Karmele Gisasola eta Nerea Sorondo

Txapela, jarraitzeko akuilurik onena

Gisasolak Euskadiko harri-jasotze txapelketa irabazi du, eta Sorondok, Euskadiko aizkora txapelketa. Biak txapelarekin bezain gustura gelditu ziren herenegun finaletan eginiko markekin. Bien ustez, txapelketako lanak aldatzea aztertu beharko litzateke, lehiakide gehiago erakartzeko.

Ezkerretik hasita: Virginia Fiñoll txinga eroalea; Karmele Gisasola eta Julia Martinez harri-jasotzaileak; eta Irati Astondoa, Maika Ariztegi eta Nerea Sorondo aizkolariak, herenegun, Mungian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Biharamun gozoa izan zuten atzo Karmele Gisasolak (Mallabia, Bizkaia, 25 urte) eta Nerea Sorondok (Bera, Nafarroa, 31 urte). Lanera joan behar izan zuten biek; herri kirolak hori du, baina, Euskadiko txapela besapean hartuta joanez gero, giharminak ez dira hain txarrak. Herenegun jantzi zuten biek, Mungian (Bizkaia). Gisasolak, Zelai III.ak, aurrenekoz jantzi zuen harri-jasotzean; Sorondok, aldiz, bigarrenez jarraian aizkoran. Biei ala biei txapelak adinako poza eragin zien finalean lorturiko markak.

Aizkora finala estua eta polita izan zen. «Iratik ederki sufriarazi zidan. Lehia estua izan genuen; ikusleak ere gozatu zuen», gogoratu du Sorondok. Irati, Irati Astondoa da, txapeldunordea. Sorondok 17.03ko marka egin zuen; Astondoak, aldiz, 17.39koa. Maika Ariztegi izan zen hirugarren parte hartzailea (19.40). Sorondo pozik zegoen bere lanarekin, baina baita aurkarienarekin ere. «Iaz nik 20.05eko markarekin irabazi zuen, eta atzo Maikak hobetu egin zuen. Egurren araberakoa ere bada, baina agerikoa da gorantz goazela. Gero eta ikuskizun hobea ematen dugu».

Gisasolak antzeko sentipena zuen. «Ez nuen espero horrelako markarik egitea. Etxean, esaterako, zilindroari hamar altxaldi ematen nizkion, eta, herenegun, hamabi». Guztira 3012,5 kilo altxatu zituen, Julia Martinez beste parte hartzaileak baino 637 kilo gehiago. Gisasolak bi urte baino ez daramatza harriarekin, eta, Idoia Etxeberriaren markarik onenak urrun dituen arren, igandeko bere lana —hamabi altxaldi 87,5 kiloko zilindroari, zazpi 75 kiloko kuboari eta 23 62,5 kiloko bolari— Estitxu Almandozek 2014ko finalean (3.112 kilo) edota Miren Urkiolak 2010ekoan eginikoaren (3.201 kilo) antzekoa da. «Zenbaki horiek hor daude,baina nik Urkiola eta Etxeberria oso urrun ikusten ditut oraindik. Beste maila batean daudela iruditzen zait. Aldarean ditut».

Gisasolaren erreferentziarik onena, dena den, iazko bere lana da: 2025 kilo. Asko hobetu du ordukoa. «Gustua hartu diot harriari. Harri guztiak maite ditut. Tira, kubikoa izan ezik; kubikoa gorroto dut, egia esan. Ubelduak uzten dizkit gorputz osoan, ezin heldu. Aitak esaten dit asko dudala hobetzeko». Emaitzek ere islatzen dute hori, kubikoaren marketan baitago aurrekoekiko alderik handiena. Halere, marka onak dira, Gisasolak bi urte bakarrik baitaramatza harri-jasotzen. Bitxia da, Jose Antonio Gisasola Zelai harri-jasotzaile ohiaren alaba baita. «Etxean txikitatik ikusi nuen harria, baina gizonena zela iruditzen zitzaidan, bularrean min emango zidala... Beste herri kirol batzuk probatu nituen, baina duela bi urte harriarekin hasi nintzen, Kepa Junkeraren ikuskizun baterako, eta orain arte».

