Europarako trena hartu nahi dute

Athleticek eta Realak Europa ligan aritzea dute jokoan gaur (16:15). Zuri-gorriek nahikoa dute Sevillaren zelaian berdintzea. Espanyolen zelaian irabaztea eta Bizkaitarrek galtzea behar dute txuri-urdinek

haritz gallastegi
Bilbo
2019ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Athleticeko eta Realeko jarraitzaileek ilusioz eta urduritasunez biziko dute gaur azken jardunaldia: haien taldeek Europa liga jokatzea dute jokoan. Ez da gutxi, denboraldian zehar izan dituzten gorabeherak aintzat hartuta. Zuri-gorriak estu eta larri ibili ziren sasoiaren lehen herenean, baina oso ondo aritu dira denboraldiaren beste bi herenetan. Behetik gorako bidea egin dute. Txuri-urdinek, berriz, gorabehera gutxiago izan dituzte. Mailaz jaisteko arriskuan ez dira egon, baina bai sasoi hasierako helburuetatik urrun. Gehiago espero zuten. Argi dago: zazpigarren postua lortzen duenak aho zapore gozoarekin hartuko ditu oporrak.

Euskal talde baten pozak bestearen atsekabea ekarriko du. Ez dago lekurik bientzat. Hori bai, bi taldeak sari barik geratzeko arriskua ere badago. Athleticek bere esku dauka. Sevillaren zelaian puntu bat lortzea nahikoa du sailkatzeko. Irabaziz gero, berriz, seigarren amaituko luke, eta zuzenean pasatuko litzateke Europa ligako ligaxkara. Hau da, ez lituzke hiru kanporaketa aurreko jokatu beharko —zazpigarren postuan amaitzen duen taldea uztailean hasiko da lehiatzen—. Baina, galduz gero, eta Espanyolek edo Realak irabaziz gero, Europatik kanpo geratuko litzateke. Hortaz, gutxienez puntu bat eskuratzea da helburua.

Baina ez da lan erraza izango. Sanchez Pizjuan zelai gaiztoa da. Gainera, Joaquin Caparrosek zuzentzen duen taldeak Txapeldunen Ligarako sailkatzeko aukera dauka. Gaizka Garitanok prest ditu azken hiletan taldean garrantzitsu izan diren futbolari guztiak. Derioztarrak zelai erdiko hegaletan egin ditzake aldaketak: Cordobak eta De Marcosek hasieratik joka dezakete berriz ere.

Realak, berriz, Espanyolen etxean amaituko du denboraldia. Bi taldeek helburu bera dute: irabaztea, eta Athleticek galtzea. Hortaz, onerako zein txarrerako, ez dirudi puntu banaketa egongo denik. Imanol Alguacilen taldeak konfiantzaz gainezka ekingo dio lehiari. Azken hiru partidak irabazi ditu, eta laugarrena kateatuta bere esku dagoena egiten ahaleginduko da. Antzeko egoeran dago etxeko taldea. Realari gertatzen zaion legez, Espanyolek ere hiru puntura dauka Europa, eta indartsu ari da amaitzen sasoia. Bolada onenean dauden bi talderen arteko lehia izango da. Joseba Zalduak min hartu zuen Real Madrilen kontrako partidan, eta ikusteko dago nor ariko den haren ordez. Aritz Elustondo osatu egin da, eta haren alde egin lezake Imanolek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.