Rock-and-rollaren Azkena

Chris Robinson Brotherhood, Van Morrison, Joan Jett, The Dream Syndicate, Mott The Hoople eta Gluecifer izango dira Azkena Rock jaialdian. Berri Txarrak bihar ariko da, ezohiko orduan

Van Morrison, iaz, BBK Liven. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
mikel lizarralde
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Euskal Herrian udan egiten diren musika jaialdien artean ildo eta esentziarik definituena duena izango da, ziur aski, Azkena Rock. Hamasei ekitalditan bertatik pasatu diren artisten zerrendak zalantzarako tarte gutxi uzten du: rock-and-rolla du bihotz eta arima Gasteizko musika festibalak, soulera, bluesera, hard-rockera eta countryra ere lerratzen den rock-and-rolla.

Aurtengo egitarauak, alde horretatik, ez du ezusteko handirik eman, eta rock klasikoaren eta erritmo gogor eta pisutsuen artean mugitzen diren artistek leku nabarmena hartuko dute Mendizabalako agertoki nagusietan. Era berean, nahiz eta hainbat kolektibok kontratazio politika aldatzeko eskatu duten, emakumeen presentzia txikia izango da aurten ere. Joan Jett & The Blackhearts kartelburuarekin batera, Girlschool, The 5,6,7,8's eta Reverend Beat-Man feat. Sister Nicole Izobel Garciak beteko dute musikari andrazkoen kuota.

Kartelburu ospetsuak eta ehunka izen biltzen dituzten musika jaialdien aldean, Azkena Rockek badu beste berezitasun bat: arratsalde-iluntzean joko duten artista batzuk izan zitezkeen gaueko izar nagusiak, baita alderantziz ere. Kalitateari eta oihartzunari dagokionez, kartel orekatua den seinale.

Gaurko egitaraua da horren adibiderik garbiena. Oraindik egun-argia dela, 20:15ean, igoko da God agertokira jaialdiko parte hartzaile ezagunena: Van Morrison. Belfasteko kantariak ez du askorik erakusteko, baina egunetik egunera ematen ditu iraganeko loriez bizitzeko prest ez dagoela pentsatzeko arrazoiak. Adibide bat. Azkeneko urtean hiru disko argitaratu ditu, mailarik txukunetik gorakoak hirurak ere. Ez da gutxi Astral Weeks-ek 50 urte betetzen dituen urtean.

Agertoki berean izango da, gaur, jaialdiko beste izen handienetako bat, Chris Robinson, Brotherhood taldearekin ariko dena. 2013an, The Black Crowes bandarekin izan zen Robinson Gasteizen, eta bere talde berria egonkortuta dagoela itzuliko da Mendizabalara. Hau ere, Van Morrison bezala, ez dago geldi, eta lan mordoxka argitaratu ditu azkeneko urteetan, hala estudioan nola zuzenean grabatutakoak.Guztiak ere, 1960ko hamarkada amaierako blues-rock psikodelikoan oinarri duten lanak. Horietako azkena da Barefoot in the Head, iaz argitaratutakoa.

Eraberritutako taldeak

Girlschool taldeak ez du, beharbada, aurreko bien oihartzuna lortu, nahiz eta 1980ko hamarkadaren hasieran hard-rockaren eta heavy metalaren artean mugitzen ziren taldeen ordezkari esanguratsuenetakoa izan zen. New Wave of British Heavy Metal mugimenduarekin batera sortu zen —Iron Maiden eta Saxon tartean zirela—, baina bazuen gainerako taldeekiko ezberdintasun bat: emakumeek osatzen zuten banda. 80ko hamarkadako urte haietan bizi zituzten garai onenak, eta gerora, hard-rockaren munduan beste ildo batzuk nagusitu zirenean, bigarren maila batean gelditu ziren. 2007an Kelly Johnson abeslari eta gitarrista hil zen, baina oholtza gainean segitzen dute laukote gisa.

Energiaz beteriko rockaren ikonoetako bat da MC5, The Stoogesekin batera, 60ko hamarkadaren amaieran punka eta hard-rocka aurreikusi zuen taldeetako bat. Taldea 2004an berriro elkartu zenean, Azkena Rocken jo zuen, eta oraingoan, Kick Out The Jams disko mitikoa grabatu zutela 50 urte igaro direnean, Wayne Kramerrek taldearen bertsio bat osatu du urtemuga ospatzeko: MC50.

Rock-and-roll jaialdia da Azkena Rock, eta gaurko programazioa osatuko duten taldeek berretsi egingo dute hori, nahiz eta bestelako musika ahaire batzuk ere entzungo diren. Han entzungo da The Allnightersen rhythm & bluesa, Tutan Come On-en eta Nebularen stoner-rocka, Thee Hypnoticsen psikodelia eta rock uztarketa eta Man or Astro-Manen surf eta punk-rock nahasketa dibertigarria.

Aspaldi amestutakoa

Azkena Rockeko antolatzaileek adierazi dutenez, hasiera-hasieratik nahi izan dute Gasteizera ekarri Joan Jett. Kostata, baina azkenean abeslari eta gitarrista estatubatuarra jaialdian izango da, bihar hain zuzen ere. 1970eko hamarkadan eta artean nerabea zela, The Runaways sortu zuen, hard-rockaren, punkaren eta power-poparen artean kokatzen zen emakumez osatutako banda. Taldeak ez zuen asko iraun, baina Jettek berehala ekin zion bakarkako bideari. 1980ko hamarkadaren hasieran kaleratu zuen bere kantu ezagunenetako bat, I Love Rock And Roll esanguratsua.

Beste jaialdi askok bezala, beren ibilbidea iraganean egin zuten artistak ekartzeko ohitura du Azkena Rockek. Izen historiko horietako bat da Mott The Hoople. 1969an argitaratu zuen lehen disko arrakastatsua, baina benetako oihartzuna David Bowiek idatzitako All The Young Dudes kantuarekin lortu zuen urte batzuk geroago, glam garai bete-betean. Azkena Rockera 1973ko formazioarekin dator taldea: Ian Hunter, Ariel Bender, Morgan Fisher, James Mastro, Mark Bosch, Dennis Dibrizzi, Paul Page eta Steve Holley.

Eskandinaviar jatorriko hard-punk-rockak orain dela urte dezente izan zuen bere une komertzial gorena, baina garai hartan oihartzuna lortu zuten hainbat taldek lanean eta oholtza gainean segitzen dute. Horietako bi izango dira Azkena Rocken: Gluecifer eta Turbonegro. Lehendabizikoa 2005ean desegin zen, baina hamahiru urte geroago bueltan dator eta Gasteizkoa izango da itzulerako lehen kontzertua. Turbonegrok, berriz, aurten kaleratu du bere azkeneko diskoa: RockNRoll Machine.

Larunbateko programazioan beste bi talde nabarmentzen dira: The Beasts of Bourbon, Spencer T. Jonesek, Kim Salmonek eta Tex Perkinsek 80ko hamarkadan Australian sortu zuten rock talde indartsua, eta The Dream Syndicate. Azken hauek iaz itzuli ziren ia hiru hamarkada iraun duen eten baten ondoren How Did I Find Myself Here? lan bikainarekin.

Euskal musikaren ordezkaritza, berriz, Berri Txarrek eramango du jaialdira. Gorka Urbizu, Galder Izagirre eta David Gonzalez ohikoa ez duten ordu batean igoko dira oholtzara: zazpiak jotzear direnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.