Sorondok ere hiru daramatza «serio» aizkorarekin. Donato Larretxeak Beran (Nafarroa) duen klubean entrenatzen du. Lehen, trontza eta txingarekin tartekatzen zuen, baina orain aizkoran bakarrik egiten du. Ondo gainera, azken urtean hiru lehiaketa handiak irabazi baititu: Euskadiko Txapelketa, Urrezko Aizkora eta Donostiako Urrezko Kopa. «Txapelketa egutegia izatea motibazio handia da gu guztiontzat. Konpromiso bat hartzen dugu; telebista ere hor dago. Aizkoran jardun nahi badugu, gure burua prestatu behar dugu, eta emaitzetan ikusten da». Aizkolari gehienak nafarrak dira, eta, orain, helburua Nafarroako Txapelketa ere antolatzea litzateke. Bien bitartean, udan, erakustaldiak dagozkio, urteko gastua pixka bat arintzeko aukera. «Aizkoran ez dago irabazirik, egur eta aizkorekin gutxiago galtzeko balio dute. Aurten baditut batzuk, eta pozik nago. Ondo dago emakumeek gure lekua izatea plazan». Gisasola ere ez da kexu; uztailean, esaterako, hamabi ditu, eta abuztuan gutxiago.

Uda betea izango du Gisasolak, eta entrenatzeko garaia iritsiko da gero, erronka jarri baitio bere buruari: «Ehun kiloko kopa eta zilindroa altxatu nahiko nituzke. Gimnasio lan gehiago egin beharko dut. Helburua ez da Etxeberria edo Urkiolaren markak hobetzea, baina gora egin nahiko nuke. Horretarako, baina, konfiantza ere irabazi behar dut». Ez litzateke, gainera, 100 kilokoa altxatzen duen bere etxeko lehen emakumea. «Amama Karmenek ere altxatu zuen gaztetan. Indartsua zen, besoetan eramaten zituen esne pegarrak Ermura. Bere neba harri-jasotzailea zen; etxean harria zuten, eta, behin, ikusi zuen ez zegoela berak bezperan utzi bezala. Amama izan zen, gerrikorik gabe. Auskalo zenbat emakumek altxatuko zituzten harriak etxeetan! Eta inoiz ez ziren irten plazara».

Lanak leundu ala ez?

Txapelketek bi eta hiru parte hartzaile izan dituzte bakarrik, etatxapeldunek galdetu gabe aipatu dute urritasunaren gaia. Biek antzeko konponbidea proposatu dute. «Finalean bost enbor moztu genituen; lan ona da Euskadiko Txapelketa baterako, baina agian gehiegi da probatzen ari direnentzat», azaldu du Sorondok. «Hiru lehiaketetan lan ezberdinak ditugu, eta bateratzea ona litzateke. Euskal Herrian zazpi bat aizkolari gaude, eta batzuk zalantzan daude irten ala ez. Agian, lan motzagoekin, kanporaketa bat antolatu daiteke, eta aizkolari kopurua igo».

Harri-jasotzean, kopurua txikiagoa da. Are, Gisasolarekin plazetan ari diren biak ez dira euskal herritarrak: Julia Martinez segoviarra (Espainia) da eta Raquel de la Calle madrildarra. «Asko eskertzen diet biei; ahalegin izugarria egiten dute», onartu du Gisasolak. Baina gutxi dira. «Pisu txikiagoko harriekin probatu daiteke. Udane Ostolaza sar zitekeen, agian besteren bat... Eskuragarriagoa bada, emakume gehiago anima daitezke». Txalogarria da txapeldun berriaren jarrera, harri handiagoak helburu izanik ez baitzaio komeni txapelketako lanak leuntzea. «Garrantzitsuena jende gehiago erakartzea da, harriaren etorkizuna ziurtatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.