Kaieren garrantzi erabatekoa

Realak eta Osasunak urteko lehenbiziko derbia jokatuko dute gaur, Anoetan. Talde txuri-urdinak sailkapeneko goiko postuetarako lehian segitu nahi du. Gorritxoak, berriz, zulotik urrundu nahi du

Realak eta Osasunak aurreko denboraldian Anoetan jokatutako derbia. Bana berdindu zuten. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Sailkapenak ez du zalantzarako tarterik uzten: orain arte egindakoei erreparatuz gero, Reala da gaur Osasunaren aurka jokatuko duen partida irabazteko hautagai nagusia. Donostiarrak lehendabiziko postuetan dira sasoia hasi zenetik, eta azken postuak utzi ezinik iruindarrak.

Neurketak badu beste aldagai bat, ordea: derbia da. Bi taldeek ondo ezagutzen dute elkar, eta bateko nahiz besteko jokalariek ondo dakite zeintzuk diren arerioaren indarguneak eta ahulguneak. Sailkapenak eman dezake partidaren nondik norakoen inguruko pistaren bat, baina ez bakarra; bestearekiko duten ezagutza kontuan, entrenatzaileen kaierek zeresan handia izango dute gaur. Sailkapenak baino handiagoa, seguruenera.

Imanol Alguacilek eta Jagoba Arrasatek ondo ezagutzen dute elkar. Haien taldeak nor baino nor gehiago ariko dira 17. jardunaldian, eta ezagutza horren garrantziaz mintzatu zen atzo Arrasate, prentsaren aurreko agerraldian: «Badugu elkarren berri. Iaz partida dezente jokatu genituen. Bat aukeratzekotan, azkenengoa hautatuko nuke. Ondo aritu ginen Anoetan, eta irabazteko aukera ere izan genuen».

Orduan gertatutakoak (1-1) badu gaurkoaren trazarik. Pandemiak behartutako etenaren ondotik jokatutako lehendabiziko partida izan zen, eta Reala Txapeldunen Ligan sartzeko lehian zen oraindik. Osasunak puntu bat urratu zuen Anoetan, eta, bestelako egoera batean bazegoen ere, erakutsi zuen balantzak zelaian egiten duela alde batera edo bestera, eta ez handik kanpo.

Halakoxe ustea du Imanolek ere. Gipuzkoarren prestatzaileak ere uste du gorritxoek gorago egon beharko luketela: «Presioari dagokionez oso talde oldarkorra da. Gai da 90 minutuz aurkaria bere zelaian estutzeko, eta asko gerturatzen da kontrarioaren areara. Puntuak eskuratzea kosta egin zaio, baina ondo lehiatzen da. Eskuratu dituen baino puntu gehiago merezi ditu».

Arrasatek ere badu Realaren jokatzeko moduaren berri, atzo ageriko utzi zuenez: «Posizioko jokoan ekimena izan ohi du, eta hor estutu egin behar ditugu, eroso egon ez daitezen. Gero, erasoan min egin behar diegu, eta ezustean harrapatu. Aurkariaren zelai zatian aritzea komeni da, bestela ez baitugu izango albiste onik».

Hutsune esanguratsuak

Bi taldeek zenbait jokalariren hutsunea izango dute zelaian. Realak joan zen ostegunean izandako jokalari denak prest ditu, baina David Silva, Aritz Elustondo, Adnan Januzaj eta Joseba Zaldua ez dira ariko. Aldiz, Arrasaterentzat esangura handiko jokalariak diren Oier Sanjurjok eta Darko Brasanacek ez dute Donostiara bidaiatuko, ezta Ruben Martinez atezainak ere.Hutsuneak hutsune, Imanol eta Arrasate ez dira arerioez fio: «Iaz baino talde osoagoa du Realak», esan zuen Berriatukoak. Imanolek, berriz, hau esan zuen: «Osasuna asko gerturatzen da aurkariaren areara». Elkar zelatatzearen ondorioak dira.

REALA-OSASUNA
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Monreal; Merino, Guridi, Zubimendi; Portu, Willian Jose eta Oiartzabal.
Osasuna. SergioHerrera; Roncaglia, Aridane, David Garcia, Iñigo Perez; Moncayola, Roberto Torres, Barja; Calleri, Budimir eta Enric Gallego.
Epailea. Pizarro Gomez.
Lekua. Anoeta.
Ordua. 18:30ean (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.