezko domina 2021eko Tokioko Olinpiar Jokoetan. Kiesenhoferri Aurela Nerlo poloniarra (Massi) batu zitzaion. Ondo moldatu ziren biak erreleboka, eta, horri esker, aldea egiten hasi ziren; ohartu orduko, minutu baten aldea lortu zuten.

Baina tropela serio jarri zen: bete-betean hasi zen lanean, bi iheslariei aldea kentzen. Helmugarako hamabost kilometro falta zirela harrapatu zituen, Elgoibarren (Gipuzkoa). Hala, indartsuenen taldeak elkarrekin ekin zion Urkaregi igotzeari.

Borroka espero zen, eta errepidea tentetu bezain laster hasi zenborroka. Volleringek ez zuen itxaron nahi izan, eta segituan jo zuen erasoa. Niewiadomak bakarrik eutsi zion, baina berehala geratu zen atzean. Atzerago geratu ziren beste txirrindulari guztiak.

Iazko ekitaldian eta denboraldi honetan erakutsi duen pedal kolpe arin eta indartsuarekin igo zituen Volleringek Urkaregiko aldapak. Berehala lortu zuen minutu erdi baten aldea, baina egurrean jarraitu zuen, abantaila handitzen, aldapan gora, behera zein ordekan. Bakarrik eta pozarren helmugaratu zen, eta harengandik oso urrun, kontrario guztiak. Usoa Ostolaza izan zen lehen euskal txirrindularia (Laboral Kutxa), 21. postuan, 3.41era. Aldiz, haren taldekide Eider Merino erretiratu egin zen, Ertzaintzaren auto batek hura eta beste hiru ziklista jo baitzituen aurrez; Merinok kolpea du ukondoan.

Gaur, bigarren etapa jokatuko dute. Araban ariko dira: Gasteizen hasiko da saioa, eta Amurrion bukatuko, 133,2 kilometro egin ondoren. Hasiera lasaia da, eta horrek bide eman diezaioke ihesaldiren bat egoteari. Bukaera ere ez da zaila, baina, helmugarako bost kilometro falta direla, aldapa txiki bat dago, eta jaitsiera gero; beraz, litekeena da tropela zatitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.